dinosauro

1. Paleont.

Dinosauria superordenan biltzen diren Saurischia eta Ornitischia ordenetako narrasti fosilen izen generikoa. Mesozoikoko ekosistema kontinentaletan, kate trofikoen goreneko mailak okupatu zituzten 160 milioi urtean, eta oso dibertsitate espezifiko handia eta, askotan, tamaina erraldoia garatu zituzten.

LaÒoko aztarnategiko dinosauro titanosaurido baten tibia (ezkerrean) eta ornoa (eskuinean)
LaÒoko aztarnategiko dinosauro titanosaurido baten tibia (ezkerrean) eta ornoa (eskuinean)

1. Paleont.
Dinosauria superordenan biltzen diren Saurischia eta Ornitischia ordenetako narrasti fosilen izen generikoa. Mesozoikoko ekosistema kontinentaletan, kate trofikoen goreneko mailak okupatu zituzten 160 milioi urtean, eta oso dibertsitate espezifiko handia eta, askotan, tamaina erraldoia garatu zituzten.

Dinosauroa Edit

Egilea: Estibaliz Apellaniz, Xabier Orue-Etxebarria

DINOSAUROA

Dinosauro hitza Richard Owenek erabili zuen lehenengoz 1842an narrasti erraldoi suntsituak izendatzeko. Ezagutzen diren dinosauro guztiak arkosauru-arbaso beretik sortuak dira, eta, horregatik, talde taxonomiko monofiletikoa (arbaso bakar batetik eratorritako ondorengo guztiak biltzen dituena) osatzen dutela esaten da, Dinosauria superordena, hain zuzen ere. Horren ondorioz, zenbait ezaugarri komun dituzte denek (sinapomorfiak):

  • Garezur diapsidoa (bi zulo-pare buruaren hezur tenporalen aldeetan).

  • Aurreko hanketako laugarren eta bosgarren atzaparrak murriztuak dituzte.

  • Atzeko hanketan hiru behatz (narrasti gehienetan lau).

  • Hezur sakro garatua (bizkarrezur aldean, ornoen soldaduraz eraturikoa).

  • Aldakaren artikulazio berezia: femurra pelbisarekin artikulatzen da, kondilo (hezurraren protuberantzia biribildua) baten bidez. Kondilo eta femurraren ardatzak angeluan daude, eta, horri esker, dinosauroen hankak gorputz azpian kokatzen dira, ugaztunetan bezala, eta ez gorputz-adarretatik albo bietara, narrasti gehienetan bezala. Era berean, dinosauroek atzeko hanketako ukondoak gorputzaren atzealderantz eta aurreko hanketakoak aurrealderantz bideraturik dauzkatenez, lokomoziorako abantaila garrantzitsuak azaldu zituzten, eta genero batzuk ibilera bipedo iraunkorrera moldatu ziren.

grafikoak1

Lañoko aztarnategiko dinosauro titanosaurido baten tibia (ezkerrean) eta ornoa (eskuinean)

Dinosauroen ordena bien arteko ezberdintasun nagusia aldakaren egituran datza: Sauriskioetan, eraztun pelbikoa garezur alderantz (aurrealderantz) bideratzen da; Ornitiskioetan, aldiz, isats alderantz (atzerantz).

Hegazti modernoen arbasoak dinosauro teropodoak zirelakoan daude zientzialari gehienak. Horregatik, taxonomia filetikoaren esparruan hegazti modernoak ere Dinosauria superordenan sailkatzen dira.

Dinosauro batzuek tamaina oso handia garatu zuten, sauropodoek batez ere; handienek, Lur planetan garatu den bizitzaren historian beste edozein ornodun-taldek garatu duen tamaina baino askoz handiagoa. Baina erraldoi horiek okupatzen zituzten ekosistemetan, baziren oiloaren tamaina zutenak eta txikiagoak ere. Uste da tamaina handikoak herbiboroak eta mugimendu motelekoak zirela. Karniboroen artean, tamaina handia zutenekin batera, baziren espezie txikiak eta bizkorrak ere. Bereziki, tetanuranidoak jotzen dira, gaur egun, dinosaurorik bizkorrenak, horien artean, Tyrannosaurus genero ospetsua.

