digestio-aparatu

1. Anat./Zool.
sin. digestio-sistema
Digestio-aparatua
Digestio-aparatua

1. Anat./Zool.
Elikagaien digestioan parte hartzen duten egitura eta organoen multzoa.

DIGESTIO-APARATUA

Digestio-aparatua digestio-prozesua (elikagaiak eraldatzea eta xurgatzea, gorputzeko zelulek erabil ditzaten) ahalbidetzen duen organo-multzoa da (ahoa, faringea, hestegorria, urdaila, heste meharra eta heste lodia).

Horretarako, aipatu diren organoek hurrengo funtzioak betetzen dituzte: garraioa (elikagaiak), jariakinak (digestio-urinak), xurgatzea (mantenugaiak) eta iraizketa gorozkien bidez.

Animalia guztietan digestio-prozesua berdina da: gluzidoak, lipidoak eta proteinak unitate txikitan eraldatu, xurgatuak izan daitezen, eta odolaren bidez garraiatu ahal izateko.

Deskripzioa eta funtzioak

Digestio-aparatua hodi luze bat da, elikagaietako molekula konplexuak, guruin garrantzitsuekin batera, gai sinple bihurtuz eraldatzen dituena, gure organismoak erabili ahal izateko. Gai nutritibo sinple hauek heste meharrean zehar dauden hesteetako biloxkek xurgatzen dituzte. Horrela, odolera pasatzen dira eta gorputzeko zelulak elikatzen dituzte.

Ahotik uzkiraino, digestio-hodiak 11 metroko luzera izan ohi du. Ahoan bertan hasten da digestioa, hortzek elikagaiak txikitu eta listu-guruinetako jariakinarekin busti eta deskonposizio kimikoa hasten denean, hain zuzen ere. Ondoren, elikagaiaren boloa faringetik irentsi eta hestegorritik jarraitzen du, urdailera heltzeko. Urdaila litro eta erdiko muskulu-poltsa da, non haren mukosek urin gastriko indartsu bat jariatzen duten, elikagaiak nahastu ondoren kimo izeneko likido oretsu bihurtzeko. Urdailaren ondoren, digestio-hodiak heste meharrean jarraitzen du. Heste meharrak 7 metro inguru ditu eta oso tolestua egoten da barrunbe abdominalaren erdigunean. Lehen zatian edo duodenoan, guruinetako urinak (behazunekoak eta pankreakoak) jasotzen ditu. Jariakin ugari hauek entzima asko dituzte elikagaien eraldaketarako eta haiek gai disolbagarri sinple bihurtzeko.

Digestio-hodiak heste lodian jarraitzen du. Heste lodiak metro eta erdiko luzera du. Haren azken zatia ondestea da; uzkian amaitzen da eta bertatik gorotzak edo digeritzen zail diren elikagaiak kanporatzen dira.

Digestio-hodiaren egitura

Digestio-hodia beste izen batzuekin ere izendatzen da: digestio-bidea edo traktu gastrointestinala; ahoan hasi eta uzkian bukatzen da. Aurpegian hasten da, lepotik jaisten da eta gorputzaren hiru barrunbe nagusiak zeharkatzen ditu: torazikoa, abdominala eta pelbikoa. Lepoan arnas hodiarekin (trakearekin) erlazionaturik dago; toraxean, atzeko mediastinoan kokatuta dago, biriken artean eta bihotzaren atzean. Abdomenean eta pelbisean, aparatu genitourinarioarekin erlazionaturik dago.

Digestio-hodiak endodermoaren jatorri enbriologikoa du, arnas aparatuak bezalaxe.

Histologikoki lau geruzez osatuta dago, barrutik kanpora honelaxe kokatuak:

  • Mukosa edo barruko geruza: hor daude mukia eta HCl jariatzen duten guruinak, hodi linfatikoak eta nodulu linfatikoak. Geruza horrekin batera barneko geruza muskularra dago edo muscularis mucosae. Mukosa azpiko plexuak eta mienterikoak nerbio-sistema enterikoa osatzen dute (digestio-hodi osoan, hestegorritik uzkiraino, hedaturik dagoena).

  • Mukosa azpikoa edo submukosoa: ehun konjuntibo fibroelastikoz osaturik dagoen geruza da.

