enbrage
- 1. Teknol.
Ardatz batek (ardatz eragileak) beste bati (ardatz eraginari) biraketa-higidura transmititu ahal izateko bi ardatzen artean tartekatzen den mekanismoa, akoplamendua eteteko aukera ematen duena. Marruskadurazko enbragea erabiliz gero, lehen ardatzaren abiadura aldatu gabe eten daiteke akoplamendua. Hala, motorrak lanean jarrai dezake hark birarazten duen makina edo makina-atala geratzen den bitartean edo abiadura aldatzen duen bitartean. Adibidez, ibilgailuetan, abiadura-kaxaren eta motorraren arteko lotura egiteko eta askatzeko erabiltzen da. Enbrageari esker, gidariak automobila gerarazi egin dezake, edo abiadura-aldagailuaren bidez beste abiadura bat jar dezake, nahiz eta motorrak biraka jarraitu. Marruskadurazko enbrageetan, ardatz bakoitzean jarritako disko edo platera da enbragearen osagai nagusia (diskoak izan beharrean, konoak ere izan daitezke). Diskoak aurrez aurre daude. Akoplamendua egiteko, bi diskoak elkarren kontra zanpatzen dira malguki batzuen bidez, eta ardatz eragilearen diskoak biraketa transmititzen dio ardatz eraginaren diskoari. Diskoak elkarren kontra zanpatzeko erabiltzen den eragingailuaren arabera, enbragea mekanikoa, hidraulikoa edo elektrikoa izan daiteke.