eroale
- 1. Fis.
- sin. elektrizitate-eroale, eroale elektriko
Bere barneko karga elektrikoei higitzen uzten dien materiala. Material batzuen atomoetako kanpo-elektroiak erraz askatzen dira, nukleoarekiko lotura motela dutelako, eta materialean zehar ia oztoporik gabe higi daitezke. Horrelako materialak eroale onak dira. Halakoak dira metalak, hala nola kobrea eta aluminioa. Solido ez-metaliko gehienetan, ordea, elektroiak ezin dira libre higitu, eta material horiek, beraz, ez dira eroale onak: isolatzaileak dira, hala nola beira, kautxua edo plastikoa. Beste material berezi batzuetan, behar bezain hoztuta daudenean, elektroiak inolako oztoporik higi daitezke; material horiek supereroaleak dira. Azkenik, badira beste material batzuk, hala nola silizioaren, germanioaren eta beste zenbait materialen konbinazio sintetiko batzuk, isolatzaile edo eroale bihurtzen direnak haien gaineko indar elektrikoak edo tenperatura kontrolatuz gero: erdieroaleak dira.