erloju

1. Elektron.
sin. erloju-seinale

Uhin karratuko seinalea, denbora-oinarria ematen duena. Hainbat zirkuitu sinkronizatzeko edo zirkuituen tenporizazioa egiteko erabiltzen da.

2. Inform.

Ordenagailu batean, kuartzozko kristal baten bidez pultsu periodikoak sortu eta PZUra bidaltzen dituen zirkuitu elektronikoa, ordenagailuaren eragiketak sinkronizatzeko eta, komunikazio-sistema batean, bidaltzailearen eta hartzailearen arteko datu-transmisioa sinkronizatzeko erabiltzen dena. Kommutazio-eragiketak erlojua seinalea bidaltzen ari den bitartean gertatzen dira.

3. Teknol.

Denbora neurtzen duen gailua.

3. Teknol.
Denbora neurtzen duen gailua.

Erlojua Edit

Egilea: Elhuyar

ERLOJUA

Milaka urtez, hainbat gailu erabili dira denbora neurtzeko. Egiptoarrek obelisko handiak erabiltzen zituzten eguzkiaren mugimenduei jarraitzeko. Ez ziren oso erabilgarriak lainotutako egunetan eta gauez, eta birkalibratu ere egin behar ziren urtaroaren arabera. Besteak beste, ur-erlojuak, harea-erlojuak eta kandela-erlojuak ere erabiltzen ziren. Asian eta Europan baliatu ziren halako tresnak.

Kontuan hartu behar da Industria Iraultza gertatu zen arte, hots, lan egindako orduen arabera ordaintzen hasi ziren arte, pertsonek ez zutela zer ordu zen jakiteko beharrik. Aintzina, ur-erlojuak helburu astronomiko eta astrologikoetarako erabiltzen ziren, baina, greziarren eta erromatarren garaietan, denbora-tarteak neurtzeko erabiltzen ziren; esaterako, hitzaldi bat emateko denbora mugatzeko, guardien gaueko txandak zehazteko, ekitaldi erlijiosoetan sermoien eta bestelako erritualen denbora neurtzeko eta abar.

Gaur egungo erlojuen zehaztasunik ez bazuten ere, milaka urtez erabili izan dira ur-erlojuak denbora neurtzeko, Europan XVII. mendean pendulu-erlojuak agertu ziren arte, hain zuzen ere.

Hala ere, erlojugintzaren iraultzarik handiena XIII. mendeko Europan gertatu zen. Ur-erlojuetan eta antzeko mekanismoetan erabiltzen zen mugimendu jarraitua oszilatorio bihurtzeak ekarri zuen aldaketa handia. Horrela hasi zen erloju mekanikoaren historia.

Erlojuen funtzionamendua

XIII. mendean, erloju mekanikoa asmatu zenean, denbora neurtzeko metodoak aldatu egin ziren: prozesu jarraituetan oinarrituak izatetik, prozesu oszilatorioetara igaro ziren, edo penduluaren balantzan edo kuartzo-kristalaren bibrazioan oinarritu ziren, esaterako. Gaur egungo erloju guztiek erabiltzen dute oszilazioa.

Oszilazioaren eragileak ezberdinak badira ere, guztiek antzera funtzionatzen dute eta guztiek dituzte atal berak. Mugimendu bera behin eta berriro errepikatzen duten objektua dute, osziladorea, mugimendu errepikatu bakoitza egiten den denbora-tartea berdina izango duena, hots, erlojuaren tik-tak soinua egingo duena. Oszilatzaileari lotuta kontrolagailua dago. Horrek osziladorearen mugimendua konstante izaten laguntzen du, osziladoreak marruskaduraren ondorioz galtzen duen energia osatuz, eta, aldi berean, oszilazioak pultsu bihurtzen ditu. Pultsuak mota bateko edo besteko kontagailuan pilatzen dira, horrek unitate egokitan (orduak, minutuak, segundoak...) adieraz ditzan. Azkenik, informazio hori irakurtzeko moduan jartzen duen adierazle bat izaten dute.

Erloju mekanikoen bilakaera

Orduro kanpai bat jotzen zuten panpina mekanikoak Londresko St. Paul’s katedralean ezarri ziren 1286. urtean, eta XIV. mendean esfera ezarri zitzaion katedraleko erlojuari. 1288. urtean, Londresko Westminster Hall-en erloju-dorrea eraiki zen, eta, 1292. urtean, Canterburyko katedralean ere erlojua ezarri zuten. Frantzian, Rouen oso ezaguna bilakatu zen hango erlojugileei esker. Egungo erlojuen antz gehien duen garai hartako erlojua XIV. mendean eraiki zuen Württemburgeko Henry de Vick erlojugileak Frantziako Charles V.aren jauregiko dorrerako. XVII. mendera arte, erloju mekaniko ia guztiak katedraletako, monasterioetako, abadietako eta herrietako plazetako dorreetan zeuden.

Zintzilik dauden pisuen bidezko lehen erlojuak handiak eta astunak ziren. 1500. urtearen inguruan malguki kiribilduak erabiltzen hasi zirenean, erloju txikiagoak eta pisu gutxiagokoak egiteko aukera agertu zen. Galileoren penduluaren legea aplikatuta, Christiaan Huygensek pendulu-erlojua asmatu zuen 1656. edo 1657. urtean. XVII. mendean etxeetan erabiltzen ziren erlojuak letoizkoak ziren. Zenbait kasutan, apaingarri asko zituzten eta gong kanpai bat gainean, eta guztia marko batez inguratuta egoten zen. Pendulua erabiltzen hasi aurretik, malgukiarekin edo pisuekin funtzionatzen zuten. Pisuen bidez funtzionatzen zuten erlojuentzat apalean egitura berezia ezarri behar zen jausten ziren pisuei eusteko.

Erloju elektrikoak eta bestelakoak

XIX. mendean asmatu ziren erloju elektrikoak, baina 1930. urtera arte ez ziren etxeetan erabili. Erloju analogoetan, maiztasun egonkorreko korronte txandakatua sortzen duen motor elektriko sinkronikoak funtzionarazten ditu erlojuko orratzak. Erloju digitalek LCDak (kristal likidoko pantailak) edo LEDak (argia igortzen duten diodoak) erabiltzen dituzte, ordua adierazten duten zenbakiak eratzeko. 1929an asmatutako kuartzozko erlojuak, berriz, kuartzo-kristalaren bibrazioak erabiltzen ditu motor sinkronikoa erritmo oso zehatzean mugiarazteko. Kuartzozko erloju batzuek segundo baten milarena baino gutxiago galtzen dute eguneko. Erloju atomikoa, berriz, prozesu atomiko edo molekular baten maiztasunean oinarrituta dago, eta are zehatzagoa da. Egungo erloju atomikoek ez dute segundo bakar bat galtzen edo irabazten hogei milioi urtean.