  • Kanpoko geruza muskularrak bi geruza ditu: barruko zirkular bat eta kanpoko luzetarako bat. Elikagai-boloa digestio-hoditik pasatzen da mugimendu peristaltikoen laguntzarekin; muskulu-geruza hau da, hain zuzen ere, mugimendu peristaltiko horiez arduratzen dena. Mugimendu peristaltikoak bi motatako zuntzen uzkurdura bateratuen ondorio dira: luzetarako zuntzak eta zuntz zirkularrak.

  • Serosa deiturikoa diafragmaren azpitik peritoneoak osatzen duen laugarren geruza da.

Digestioa

Digestioa metabolismoaren prozesu bat da, non gai batzuk zenbait eraldaketa kimiko eta mekanikoren bidez gorputzarentzat erabilgarri bihurtzen diren. Normalean, elikagaiak txikitu edo xehetu egiten dira, behar bezala xurgatuak izan daitezen.

Digestioak lau fase ditu:

  • Ahoratzea: janaria ahoan jartzea.

  • Digestio mekanikoa eta kimikoa: murtxikapenarekin janaria zatitu eta txikitu egiten da eta, elikadura-boloa eratuta, urdailera abiatzen da. Bidean eransten zaizkion gai kimikoek (azidoek, behazunak, entzimek eta urak) molekula konplexuak egitura sinpletan zatitzen dituzte.

  • Xurgatzea: mantenugaiak digestio-sistematik odol-zirkulaziora pasatzen dira osmosi, difusio edo garraio aktiboaren bidez.

  • Egestioa: digeritzen zail diren elementuak gorputzetik, sabela hustuz, kanporatzea.

Gizakietan hiru fasetan banatzen da digestio-prozesua:

  • Fase zefalikoa. Elikagaiak urdailera heldu aurretik gertatzen da fase hau, eta gorputza janariak ahoratzeko eta digestioa egiteko prestatzen du nolabait. Usaimenak eta ikusmenak garun-kortexa kitzikatzen dute, usaimen- eta dastamen-estimuluak bidaltzen dira hipotalamora eta erraboilera. Erantzuna nerbio bagotik jaisten da.

  • Fase gastrikoa. Fase hau hiru edo lau ordukoa da. Urdailaren betetzeak eta pH alkalinoak erreflexu mienterikoak eragiten dituzte. Gertaera horrek azetilkolina neurotransmisorearen bidez urin gastrikoen jariapena hazarazten du.

  • Hesteetako fasea. Fase honek bi parte ditu, kitzikatzailea eta inhibitzailea. Janari erdi digerituek duodenoa betetzen dute eta betetze honek hesteetako gastrina jariatzea eragiten du.

Giza gorputzak bere egiturak eta funtzioak mantentzen ditu halako energia-sarrera bat duelako, eta ingurumenarekin gai-trukea duelako. Energia hori elikagaietatik datorkio, gehienbat proteinetatik, gantzetatik eta karbohidratoetatik, baita beste mikronutrienteetatik ere (adibidez, bitaminetatik). Digestioa horrela gertatzen da: prozesu batzuen bidez, janaritik osagaiak hartzen dira. Lehenengoz, hartzigarrien eragin txikitzailearen ondorioz, zatitxo kimikotan banatzen dira eta organismoak xurgatu eta bereganatu egiten ditu. Digestioa zuzenean erlazionatuta dago digestio-sistemako organoekin eta beren guruinekin.

Ahoa

Gizakietan digestioa ahoan hasten da janariaren murtxikapenarekin; hor listua jariatzen da (1-1,5 l egunero) hiru listu-guruinetatik: parotida, mihipekoa eta barailapekoa. Janaria txikitu eta nahastu egiten da mingainaren eraginez. Bi listu-mota daude: bata, urtsua, janaria hezetzeko, eta bestea, mukitsua, janaria elikadura-bolo egiteko eta digestio-hodiaren hasieran labaingarri bihurtzeko. Listuak amilasa entzima du, polisakaridoak banatzen dituena. Irenste-prozesua nerbio-sistema zentraleko enbor zefalikoan dauden zubia eta erraboilak kontrolatua dago, eta hasierako borondatezko fase batetik beste fase autonomora pasatzen da.

