eguzki-energia
- 1. Astron./Teknol.
Eguzkiak igorritako uhin elektromagnetikoen erradiazio-energia. Eguzki-energiaz baliatzeko bi modu daude: erradiazio-energia bero-energia bihurtzea edo zuzenean energia elektriko bihurtzea.
- en solar energy, solar power
- es energía solar
- fr énergie solaire
- 1. Astron./Teknol.
- Eguzkiak igorritako uhin elektromagnetikoen erradiazio-energia. Eguzki-energiaz baliatzeko bi modu daude: erradiazio-energia bero-energia bihurtzea edo zuzenean energia elektriko bihurtzea.
Eguzki-energia Edit
Egilea: Elhuyar
Eguzki-energia, biziaren iturria izateaz gain, historiaren hastapenetik gizakiak erabili dituen energia-moten jatorria ere bada. Duela bost mila milioi urtetik hona, Eguzkiak etengabe igorri du erradiazio-energia, eta uste da oraindik bizitzaren erdia ere ez duela bete. Beraz, esan daiteke datozen 6.000 milioi urteetarako bermatuta dagoen energia-iturria dela (energia-iturri).
Eguzki-erradiazioa Lurraren atmosferan sartzean, hainbat elkarrekintza gertatzen dira bai atmosferako gasekin, bai hodeiekin, bai lurraren gainazalarekin berarekin. Horien guztien ondorioz, guregana eguzki-erradiazioaren parte bat bakarrik heltzen da (eguzki-erradiazio). Bi modu dago eguzki-energia hori zuzenean erabiltzeko. Batetik, eguzki-erradiazioa bero-energia bihur daiteke, eta, horretarako, bi sistema daude: eraikinaren beraren osagaiez baliatzen garenean, eguzki-sistema pasiboa dela esan ohi da (arkitektura bioklimatiko); eguzki-sistema aktiboetan, berriz (eguzki-instalazio termiko), fluidoa erabiltzen da eguzki-erradiazioaren beroa xurgatu, metatu eta banatzeko; edo, bestetik, zelula fotovoltaikoen bidez eguzki-energia zuzen-zuzenean energia elektriko bihur daiteke. Bi prozesuok ez dute zerikusirik, ez teknologia aldetik ez eta aplikazio aldetik ere.
Oro har, eguzki-energiak baditu bere aprobetxamenduari begira oso interesgarri diren zenbait ezaugarri. Batetik, doako energia-iturri agorrezina da (gizakiaren denbora-eskalan, behintzat, agorrezintzat jo daiteke). Bestetik, energia-kalitate handia du, eguzki-erradiazioa kontzentratuz gero 3.000 °C-rainoko tenperatura erdiets baitaiteke. Teorian, zentral termiko konbentzionalena baino errendimendu hobea duten ziklo termodinamikoak erabil litezke. Azkenik, poluitzen ez duten bihurketa-sistemak erabiltzeko aukera ematen du.
Alabaina, eguzki-energiak arazo handi bihurtzen diren eragozgarriak ditu. Lehenik, Lurrera ez da jarraituki iristen, gau eta eguneko zein urtaroko zikloen morrontza baitu, eta atmosferaren egoera aldakorraren (hodeiak, lainoa...) menpe ere badago. Bigarrenez, ez dago bere horretan metatzerik, eta beste energia-mota batera (termikoa, elektrikoa) eraldatu beharra dago metatu aurretik. Energia elektriko gisa metatzeko, bateria edo metagailuak erabiltzen dira, eta hauek material poluitzailez osatuak daude. Azkenez, eguzki-energia doakoa bada ere, hura aprobetxatzeko teknologia garestia da oso eta, batez ere eskala handian erabili nahi denean, inbertsio handiak egin behar dira. Nolanahi ere, energia-mota honen garestitasuna erlatiboa da. Gaur egun energia-iturri tradizionalek duten prezioekin alderatuta, garestia da. Hala ere, azken horien benetako prezioa askoz handiagoa izango litzateke ingurumen-inpaktuak (hondakin nuklearren kudeaketa, berotegi-efektuak eta euri azidoak sortzen dituzten kostuaketa abar.) kontuan hartuko balira.