biomedikuntza
- 1. Med.
Osasunaren eta gaixotasunen prozesuak eta mekanismoak ikertzeko zenbait zientzia eta jakintza-arloren ikuspegia eta teknikak biltzen dituen diziplina (biologia zelular eta molekularra, biokimika, genetika, fisiologia, patologia...).
- en biomedicine
- es biomedicina
- fr biomédecine
- 1. Med.
- Osasunaren eta gaixotasunen prozesuak eta mekanismoak ikertzeko zenbait zientzia eta jakintza-arloren ikuspegia eta teknikak biltzen dituen diziplina (biologia zelular eta molekularra, biokimika, genetika, fisiologia, patologia...).
Biomedikuntza Edit
Egilea: Jose Ramon Bilbao
Biomedikuntzak (zientzia biomedikoak) hainbat jakintza-arlotan lortutako aurrerapenak eta ikerketen emaitzak barne hartzen ditu, osasuna eta gaixotasunari buruzko ezagutza handitzeko xedearekin betiere. Eguneroko jarduera klinikoarekin baino lotura handiagoa du ikerketarekin, eta gizakiaren fisiologian funtsezkoak diren prozesu molekular, biokimiko eta zelularrak deskribatu eta ulertzeko helburua du. Biologiarekin eta medikuntzarekin erlazionatutako hainbat diziplinaz gain (biofisika, biokimika, epidemiologia, farmakologia, fisiologia, genetika, histologia, patologia...), beste zientzia huts batzuk (fisika, kimika, matematika) eta teknologiako zenbait eremuren garapenak (informatika, komunikazioak, materialen ingeniaritza...) uztarturik, gizakiaren osasun-arazoei irtenbideak aurkitzea da biomedikuntzaren betekizuna. Luze eta konplexuak diren ikerketa horien azken helburua, osasunarekin eta gaixotasunarekin erlazionaturiko faktoreak (genetikoak eta ingurumenekoak) identifikatzea, eta prebentziorako neurriak zein tratamendu egokiak diseinatzea, garatzea eta eskaintzea litzateke.
Osasunaren arloan aplikazio zuzena izango duen biomedikuntzaren ekarpen praktikoak (tratamendurako farmako berriak edo diagnosirako teknika berriak, adibidez) ibilbide luzearen azken helmuga izaten dira; urtetan zehar burututako ikerketa-egitasmo ugariren emaitza, alegia. Bidea oinarrizko ikerketa biomedikotik abiatzen da; hain zuzen ere, biziaren funtsezko prozesuen eta gaixotasunen mekanismo fisiko, kimiko zein funtzionalak ulertzeko eta ezagutza orokorra zuzentzeko helburua dituen ikerketak dira abiaburua. Maila honetako ikerketa ez dago zuzenduta inolako arazo biomediko zehatzari irtenbidea bilatzera. Gehienetan, laborategian burutzen dira ikerketa-saioak, konputagailu-simulazioak egiten dira; molekulak, zelulak edota animaliak erabiltzen dira. Behaketan, deskribapenean, neurketan eta esperimentazioan oinarritutako ikerketa-maila hau garrantzi handikoa da, etorkizuneko garapenerako zimenduak ezartzen baititu; horretarako, bizitzaren puzzle konplexuaren piezak aurkitu eta ordenatzen ditu. Adibidez, birusen genetika ezagutzeko burututako oinarrizko ikerketak, birusen ugalketa ulertu eta kontrolatzeko ezinbesteko lehen urratsak dira. Oinarrizko ikerketaren lorpenek ikerketa aplikatuari ateak zabaltzen dizkiote. Maila honetan, ikerketa-jarduerek helburu zehatzak dituzte; biomedikuntzaren kasuan, sendagai berriaren garapena, alegia. Oinarrizko ikerketaren bitartez erdietsitako ezagutza arazo biomedikoaren konponbiderako erabiltzen da; saiakuntzak zelula-kulturetan edo animalietan burutzen dira. Lehen aipatutako adibidearekin jarraituta, gaixotasunak sortzen dituzten birusen ugalketa oztopatzeko substantziak (infekzio birikoak sendatzeko farmakoak, alegia) aurkitzeko egitasmoak ikerketa aplikatuaren eremuan sartuko lirateke. Ikerketa biomedikoaren katearen azken mailan ikerketa klinikoa dago. Oinarrizko eta aplikaturiko ikerketaren lorpenak egoera errealean duen portaera aztertu behar da; hau da, nahiz eta laborategiko emaitzak oso baikorrak izan, farmako (edo diagnosi-teknika) berria eraginkorra eta segurua dela frogatu behar da. Gehienetan, ikerketa biomedikoaren fase hau saio kliniko gisa antolatzen da: gaixo-talde batean, tratamendu berriaren eta ordura arte erabiltzen diren sendagaien arteko konparazioak burutzen dira; sendatzeko ahalmena eta eragiten dituzten kontrako efektuak kontrolatzen dira. Azken ikerketa hauen emaitzen arabera, farmako berria erabilgarri bilakatuko da, edo ez. Dena den, laborategira bueltatuko dira biomedikuntzako ikertzaileak, bideari berriro ere ekiteko, aurretik ikasitakoaz baliaturik, gizakiaren osasuna hobetzen segitzeko helburuarekin.