deskarga-lanpara

1. Teknol. Elektr.

Gas batean, metal baten lurrunean edo hainbat gas eta lurrunen nahastean korronte elektrikoa igaroaraztean argi egiten duen lanpara. Bi elektrodoren arteko potentzial-diferentziak eraginda, lanpara barruko atomoak ionizatu egiten dira eta, ondorioz, elektroiak eta ioi positiboak eratzen dira, bi elektrodoen arteko korronte elektrikoa sortuz. Hala ere, atomo guztiak ez dira ionizatzen. Elektroi batek jotzen duenean, atomoa disoziatu egiten da eta elektroiak askatzen ditu. Horietako batzuk anodora doan elektroi-fluxuan sartzen dira; beste batzuk, berriz, ioiekin elkartzen dira eta atomo neutroak osatzen dira berriro. Ioiak elektroia harrapatzen duenean, erradiazio-energia igortzen du. Energia hori erradiazio ikusgaia izan daiteke edo, bestela, beste gai bati (hodi fluoreszenteko fosforoari, adibidez) argi eginarazten dion erradiazioa. Gasak isolatzaile direnez, ionizazioa eragiteko adinako potentziala ezarri behar da elektrodoen artean korrontea iragan dadin. Hortik aurrera, ordea, korrontea mantentzeko behar den potentziala txikiagoa da eta tentsioa mugatzeko sistemak ezarri behar dira.