disko

1. Anat.

Ornodunen organismoko zenbait zatik hartzen duten izena. Ornoen artekoa fibrokartilagozko pieza bat da.


2. Astron.

Lurreko behatzaileari astroek erakusten dioten azal lau eta zirkularra.


3. Autom.
sin. enbrage-disko

Enbragearen pieza nagusia, plateren artean doitutako xafla mehez osatua.


4. Inform.
Disko malgua (disketea) eta disko gogorra
Disko malgua (disketea) eta disko gogorra

5. Teknol. Mek.

Zilindro-formako pieza zapala, oinarriaren diametroa zilindroaren altuera baino askoz handiagoa duena.


4. Inform.
Informazioa sistema bitarrez gordetzeko balio duen euskarri zirkular laua.

Diskoa Edit

Egilea: Natxo Martin, Txelo Ruiz, Iratxe Soraluze

DISKOA

Diskoak informazioa metatzeko sistemak dira, eta ordenagailu batean oso garrantzitsuak dira edukiera oso handiko memorien euskarri gisa (memoria). Izan ere, ordenagailuaren memoria-hierarkian, disko gogorra funtsezkoa da. Informazioa alde batetik bestera garraiatu behar denean edo toki ziur batean gorde behar denean, berriz, beste disko-mota batzuk ere erabiltzen dira: disko malguak edo disketeak, CDak eta DVDak eta abar.

Bi teknologia dira gaur egun erabiltzen direnak diskoak fabrikatzeko: disko magnetikoak eta disko optikoak. Teknologia horiek etengabe aldatzen dira, edukiera handiagoak eta erantzun-denbora txikiagoak lortzeko helburuarekin.

Disko magnetikoak

Magnetiza daitekeen gainazala duten disko zirkularrak dira, eta informazioa magnetikoki grabatzen da gainazal horretan (eskuarki, diskoaren bi aldeetan dago gainazal magnetikoa). Euskarria plastiko malgua izan daiteke (disketeak) ala zurruna (disko gogorrak).

grafikoak1

Disko malgua (disketea) eta disko gogorra

Bi kasuetan, informazioa zirkunferentzia zentrokidetan grabatzen da: pistak. Diskoa arku berdinetan zatituta dagoela kontsideratzen da: sektoreak. Hala, pista batek hainbat sektore ditu. Sektorea da, hain zuzen, irakurketa/idazketako unitate fisikoa, eta 512 bytekoa izan ohi da. Horrekin batera, clusterra ere definitzen da: pista bateko hainbat sektorek osatutako multzoa. Disko gogorretan, gainera, disko bat baino gehiago izan ohi da, zentrokideak izaten dira, eta denak batera biratzen dute. Hala, disko guztietako pistek zilindro bat osatzen dute.

grafikoak2

Disko magnetikoa. A: pista/zilindroa; B, C: sektorea; D: clusterra

Disko gogorraren eta prozesadorearen arteko interfazeak

Esan bezala, disko gogorra oso garrantzitsua da ordenagailuaren funtzionamenduan. Hori dela eta, disko gogorra atzitzeko, hainbat konexio-interfaze estandar daude.

  • IDE: bus paraleloa da, 16 bitekoa. Orain dela gutxira arte, gehien erabilitako interfazea izan da, bere kalitate/prezio ratioagatik eta erabilera anitzekoa delako.

  • SATA: datuen transmisioa seriean egiten da, bitez bit, alegia. IDE baino dezente azkarragoa da.

  • SCSI (irakurri “eskasi”): periferikoak, hala nola diskoak, eskanerrak eta inprimagailuak, ordenagailuarekin konektatzeko sortu zen. Denak bus berean konektatzen dira, eta hori ordenagailuaren oinarri-txartelarekin, kontroladore baten bitartez. IDE baino fidagarriagoa da, eta ezaugarri hobeak ditu.

Eskuarki, disko gogorra ordenagailuaren barruan egon ohi da, baina posible da baita ere ordenagailuaren kaxatik kanpo egotea, eta SCSI edo USB konexio baten bidez komunikatzea.

RAID sistemak

RAID (Redundant Array of Independent Disks) sisteman, disko gogor batzuk batera erabiltzen dira, eta datuak beren artean banatu edota errepikatzen dira. Hala, paraleloan funtzionatzen duten disko-multzoa da, baina sistema eragileak disko bakartzat hartzen du multzo osoa. Hainbat abantaila ditu RAID sistemak, disko fisiko bakar batekin alderatuta: abiadura handiagoa lortzen da edota segurtasun handiagoa. Hainbat maila daude, bilatzen den helburuaren arabera.

Disko optikoak

Disko optikoen euskarria polikarbonatozko pieza bat da, eta aluminiozko mintz batez estalita dago. Disko optikoetan informazio digitala (bi digitu bitarrak, alegia) grabatzeko, bi egitura erabiltzen dira: alde batetik, putzu mikroskopiko batzuk (ingelesez, pit) egiten dira; beste aldetik, putzurik ez dagoen tokietan zona lauak geratzen dira (ingelesez, land, lautada). Informazioa kiribil batean grabatzen da, zentrotik kanporantz.

Informazioa irakurtzeko laser izpi bat zuzentzen da diskoaren gainazalerantz, eta, putzuek eta lautadek izpia desberdin islatzen dutenez, horrela bereizten dira bi balio digitalak.

Informatikaren munduan erabiltzen hasi zirenetik, asko ugaldu dira, merkeak eta fidagarriak direlako.

grafikoak3

Disko optikoa

Formatuak

Disko optiko mota batzuk daude, nagusiki CDa (Compact Disc, disko trinkoa edo konpaktua) eta DVDa (Digital Versatil Disc, disko digital balioaniztuna).

Edukiari dagokionez, CDak 650 MB-koak izan ohi dira, eta DVDak 4,7 GB eta 17 GB bitartekoak (12 cm-ko diskoak), hainbat gainazal eta geruza erabiltzen badira.

Transferentzia-abiadurari dagokionez, berriz, hasierako CD baten abiadura 150 kB/s zen. Gaur egun, azkarragoak dira, eta oinarrizko abiadura horren arabera adierazten da; adibidez, CD batean 50x jartzen badu, horrek esan nahi du 50 aldiz azkarragoa dela. DVDen kasuan, berdin adierazten da, baina haien oinarrizko abiadura askoz handiagoa da, 1.350 kB/s, hain zuzen.

CDen artean, mota batzuk daude, hala nola CD-ROM (irakurtzeko bakarrik balio dutenak), CD-R (erabiltzaileak behin bakarrik graba ditzakeenak), CD-RW (behin baino gehiagotan grabatu eta ezabatu egin daitezkeenak). DVDen artean ere hainbat mota daude: DVD-ROM, DVD-R, DVD-R DL (geruza bikoitzekoa), DVD-RW, DVD-RW DL, DVD+R, DVD+RW.

Gaur egun, DVDaren ordezkoa merkaturatzen da: Blu-ray formatua. Formatu horretan, edukiera askoz handiagoa lortzen da (50 GB, geruza bikoitzekoan), teknologia optikoetan izandako hobekuntzei esker.