bideokamera

1. Elektron.

Irudiak seinale elektriko bihurtzeko kamera. Objektiboak hartzen duen irudia seinale elektriko bihurtzen da kameran, eta, modu analogikoan edo digitalean, euskarri batean (zinta magnetikoa, disko trinkoa...) gordetzen da, edo beste norabait bidaltzen da, han, alderantzizko prozesuaren bidez, telebista-pantaila batean erreproduzitzeko bideokamerak hartutako irudia. Lehenengo bideokamerak telebistan baino ez ziren erabiltzen. Gaur egun, telebistarako bideokamera profesionalez gainera, beste aplikazio batzuetan ere erabiltzen dira bideokamerak. Adibidez, bideokamera digital txikiak erabiltzen dira bideo-sistema ez profesionaletan, edo telebista-zirkuitu itxietan, segurtasunerako edo eremu bat kontrolatzeko; bideo-konferentzietan erabiltzeko bideo-kamerak ere badira, web-kamerak; edo ikerketan, robotikan edo astronautikan (sateliteetan) erabiltzen diren bideokamera bereziak, batzuetan argi ez ikusgaia ere baliatzen dutenak (hala nola argi infragorria, gauez ikusteko edo beroaren bidez detektatzeko, edo X izpiak).