bitamina

1. Biokim.

Organismoak kantitate txikitan hartu behar duen substantzia organikoa. Elikagai askotan agertzen da eta ez du balio energetikorik, baina ezinbestekoa da organismoaren funtzionamendu fisiologiko eta metabolikorako.

1. Biokim.
Organismoak kantitate txikitan hartu behar duen substantzia organikoa. Elikagai askotan agertzen da eta ez du balio energetikorik, baina ezinbestekoa da organismoaren funtzionamendu fisiologiko eta metabolikorako.

Bitamina Edit

Egilea: Olatz Fresnedo

BITAMINA

Bitaminak organismoek sintetizatu ezin dituzten molekula organikoak dira. Ezinbestekoak dira bizidunak normal bizi, hazi, garatu eta ugaltzeko, eta beraz, nahitaezko elikagaiak (esentzialak) dira. Gehienak koentzimak sintetizatzeko erabiltzen dira; horregatik, beharrizanak ez dira handiak izaten, baina bai urritasuna (abitaminosia) eta bai gehiegi hartzea (hiperbitaminosia) kaltegarriak izan daitezke.

Bitaminak disolbagarritasunaren arabera sailkatzen dira: uretan disolbatzen direnak (C bitamina eta B taldekoak) bitamina hidrodisolbagarriak dira, eta disolbatzaile organikoetan disolbatzen direnak (A, D, E eta K), berriz, bitamina lipodisolbagarriak dira.

Ondoren, gizakiarentzat nahitaezkoak diren bitaminen zereginak eta ezaugarri nabari batzuk deskribatuko ditut, laburki.

Bitamina hidrodisolbagarriak

C bitamina edo azido askorbikoa (bereziki, frutetan eta barazkietan). Kolagenoaren sorreran, hidroxilazio-erreakzioen koentzima da. Oxidazio-erredukzio erreakzio batzuetan elektroi-emaile gisa ere jokatzen du. Gabeziaren sindromea eskorbuto izenekoa da (kapilarren ahultasunak eragindako odol-galerak).

B1 bitamina edo tiamina (elikagai askotan dago: aleetan, lekarietan, haragian…). Beraren ondorioz, tiamina pirofosfato (TPP) izeneko eratorria eratzen da gibelean eta garunean. Pirubatoaren eta α-zetoglutaratoaren deskarboxilazio-erreakzioetan parte hartzen duen koentzimatako bat da TPPa. Halaber, pentosa fosfatoen bidean transzetolasak katalizatutako erreakzioetan parte hartzen du. Hipobitaminosiak beriberi izeneko sindromea eragiten du.

B2 bitamina edo erriboflabina (elikagai askotan dago). Flabina mononukleotido (FMN) eta flabina adenina dinukleotido (FAD) koentzimen osagaia da —oxidazio-erredukzio erreakzioetan parte hartzen dute koentzima horiek—. Hipobitaminosiaren eraginak oso inespezifikoak dira; adibidez, dermatitisa.

B3 bitamina edo niazina (elikagai askotan dago). Nikotinamida adenina dinukleotidoaren eta haren eratorri fosforilatuaren (NAD+ eta NADP+) osagaia da; koentzima horiek hainbat oxidazio-erredukzio erreakziotan parte hartzen dute. Urritasunak pelagra izeneko sindromea dakar.

B5 bitamina edo azido pantotenikoa (elikagai guztietan dago). A koentzimaren eta fosfopanteteina koentzimaren osagaia da. Metabolismoan, biomolekula askok A koentzimari lotuta agertu behar dute erreakzioetan substratu gisa jokatzeko. Hipobitaminosia barau hertsiekin soilik ager daiteke, eta beste elikagai esentzial askoren urritasunarekin batera; horregatik, hipobitaminosi honen eragin espezifikoak ezin dira ongi definitu.

B6 bitamina edo piridoxina (elikagai askotan dago). Piridoxal fosfato eratorriak aminoazidoen metabolismoko zenbait erreakziotan jokatzen du koentzima gisa. Gainera, glukogeno fosforilasaren kofaktorea da. Kasu honetan ere hipobitaminosiaren eraginak oso inespezifikoak dira.

Biotina (elikagai askotan dago). Karboxilazio-erreakzioetan koentzima modura jokatzen du. Urritasunaren sintomak inespezifikoak dira (dermatitisa, giharretako asalduak…)

B12 bitamina edo kobalamina (landareetan izan ezik, elikagai askotan dago). Haren koentzima-eratorriek metiloen transferentzietan parte hartzen dute. Hipobitaminosiak anemia perniziosoa dakar.

Azido folikoa (bereziki, barazki berde eta lekarietan dago). Zenbait aldaera koentzimatikok atal monokarbonatuen transferentzietan parte hartzen dute; adibidez, desoxirribonukleotidoen sorreran. Kobalaminarekin batera, bitamina hematopoietikoen taldea osatzen du. Hipobitaminosiaren ezaugarririk nabariena anemia da.

Bitamina lipodisolbagarriak

A bitamina edo erretinola (barazki koloretsuak —probitamina—, arrautzak, esnekiak eta gibela dira iturri aberatsak). Ikusmenaren fenomeno molekularretan parte hartzen du. Epitelio-ehunak egoki mantentzeko ere garrantzitsua da, gene-adierazpenaren kontrolean duen zereginagatik. Bitamina horren gabeziak ikusmenaren asaldurak eta azalaren infekzioekiko ahultasuna eragiten ditu.

D bitamina edo kaltziferola (arrautzetan, esnekietan eta gibelean dago; azalean, UV izpiek ere sorrarazten dute). Sistema hormonalarekin (parathormona eta kaltzitonina) batera, organismoko kaltzio eta fosforoaren homeostasiaren arduraduna da; adibidez, elementu horiek hestean duten xurgapena erregulatzen du. Urritasunak errakitismoa eragiten du haurretan, eta osteomalazia, helduetan.

E bitamina edo tokoferolak (olio begetaletan, arrautzetan, arrainean…). Gizakian duen zeregin ezaguna bakarra antioxidatzaile gisa jokatzea da; hala, peroxidazioen aurrean babesten ditu lipidoak. Urritasunaren eraginak epe luzean bakarrik detekta daitezke eta ez dira espezifikoak.

K bitamina (barazki berdeetan da; hesteko florak ere ekoizten du). Koentzima moduan jokatzen du karboxilazio-erreakzio espezifiko batzuetan, hala nola protronbinarenean. Horregatik, odolaren gatzapenerako ezinbestekoa da eta haren urritasunak odola galtzea eragiten du.