erradiazio ultramore

1. Fis.
4 x 10-7 eta 10-8 m bitarteko uhin-luzera duen erradiazio elektromagnetikoa, espektro elektromagnetikoan argi ikusgaiaren eta X izpien artekoa dena. Ikusezina eta ionizatzailea da (maiztasun-tartea: 750 THz-etik 30 PHz-era).

Erradiazio ultramorea Edit

Egilea: Gotzon Aldabaldetreku, Gaizka Durana

ERRADIAZIO ULTRAMOREA

Erradiazio ultramorea (UV) 400 nm-tik 10 nm-rako tartean kokatuta dago —nahiz eta zenbait agintari eskudunen arabera, behe-muga 2 nm-raino hedatu behar den—. Fisikan, erradiazio ultramorea ohituraz lau azpiataletan banatu izan ohi da: hurbilekoa (400-300 nm), ertaina (300-200 nm), urrutikoa (200-100 nm) eta muturrekoa (100 nm azpitik). Biologian, ostera, hiru azpiatal behatu izan dira: hurbilekoa (400-315 nm), organismoek gutxi xurgatzen dutena; aktinia (315-200 nm), materia organikoak erraz xurgatzen duena, eta, beraz, organismoengan efektu handienak eragiten dituena; eta hutseko UV (200 nm azpitik), substantzia gehienek xurgatzen dutena, airean dagoen oxigenoak barne. Hori dela eta, biologia-esperimentazioan gutxi erabiltzen da. Material biologikoen eta erradiazio ultramorearen arteko elkarrekintzan oinarrituta, hiru azpiatal izendatzen dira: UVA (400-315 nm), argi beltz gisa ere ezaguna; UVB (315-280 nm), erradiazio ultramoreak organismoen gainean eragiten dituen efektu aski ezagunen erantzulea; eta UVC (280-100 nm), Lurraren gainazalera heltzen ez den erradiazio ultramorea.

Erradiazio ultramorea tenperatura altuan dauden gainazalek igortzen dute, esate baterako, Eguzkiak. Kasu horretan, erradiazioaren espektroa jarraitua da. Gasezko deskarga-hodi batean, aldiz, erradiazio ultramorea kitzikapen atomikoaren bitartez sortzen da; kasu horretan, erradiazioaren espektroa diskretua da. Eguzki-argiaren erradiazio ultramore gehiena Lurraren atmosferako oxigenoak xurgatzen du. Oxigeno horrek estratosferako ozono-geruza osatzen du. Lurraren gainazalera heltzen den ultramorearen ehuneko 99 UVA erradiazioa da. Ozono-geruza meheago egitean, ostera, UVB erradiazio gehiago iristen da Lurraren gainazalera, eta organismoengan efektu kaltegarriak izan ditzake.

Giza begiak erradiazio ultramorea detekta ezin dezakeen arren, zenbait material berezitan fluoreszentzia sorrarazten du, hau da, energia baxuagoko erradiazio elektromagnetikoaren igorpena eragiten du, adibidez, erradiazio ikusgaia. Hainbat intsektu erradiazio ultramorea ikusteko gai da.