biodibertsitate

1. Ekol.
sin. dibertsitate biologiko

Biziaren barietatearen neurria. Zehazkiago, biodibertsitate genetiko, biodibertsitate espezifiko eta ekosistema-biodibertsitatea bereiz daitezke, bizidunen hiru alde nagusiak aintzat hartuz: geneak, espezieak eta ekosistemak.

1. Ekol.
Biziaren barietatearen neurria. Zehazkiago, biodibertsitate genetiko, biodibertsitate espezifiko eta ekosistema-biodibertsitatea bereiz daitezke, bizidunen hiru alde nagusiak aintzat hartuz: geneak, espezieak eta ekosistemak.

Biodibertsitatea Edit

Egilea: Kepa Altonaga

BIODIBERTSITATEA

Biodibertsitate genetiko deritzo espezie baten barruko geneen aniztasunari. Kontzeptu honek, batzuetan, espezie baten populazio desberdinak besarkatzen ditu (esate baterako, arrozaren milaka barietate tradizionalak Indian), edota, bestetzuetan, populazio baten barruko aldakortasun genetikoa adierazten du (zeina, adibidez, oso handia baita Indiako errinozeroen artean eta oso txikia gepardoen artean). Oraintsu arte, aniztasun genetikoaren neurketak zoo eta jardin botanikoetako espezieetan egiten ziren, baina gero eta usuago egiten dira espezie basatietan ere. Orotara, 109 gene inguru daudela jotzen da.

Espezieen dibertsitatea esatean, lurralde batean bizi diren espezieen aniztasuna ulertzen da. Hori zenbait modutara neur daiteke, eta zientzialariak ez dira ados jarri metodorik onena zein den erabakitzeko orduan. Esate baterako, sarritan erabiltzen den parametroa lurralde bateko espezieen kopurua da, hau da, "espezie-aberastasuna", baina parametro zehatzagotzat jotzen da "dibertsitate taxonomikoa", horrek espezieen arteko kidetasun-maila hartzen baitu kontuan. Adibidez, hegazti-espezie bi eta narrasti bat dituen uharte batek dibertsitate taxonomiko handiagoa edukiko du, narrastirik ez eta hiru txori-espezie dauzkan beste uharte batek baino. Beraz, planeta osoan gainerako espezie guztiak batera hartuta baino kakalardo-espezie gehiago egoteak ez du espezieen dibertsitate taxonomikoa emendatuko, kakalardo guztiak elkarrekin ahaidetuta baitaude. Modu berean, askoz gehiago dira espezie lurtarrak itsastarrak baino, baina, lurrekoen arteko kidetasun-maila estuagoa denez, dibertsitate taxonomikoa handiagoa da itsasoan, espezie gutxiago egon arren. Azken baieztapenak nolabaiteko kontraesana daroa bere baitan eta, hori dela eta, zenbait autorek dibertsitate taxonomikoari disparitate deritzote. Hori onartuz gero, itsasoko biztanleen arteko disparitate apartaz mintza gaitezke, lehorreko dibertsitatea minimizatu barik baina.

Azkenik, ekosistemen dibertsitatea aurreko biak baino zailagoa da neurtzeko, ekosistemen arteko mugak ez baitaude garbi. Hortaz, orain arte egin diren ekosistemen sailkapen globalak oso gutxi gorabeherakoak dira.

Gaur egun, biodibertsitateari buruzko aipamenak ez dira, gehienetan, haren sailkapenaren ingurukoak izaten. Autua, berriz, biodibertsitatearen krisia izan ohi da. Alabaina, elkarri lotutako arazo zabal eta larri bi bereiz ditzakegu krisi horren baitan.

Batetik, biodibertsitatearen ezagutzaren krisia: orain arte denetara 1,5 milioi espezie deskribatu badira ere, Lurreko espezie bizi guztien kopuru erreala zehaztu gabe dago, 10 milioi eta 100 milioi artean dagoela jotzen da. Hau da, horri dagokionez, gure ezjakintasuna ikaragarria da, eta, urteko 13.000 espezie berri deskribatu arren, erritmo horrekin segituz gero mende bi beharko dira, adituen ustez, espezie guztien katalogoa ixteko. Biosfera, hortaz, esploratu gabe dago: Lineoren proiektua abiatu eta berrehun urte geroago, esan daiteke mundu ezezagunean mugitzen garela. Bestalde, izen zientifiko formala jaso duten espezie horietatik guztietatik % 10 baino gutxiago aztertu da azaleko anatomia baino maila sakonago batean.

Bigarrenik, biodibertsitatearen galeraren krisia dugu, alegia, suntsipen masiboaren fenomenoa. Espezie bakoitza, hala balea zein barrengorria edo beste edozein, eboluzio biologikoaren esperimentu bereizi bakar baten emaitza ezin ordeztuzkoa da, baina, zenbait ikerlarik kalkulatu dutenez, urteko eta giza jardueraren ondorioz 27.000 espezie suntsitzen dira (egunero 74, orduko 3), eta haietako asko eta asko zientziarako ezezagunak dira oraindik.

Garbaltzen ari garen oihan tropikalak dira suntsitzeko arriskupean espezie gehien dituzten tokiak. Izan ere, kalkulu batzuen arabera, gure planetako espezie guztien erdiak baino dezente gehiago bizi dira oihan tropikaletan, oihan horien azalera kontinente-lur guztien % 6,3 besterik ez bada ere. Ekologiaren konklusio gotorrenetariko batek erakutsi duenez, habitat konkretu baten azaleraren murrizte esanguratsu batek espezie-kopuruaren murrizte drastikoa ondorioztatuko du gainerako habitatean. “Espezieak/azalera” motako eredu matematiko sinpleak erabiliz, grosso modo kalkulatu ahal da habitataren galerak espezieen aniztasunean eragingo duen inpaktuaren norainokoa. Biodibertsitate tropikalaren arrisku-maila zenbatesteko egindako zenbait saiok hau nabarmendu dute: urtean 180.000 km2-ko galera-tasaz desagertuz doan oihanean, espezie tropikalen gutxienez % 5etik % 10era hilda egongo dira hurrengo 30 urteotan, edota populazio hain txikerretara murriztuko dira, ezen ez baitira berez bideragarriak izango.

Biodibertsitatearen galeraren lehendabiziko kausa zuzena oihan tropikalen suntsitzea bada ere, aferaren sustraiak, zer esanik ez, askoz sakonagoak dira. Batetik, munduko populazioaren hazkunde bizkortu eta desorekatua. Bestalde, baliabideen eskaria gero eta handiagoa da, bereziki herririk aberatsenetan. Hori, izatez, energia-gastuaren gehikuntza da, beti berekin dakarren isurketa kutsatzaileen eta negutegi-gasen gorakadarekin. Aurrekoez gainera, gutxien garaturiko herrien pobrezia lazgarria aipatu behar da, zeinak, zuzenean nahiz zeharka, habitat naturala eta biodibertsitatea deuseztatzea baitakar.

Iraganeko denboretan, giza interferentzia barik espezieak gutxi gorabehera milioi bat urtez bizi izan dira batez beste, erregistro fosilak erakutsi duenez; urteko espezie bat suntsitzen zen milioi bat espezieko. Giza jarduerak suntsitze-abiada hori ikaragarriro azkartu du: orain, 1.000-10.000 aldiz handiagoa da. Begi-bistakoa da historia geologikoan inoiz izan den suntsitze itzelenetariko batean gaudena, baina oraingo honetan kausa ez da naturala.