astronautika

1. Astronaut.

Espazioko nabigazioaren zientzia eta espazio-ontzien diseinu, eraikuntza eta funtzionamenduaz arduratzen diren zientzia eta tekniken multzoa.

<span style="font-style:italic">Soiuz TMA-6</span> espazio-ontziaren jaurtiketa 2005eko apirilean
Soiuz TMA-6 espazio-ontziaren jaurtiketa 2005eko apirilean

1. Astronaut.
Espazioko nabigazioaren zientzia eta espazio-ontzien diseinu, eraikuntza eta funtzionamenduaz arduratzen diren zientzia eta tekniken multzoa.

Astronautika Edit

Egilea: Inaki Irazabalbeitia

ASTRONAUTIKA

Astronautika ingeniaritzaren adar bat da eta, labur esatearren, bidaia espazialen zientzia eta teknologia biltzen ditu. Funtsean, jakintzaren diziplina arteko alor bat osatzen du, eta beste alor batzuetako jakintzatik edaten du, hala nola astronomiatik, fisikatik, matematikatik, kimikatik eta elektronikatik.

Egia esan, astronautikak eta aeronautikak neurri handi batean arazo teknologiko berei aurre egin behar izaten diete, esaterako, atmosferan abiadura handian hegan egitean sortutako beroari. Hortaz, sarritan, bi teknologia horiek bakarra balira bezala tratatzen dira, eta ingeniaritza aeroespaziala terminoa usatzen da bien batura izendatzeko.

Dena dela, astronautikak arazo espezifiko batzuei aurre egin behar die kanpo-espazioaren izaeraren ondorioz, etsenplurako: hutsari, gizakia bizitzeko kondizioak sortzeari edo espazioko erradiazioari.

Astronautikaren historia laburra da, eta, ikuspegi zientifiko-teknologikotik, XX. mendearen hasieran kokatu behar dira hastapenak jakintza autonomo moduan. Jakina, astronautikan funtsezkoak diren oinarri batzuk lehenago ezarri ziren, hala nola Newtonek XVII. mendearen bukaeran emaniko grabitazioaren eta higiduraren legeak. Bestetik, Ilargia, beste planetak eta espazioa bisitatzeko grina aspalditik izan du gizakiak, baina bidaia espaziala literatura mailako amets eta fantasia hutsa izan zen ordura arte.

Konstantin Tsiolkovski eskola-maisu errusiarrak ezarri zituen astronautikaren lehen oinarri zientifikoak 1903an publikatutako Suziria espazio kosmikoan zehar izeneko liburuan. Bertan, suziri bidezko propultsioa gobernatzen duen ekuazio matematikoa deskribatzen du, besteak beste. Ekuazio horrek posible egiten du suziri baten atzen abiadura kalkulatzea kontuan izanik suziriaren masa, propultsatzailearen masa eta propultsatzailearen gasen irteera-abiadura.

grafikoak1

Soiuz TMA-6 espazio-ontziaren jaurtiketa 2005eko apirilean (iturria: NASA)

1920ko hamarkadan, astronautikak bulkada handia izan zuen bereziki Hermann Oberthek Alemanian eta Robert Goddardek Amerikako Estatu Batuetan eginiko lanari esker. Hamarkada horretan pasa zen astronautika alor teorikotik praktikora, erregai likidozko lehen suziriak jaurti baitziren. Alabaina, suziri bidezko propultsioaren bulkada erabakigarria Bigarren Mundu Gerran jazo zen, alemaniarrek V-2 misilak garatu eta erabili zituztenean. Peenemunde izeneko konplexu militar-zientifikoan, non diseinatu eta eraiki baitziren V-2 misilak, lan egin zuten eta trebatu ziren gerora Amerikako Estatu Batuetako eta SESBeko espazio-esploraziorako programetan pisu handia izango zuten zientzialari eta ingeniari anitz, esaterako, Apolo ontziak espazioratzeko usatu zen Saturno V suziriaren diseinatzailea, Wernher von Braun.

1950eko hamarkadaren amaieran, bereziki, sobietarrek Sputnik, Lurraren lehen satelite artifiziala, jaurti ondoren, astronautikaren garapena asko azkartu zen, eta, neurri batean, Gerra Hotzaren testuinguruan, bi potentzia nagusien lehiarako eremu bilakatu zen.

Astronautikaren beraren baitan, espezialitate-alor adierazgarriak daude. Horien artean, hauek aipa daitezke:

  • Astrodinamikak edo mekanika orbitalak suzirien eta bestelako espazio-ontzien higidura aztertzen du, horretarako Newtonen higiduraren legeak eta grabitazio unibertsalaren legeak erabiltzen dira.

  • Propultsio-ingeniaritzak suziriak jaurtitzeko eta espazio-ontzien orbitak aldatzeko teknologia garatu eta lantzen ditu.

  • Espazio-ontzien diseinua. Sistema-ingeniaritza da oinarrian, eta misioa osatzen duten elementu eta azpisistema guztien integrazioaz eta koordinazioaz arduratzen da.

  • Kontrola, hots, espazio-ontzia orbita edo ibilbide egokian eta orientazio egokian iraunarazteko sistema(k).

  • Bizirauteko sistemak, alegia, eskifaia duten misioetan astronauten biziraupena eta bizitza-kalitatea ziurtatzeko sistemen diseinua.