Hestegorria

Hestegorria muskulu-mintzezko hodia da, faringetik urdailera doana. Hestegorria lepoan hasten da, toraxa zeharkatzen du, eta abdomenean sartzen da, diafragmaren hiato esofagikoaren bidez. Normalean, hestegorriaren paretak itxita daude, eta elikadura-boloa jaistean zabaltzen da. Hestegorriak 25 cm-ko luzera du eta bere egituran muskulu-geruza bi ditu, boloa jaitsi ahala uzkurtu eta erlaxatzen direnak. Hori egitean eratzen diren uhin gisakoei mugimendu peristaltiko deitzen zaie, eta mugimendu horiei esker, janariak digestio-aparatuan barrena bere ibilbidea egiten du.

Urdaila

Urdaila janari-kopuruaren arabera aldatzen den organoa da, eta normalean J itxura du. Hurrengo atalak ditu: fundusa, gorputza, antroa eta piloroa. Urdailaren ertz laburra kurbadura txikia deitzen da, eta beste ertza kurbadura handi. Hestegorriarekin komunikatzen duen irekigunea kardia da eta duodenoarekin duen irekigunea piloroa da. Normalean, 25 cm-ko luzaera du eta 12 cm-ko zeharkako diametroa.

Heste meharra

Heste meharra duodenoan hasten da eta balbula ileozekalean bukatzen da. Luzera aldakorra du, eta lodiera gutxituz doa hasieratik balbularaino. Normalean, 6-7 metroko luzera du. Hiru zati bereizten dira heste meharrean: duodenoa, 25-39 cm-ko luzera duena; jeiunoa edo heste meharraren hasierako zatia, eta urruneko bat, ileon deritzona. Jeiunoaren eta ileonaren arteko muga ez da argia. Heste meharrak bere mukosan tolestura eta biloxka ugari ditu, haren xurgapen-azalera handitzen dutenak.

Heste lodia

Heste lodia balbula ileozekalean hasten da, itsua deitzen zaion zaku-hondo batean, nondik bermiforme apendizea irteten den, eta haren bukaera ondestea da. Bidean mako batzuk egiten ditu, eta heste meharrari marko gisako bat egiten dio. Heste lodiaren luzera aldakorra da, 120-160 cm artekoa izan ohi da; haren lodiera ere ez da beti berdina; gune estuena ondestearen eta sigmoidearen muga da, 3 cm-ko lodiera duena, eta gunerik zabalena hasierako itsua da; hor 6-7 cm-ko lodiera du. Itsuaren ondoren, heste lodia gorantz doa eskumatik, eta atal hori goranzko kolon deitzen da; ondoren, goranzko kolonaren jarraipenari zeharkako kolon deritzo, eta, azkenik, beheranzko kolona ezkerretik jaisten da. Azkenean, kolon sigmoideoa, ondestea eta uzkia daude, pelbisean.

Pankrea

Duodenoarekin erlazionatutako guruina da, hor bukatzen baita haren hodi nagusia, eta hor jariatzen dira, hain zuzen ere, elikagaien digestiorako garrantzi handia duten entzima pankreatikoak.

Gibela

Gibela gorputzeko errairik handiena da, eta 1,5 kg-ko pisua du. Bi lobulu nagusi ditu: ezkerrekoa eta eskuinekoa. Haren iraizpen-bideak behazun-hodiak dira; gibeletik irtetean bi dira (ezkerrekoa eta eskuinekoa) eta berehala bat egiten dute, hodi hepatikoa eratuz. Honi beste hodi bat, hodi zistikoa, lotzen zaio eta hori behazun-xixkutik datorrena da. Bi hodi hauen elkargunean hasten da hodi koledokoa, duodenorantz jaisten dena, eta hortxe amaitzen da hodi pankreatiko nagusiarekin batera. Behazun-xixkua behazunaren bilgunea da eta bertan 50-60 cm3 behazun gordetzen dira, eta digestiorako behar denean jariatu egiten du. Arrautza-itxura du eta 8,10 cm-ko diametroa du.

Gaixotasunak

Digestio-aparatuko gaixotasun garrantzitsuenak: gastritisa, ultzerak, enterokolitisa, hemorragiak, beherakoa eta idorreria.

grafikoak1

Digestio-aparatua

DIGESTIO-APARATUA

Elikadura izeneko egintzak hiru prozesu ditu bere baitan: lehena, janariaren barneraketa, sarritan ahotik egiten den ingestio edo irenstearekin lotuta dagoena; bigarrena, barneratutako janariaren digestioa, eta, ondoren, absortzioa eta asimilazioa datoz; eta, azkenik, digeritu gabeko hondakinen egestio edo egozketa. Digestio-aparatuak eginkizun horiez arduratzen diren gorputzaren atalak biltzen ditu.

