errausketa
- 1. Teknol.
Hondakin solidoak tenperatura handiko errekuntza kontrolatuaren bidez materia geldo eta gas bihurtzeko tratamendu termikoa, hondakin solido (zepa eta errautsak) eta gaseosoak (errekuntza-gasak) sortzen dituena.
- en incineration
- es incineración
- fr incinération
- 1. Teknol.
- Hondakin solidoak tenperatura handiko errekuntza kontrolatuaren bidez materia geldo eta gas bihurtzeko tratamendu termikoa, hondakin solido (zepa eta errautsak) eta gaseosoak (errekuntza-gasak) sortzen dituena.
Errausketa Edit
Egilea: Maider Etxaide
Errausketa hondakinak tenperatura altuan erretzean datzan tratamendu-sistema bat da. Metodo honen bidez, hondakinak oxigeno-soberakina dagoen ingurunean eta era kontrolatuan erretzen dira; hala, zaborrak bero, gas eta hondar-errauts solido bihurtzen dira. Pirolisia eta gasifikazioa bero bidezko beste bi tratamendu-mota dira. Sistema horien eta errausketa konbentzionalaren arteko bereizgarria da hondakinen konbertsio termikoa egiteko oxigeno-maila desberdina erabiltzen dutela.
Errausketa hala eskala txikian nola handian, industrian esaterako, erabilgarria den sistema da. Arriskutsuak diren hainbat hondakin, hala nola ospitaleetako hondakin biologikoak eliminatzeko metodo praktikotzat aitortzen dute askok. Dena den, toki askotan gai honek polemika handia sortzen du, errausketak igortzen dituen gai kutsatzaile gaseosoak direla eta.
Errausketa konbentzionalaren oinarrizko prozesua
Errausteko instalazioek hondakinak gordetzeko biltegi bat dute, hondakin-kantitatearen fluxua erregulatzeko. Prozesuak materiala behar duen heinean, garabi baten bidez hondakinak errauskailuaren ahoan kokatzen dira. Errauskailuak hiru atal ditu: parrilla, errekuntza nagusiko ganbera eta bigarren errekuntzako ganbera. Zaborrak parrillan jartzen dira, eta, parrillan zehar, azpitik gora, errekuntzak behar dituen airea eta gainerako erregaia sartzen dira. Hondakinak errekuntza nagusiko ganbera edo labean erre ondoren, errekuntzaren hondarrak gelditzen dira: zepak eta errautsak. Hondar horiek toxikoak dira. Errekuntza-gasak bigarren errekuntzako ganberara igarotzen dira, eta han berriro erretzen dira. Gutxienez, 850 °C-ko tenperatura eduki behar dute gasek bigarren errekuntzako ganberatik ateratzean. Hondakinen kloro-proportzioa % 1 baino handiagoa bada, tenperaturak gutxienez 1.200 °C izan beharko du prozesu horretan dioxina eta furanoen sorrera galarazteko. Gasek gutxienez bi segundoz egon beharko dute errekuntza-ganberan (89/369/EEE Direktiba).
Ondoren, gasak eta partikulak arazketa-sistemara igarotzen dira: han, gasen garbiketa egiten da uraren bidez. Horren ondoren, iragazki batzuetan barrena iragaten da gasa (ikatz aktiboa eta mahuka-iragazkia), eta partikulak iragazkietan harrapatuta gelditzen dira.
Gasak berekin zituen errauts horietan, iragazkietan gelditu diren horietan, dioxinak eta furanoak daude, oso toxikoak biak, eta, gainera, organismoetan metatu egiten direnak. Beraz, errautsak modu egokian kudeatu behar dira, hondakin berezi gisa, eta, tratatu ondoren, hondakindegira bidali behar dira.
Gasen eta uraren artean sortutako azidoak kare edo sodaren bidez neutralizatu behar dira, eta, prozesu horretan, ura eta gatza sortzen dira.
Errekuntzan, 1.100 eta 1.200 °C artean gertatzen den prozesua izanik, hondarrak urtu egiten dira, eta ore antzeko material bat sortzen da. Hondar horiek metal astunen kontzentrazio handiak dituzte. Tenperatura jaistean, orea solidotu egiten da, mineralizazio deritzon prozesuaren bidez. Hondarrok, zahartzeko tratamendu baten ondoren, errepideetako oinarrietan edo eraikuntzan material gisa erabil litezke.
Errausketa-prozesuak hondakinen bolumena eta pisua asko murrizten ditu, % 90 eta % 75, hurrenez hurren. Modu horretara, hondakindegietarako behar den lur-eremua biziki txikiagotzea lortzen da. Gainera, ur beroa eta elektrizitatea lor daitezke, hau da, berreskuratu egin daiteke errekuntzaren energiaren parte bat. Errausketa-instalazio modernoenek, energia eraginkorki berreskuratzeaz gain, emisioen monitorizazio jarraitua baitaratzen duten aire-kutsaduraren kontrol-sistema sofistikatuak erabiltzen dituzte.
Errausketa arrunt erabiltzen da Japonian, lurralde txikiko herria baita. Suediak 1985. urteaz geroztik erabiltzen ditu errausketa bidez energia lortzeko sistemak, eta liderra da arlo horretan. Danimarkak ere, hiri-berokuntzarako beroa eta elektrizitatea ekoizten dituen WtE errausketa-sistema erabiltzen duten planta ugari dauzka.
Bremerhaveneko errauskailua, Alemania