belaki

1. Zool.
sin. esponja, porifero

Ehun eta organoetan antolatu gabeko gorputza duen animalia ornogabea. Gorputza poro, kanal eta ganberaz osatua dagoen sistema konplexu batez zeharkaturik dago. Urak daramatzan partikulak iragaziz elikatzen dira. Gehienak itsastarrak dira, eta Porifera filuma osatzen dute.

Australiako kostaldean<span style="font-style:italic"> </span>bizi den <span style="font-style:italic">Xestospongia testudinaria </span>belaki itsastar erraldoia
Australiako kostaldean bizi den Xestospongia testudinaria belaki itsastar erraldoia

1. Zool.
Ehun eta organoetan antolatu gabeko gorputza duen animalia ornogabea. Gorputza poro, kanal eta ganberaz osatua dagoen sistema konplexu batez zeharkaturik dago. Urak daramatzan partikulak iragaziz elikatzen dira. Gehienak itsastarrak dira, eta Porifera filuma osatzen dute.

Belakia Edit

Egilea: Urtzi Goiti

BELAKIA

Belaki edo poriferoak animalia ornogabeak eta urtarrak dira, batez ere itsastarrak. Ez dute mugitzeko gaitasunik, eta substratuari itsatsita bizi dira (sesilak dira, beraz); itsasertzetik hasi eta sakonera abisaletaraino aurki daitezke (8.000 m-tik behera). Belakiak animalia iragazleak dira: ura iragaziz partikula organikoak, hau da, protozoo, bakterio, diatomeo eta planktona, bereganatuz elikatzen dira. Porifera izeneko filuma osatzen dute; hain zuzen, latinezko porus eta ferre hitzetatik eratorritako izen horrek “poroduna” esan nahi du. Tamaina 1 mm-tik metrorainokoa izan daiteke. Anatomikoki, primitiboak, oso animalia sinpleak dira oro har: ez dute barne-organorik, ezta nerbiorik ez muskulurik ere, ez dago soinaren aurrealde ez atzealderik; beste animalia-taldeetan behatzen ez den ur-pasabideen agerpenak filogenetikoki egoera goiztiarrean kokatzen ditu, oraindik ere taldearen sorrera guztiz argi ez dagoen arren. Primitibotasunaren adibide zelulen arteko koordinazio eskasa da, eta funtzio fisiologikoak zelula espezializatu jakinek egiten dituzte:

  • Koanozito deritzen zelulek mikrobiloska izeneko ile-itxurako luzakinak dituzte, eta azken horien bidez iragazten dute belakiek ura.

  • Porozitoak zelula hodikarak dira, eta belakiaren soina osatzen duten poroak egituratzen dituzte.

  • Pinakozitoek belakiaren kanpo-geruza eratzen dute, pinakodermo deritzona, alegia.

  • Miozitoak pinakozito espezializatuak dira: poroen zabalera kontrolatzen dute, eta, ondorioz, uraren fluxua, kanal eta hodietan zehar.

  • Esklerozitoek silizezko espikula karedunak jariatzen dituzte.

  • Espongozitoek kolagenoaren antzeko zuntza jariatzen dute, espongina deritzona, eta soinaren egituraketan erabiltzen dute.

  • Kolenzitoek, bestalde, kolagenoa jariatzen dute, eta hori ere egituratzeko baliatzen dute.

  • Arkeozitoak zelula totipotenteak dira, hau da, aurreko beste edozein zelula bihurtzeko ahalmena dute.

grafikoak1

Australiako kostaldean bizi den Xestospongia testudinaria belaki itsastar erraldoia

Zelulak mesohilo deritzon jelatinazko matrize ez-zelularrean antolatuta daude; itxura eta egituraren arabera, hiru belaki-eredu deskribatzen dira: askonoide, sikonoide eta leukonoideak.

  • Belaki askonoideak tubularrak dira, mutur bat substratuari itsatsita dute, eta bestea oskulu deritzon irekiunea da. Erdialdean sortzen den barrunbea espongozelea da, eta koanozitoz estalia dago. Flageloak izaten dituzte, ur-korronteak eragiten dituztenak, eta, horrela, ura askonoidearen paretetako poroetatik sartzen da espongozelera; hala, soineko hormetan dauden koanozitoek elikagaiak ur-fluxutik bereganatzen dituzte. Askonoideek kolonia adarkatuak eratzen dituzte.

  • Sikonoideek antzeko egitura tubularra dute, baina hormak zabalagoak eta konplexuagoak dira: kanal eta hodi ugari dituzte, eta horiek ere koanizitoz estalita daude; hodi txikienak prosopilo izenaz ezagutzen dira. Haien hazkuntza-zikloan askonoide-itxurako fasea agertzen da.

  • Leukonoideek ez dute espongozelerik. Ganbera flagelodun txiki ugari dituzte, ordea, eta koanozitoz eta ura sartu eta irteteko kanalez horniturik daude.

Belakiak, beraz, iragazi bizidunak dira. Mugiezinak direnez, beren morfologia ur-korronteak sortzeko moldatuta dago; hortaz, ur-bolumen handiak soinetik zehar pasarazi behar dituzte, oinarrizko beharrizan fisiologiko guztiak bete ahal izateko. Arnasketa eta hondakinen eskrezioa difusio soilez gertatzen dira, eta, beraz, animaliaren inguruko uraren berriztapena bermatu behar da.

Bizi-ziklo ez-zuzena dute, hau da, fase larbario askea dute heldu mugiezin bihurtu bitartean. Ugalketa sexuala edo asexuala izan daiteke. Asexuala denean, gemazioz edo birsortzez ugaltzen dira; sexuala denean, aldiz, gametoak arkeozitoetatik eratzen dira. Belakiak hermafroditak dira, hots, gameto arra zein emea ekoitz dezakete; hala ere, hori ez da aldi berean gertatzen, eta, beraz, ez da autoernalketarik izaten.

Poriferoen sinpletasunak hasiera batean landareak zirela pentsaraztera eraman zituen ikerlariak, aipatu ditugun ezaugarri guztiak direla medio. Aitzitik, poriferoek ez dute fotosintesirik egiten, eta haien zeluletako hormetan ez da zelulosarik agertzen —landareen berezko ezaugarria eta premisa, hain zuzen ere—; hortaz, animalia oso primitiboak lirateke. Bestalde, horrek aukera ematen du gainontzeko animalien eboluzioaren hastapenak ulertzeko; izan ere, ustez belaki-antzeko organismo multizelular sinplea litzateke gainontzeko animalien eboluzioaren oinarri eta sorburua.

Belakiak antzinatik erabili izan ditu gizakiak, edo zehatzagoa izatearren, esponginazko eskeletoak. Ezagun denez, gorputza garbitzeko osagarri gisa erabili izan da, bestelako belaki sintetikoak agertu bitartean; nahiz eta sintetikoetan oraindik ere animaliaren itxura mantentzen den.