Janaria bi modutara barneratzen da: ahoratuz edo irentsiz eta gorputz-azalean zehar zuzenean xurgatuz. Ahoaren irekigunea eta barrunbeak hiru taldetan sailkatu ditzakegun zenbait zereginetarako moldatuta daude: janariaren ingestio sinplea (likido zein solidoa), janari solidoaren xehatzea eta substantzia likidoen xurgatzea. Gainera, bazka barneratzeko molde desberdinek beste hainbat egitura sortu dituzte, ahoarekin batera aritzen direnak: janaria atzitu eta ahoratzen dutenak; korronteak sorraraziz, janaria ahorantz bideratzen dutenak; janaria itsasteko garro likatsuak; janariaren tamaina murriztuz, irents eta digeri daitezkeen kiziak eratzen dituztenak; ahoa janari-iturrian murgiltzen dutenak; digestioaren lehen urratsak egiten dituzten entzimak jariatzen dituzten guruinak; harrapakinak moteldu, hil edo indargetzeko guruin toxikoak; janari likidoak zurrupatzeko hodi zulatzaileak eta abar. Ahoa beti da bakarra; hala ere, belakietan, janariaren sarguneak, ostioloak, ugari dira, eta gorputza hainbat gunetan “zulatzen” dute. Animalia ahobakoak gai dira kanpo-inguruneko elikagaiak zuzenean gorputzaren hormatik barneratzeko, baina normalean animalia txikiak dira, eta ingurune urtsuan edo beste animalien barnean bizi dira.

Ahoa igaro ostean, janaria hestera (zentzu zabalenean erabilita) heltzen da. Hesteak hiru funtzio ditu: garraioa (digestio hitzak “puskaka garraiatzea” esangura du), eraldaketa (kimiko zein fisikoa) eta absortzioa. Garraioa hestearen barne-hormako zelula ziliatuen bitartez gertatzen da metazoo azelomatu eta psedozelomatuetan; gainerakoetan, hesteak garapen nabarmena duenean, hestea gaineztatzen duen muskulatura bikoitzak (longitudinala bata eta zirkularra bestea) hartzen du bere gain janariaren mugimendua. Janaria nahasteko eta hestean aurrera bultzatzeko erabiltzen da aipatutako muskulatura. Janaria kizi txiki eta xurgagarrietan xehatzeko ekintza hesteko zelulen barnean eta zeluletatik kanpo gerta daiteke. Belakietan, digestioa zelula-barnekoa da. Animaliek konplexutasun morfologikoa garatu duten heinean, zelulaz kanpoko digestioaren joera nagusitu da, eta hesteko atal espezializatuak agertu dira. Digestio kimikoa entzimen zeregina da. Zenbait kasutan, hesteetan dauden beste izaki batzuen (bakterio eta onddo) entzimei esker digeritzen dira janari batzuk (landareetako horma zelularreko zelulosa, adibidez).

Animalia gehienen ontogenesian, hestearen aurreko eta atzeko muturrak tegumentu edo gorputz-hormaren inbaginaziotik sortzen dira, eta alde zentrala gorputzaren barnetik sortutako hodia da. Bereizketa horrek garrantzia du hesteko atalek hartzen dituzten izenak ulertzeko: esofago, faringe, urdail eta ondeste modukoek hestearen atalaren jatorriaren arabera hartzen dute izena. Hesteari lotutako guruin eta atal ugarik laguntzen dute digestioan. Animalia-taldeen, eginkizunen eta ezaugarri morfologikoen arabera izen bat edo beste hartu arren, gehienetan antzeko izenak erabiltzen dira. Esaterako, gibela eta area urdail izena hartzen duen eta morfologikoki desberdinduta egon daitekeen hesteko atalean aritzen dira janaria kimikoki digeritzen. Errota, berriz, gorpuzki gogorren bitartez digestio mekanikoan laguntzen duen hestearen atal desberdindua da.

Irentsitako zenbait janari-kizi eta metabolismoko beste zenbait hondakin hesteetan barrena kanporatzen dira. Hestea itsu dutenek (zaku itxurakoa) ahotik kanporatzen dituzte hondakinak, eta hodi itxurakoek, uzkitik. Uzkia animaliaren atzeko amaieran kokatuta dago sarritan, baina beste askotan aurreratu egiten da. Uzkitik atzera geratu den animaliaren atzeko muturrari isats esaten zaio.