erredukzio
- 1. Kim.
Konposatu batek oxigenoa galtzea edo hidrogenoa hartzea; zentzu zabalean, atomo edo ioi batek elektroiak hartzea. Oxidazioaren alderantzizko erreakzioa da, eta harekin batera gertatzen da beti.
- 2. Med.
Lokatu edo hautsitako hezurra dagokion tokira ekartzea.
- 1. Kim.
- Konposatu batek oxigenoa galtzea edo hidrogenoa hartzea; zentzu zabalean, atomo edo ioi batek elektroiak hartzea. Oxidazioaren alderantzizko erreakzioa da, eta harekin batera gertatzen da beti.
Erredukzioa Edit
Egilea: Nestor Etxebarria
Erredukzio-erreakzioan, konposatu kimikoak elektroiak onartzen ditu. Horrelako erreakzioa gertatzeko, nahitaezkoa da elektroi horiek askatzeko gaitasuna duen beste konposatu bat disoluzioan egotea aldi berean. Beraz, konposatu bat erreduzitzen da, bestea oxidatzen da, eta bien konbinazioari erredox erreakzio deritzo. Erreduzitzeko joera duten konposatuak erreduzikorrak dira, hots, elektroiak onartzeko joera dute eta beste konposatuak oxidatzen dituzte. Aldiz, elektroiak askatzeko joera dutenak konposatu erreduzitzaileak dira (hau da, erreduktore deritze) , eta beste konposatuek elektroiak hartzea eragiten dute, erreduzitu egiten dituzte, alegia.
Elementu kimikoak erreduzitzen direnean, elektroiak onartzen dituztenean, beren oxidazio-maila txikitu egiten da. Adibidez, Fe3+ erreduzitzen denean, Fe2+ eratzen da, eta berriro erreduzitzean, egoera metalikora (Fe0) pasatzen da, hots, oxidazio-maila 2ra eta 0ra aldatu egiten da. Hala, Fe3+/Fe2+ erredox-bikote bat da; Fe2+/Fe0, beste bikote bat, eta hirurek, Fe3+/Fe2+/Fe0, erredox-sistema osatzen dute.
Konposatu kimikoen ahalmen erreduktorea neurtzeko erredukzio-potentzial estandarrak (E°) erabil daitezke. Erredox-bikote bakoitzeko balio hori taulatuta dago; zenbat eta handiagoa izan, konposatu hori oxidatzaileagoa dela esan daiteke (adibidez, KMnO4 eta K2Cr2O7 oxidatzaile sendoen E°-ak oso altuak dira), eta zenbat eta txikiagoa izan, konposatua erreduktoreagoa dela esan daiteke. Disoluzioan erredox-bikotearen konposatu biak baldin badaude, horien kontzentrazioaren eta bikotearen E°-aren arabera, disoluzioaren potentziala aldatu egin daiteke. Balio hori Nernsten ekuazioaren bidez kalkula daiteke. Adibidez, Fe3+ /Fe2+ bikotearen kasuan, 25 °C-an, honela:
Halere, disoluzio bati dagokion potentziala ezin da zuzenean neurtu, bi disoluzioren arteko potentzial-diferentziak neurtu behar baitira. Hala, erredukzio-potentzial estandarrak erreferentzia berdinarekiko neurtuta daude konparagarriak izateko. Tauletan eman ohi diren balioak erreferentziazko hidrogeno-elektrodoarekiko neurtuta daude.