Dinosauroak Triasikoan agertu ziren Lurrean, orain 230 milioi urte, Permiarraren bukaeran Lurraren ekosistema guztien suntsipen masiboa gertatu eta 20 milioi urte geroago. Lehenak txikiak eta bipedoak ziren, Eoraptor generokoak, besteak beste.

Triasikoan, dibertsifikatuz joan ziren, biotopo ezberdinetara egokituz. Horrela, Jurasikoaren hasieran, metro bat baino gehiagoko luzera zuten ingurune lehorreko animalia guztiak dinosauroak ziren.

Jurasikoan, konifero- eta pteridofito-landareek basotu egin zuten ingurune lehorra. Paisaia berri horren babesean, hasieran aipatutako dinosauroen bi ordena (Saurischia eta Ornitischia) eta beren baitako subordena nagusien morfologiak finkatu ziren.

Geroago, Kretazeoan, dinosauroak planeta osoan zehar hedatu ziren, ekosistema ekuatorialetatik latitude altuenetakoetaraino; hala, taldearen historian izan den dibertsitate espezifikorik altuena garatu zen. Orain 65 milioi urte, hau da, Kretazeo/Tertziario mugan, Lurrean bizirik zeuden organismoek beste suntsipen masibo bat pairatu zuten, bai itsastarrek, bai eta kontinentalek ere. Kaltetuen suertatu zirenen artean, dinosauroak zeuden; izan ere, suntsipen hori terminala izan zen berentzat, hau da, ordukoak baino gazteagoak diren arroketan ez da berriro azaltzen dinosauroen aztarna fosilik. 80ko hamarkadaren hasieran, Alvarez ikerlari iparamerikarrak eta kideek plazaratu zuten hipotesiaren arabera, une hartan, hamar edo hamabi kilometroko diametroko meteorito batek Lurrarekin talka egin zuen. Horren ondorioz, Lurra hauts-estalki batez inguraturik geratu zen hilabete batzuetan, eta fotosintesia galarazi zuen, eguzki-izpiek ezin baitzuten lurrazaleraino ailegatu. Uste da, aldi berean, garrantzizko tenperatura-aldaketak gertatu zirela, atmosferara nitrogeno-kantitate handiak askatu zirela, eta, hori dela eta, euri azidoak sortu zirela. Kate trofikoetan landareak oinarri direla kontuan hartuz, gorago aipatutakoaren ondorio zuzena da ekosistema guztietan desoreka izugarriak gertatu izana, dinosauro-espezie ororentzat eta beste hainbat organismorentzat ere gaindiezinak suertatu zirenak.

Euskal Herriko lurraldeetan ezagutzen ziren dinosauroekin erlazionatutako fosilak Fiteroko (Nafarroa) hatzak ziren. Oinatz horiek albo-hedapen oso zabala duten arroka sedimentarioetan kokatzen dira, Errioxako ekialdean. Materialok aparteko balioa daukate dinosauroek utzitako hatzetan, bai karniboroei bai herbiboroei dagozkienetan. Errioxako Cameros, Enciso eta Igeako aztarnategiak oso famatuak dira, baina Bizkaiko kostaldeko arroketan, Villano lurmuturretik hurbil ere aurkitu dira dinosauroen oinatzak. Dena den, toki horietan orain arte bildutako hezur-hondarrak oso urriak dira, zeharo desberdinak baitira oinatzek irauteko eta hezurrak fosilizatzeko beharrezko diren baldintzak.

1984. urteko uztailean, EHUko Paleontologian katedraduna den X. Orue-Etxebarriak interes handiko aztarnategia aurkitu zuen Laño herrian (Trebiñuko Konderrian). Aztarnategi horretan, badaude dinosauroen hezur fosilak, ugari gainera. Batetik, hezur fosilen aberastasunagatik eta, bestetik, Kretazeo amaierako arroketan daudelako, aztarnategiaren garrantzia hain da handia, ezen, espezialisten iritziz, Europako interesgarriena baita.

grafikoak2

Lañoko aztarnategia