asteroide

1. Astron.

Eguzki-sisteman, gehienbat Marte eta Jupiterren artean gerriko-modukoa osatuz zabaldurik dauden gorputz txikietako bakoitza.

(243) Ida asteroidea eta bere satelitea den Dactyl, 1993ko abuztuan <span style="font-style:italic">Galileo</span> espazio-ontzitik harturiko argazkian
(243) Ida asteroidea eta bere satelitea den Dactyl, 1993ko abuztuan Galileo espazio-ontzitik harturiko argazkian

1. Astron.
Eguzki-sisteman, gehienbat Marte eta Jupiterren artean gerriko-modukoa osatuz zabaldurik dauden gorputz txikietako bakoitza.

Asteroidea Edit

Egilea: Iñigo Arregi

ASTEROIDEA

Asteroideak Eguzkiaren inguruan orbita eliptikoak deskribatuz bira egiten duten gorputz txikiak dira, harriz, karbonoz eta metalez osaturikoak. Izena grekozko asteroides (αστεροειδηζ) hitzetik dator, eta “izar-itxurakoa” esan nahi du. Asteroideen jatorria eguzki-sistema osatu zenean Eguzkia, planetak eta sateliteak eratutakoan sobera geratu zen materiala da. Handienak harri borobilduak dira, txikienek, berriz, forma irregularragoak dituzte. Asteroide batzuek beren satelite propioak ere izan ditzakete (ikusi irudia). Ezagutzen diren asteroideetatik 200 inguruk 100 km baino gehiagoko diametroa dute. Bestalde, horiek baino txikiagoak diren 10.000 asteroide baino gehiago daude katalogatuta eta izena emanda. Eguzki-sisteman, ehunka mila asteroide egon daitezke. Hala ere, asteroide guztien masaren batura Ilargiaren masaren % 5 besterik ez da. Asteroide berri bat aurkitzen denean, sei karakterez osaturiko behin-behineko izena ematen zaio. Karaktere horiek aurkikuntzaren urtea, hilabetearen hamabostaldia eta hamabostaldi horretako aurkikuntza-zenbakia identifikatzen dute. Ezaugarri orbitalak ondo ezagutzen direnean, izen iragankor bat ematen zaio eta, gehienetan, aurkitzaileak bere gustuko izena jar diezaioke.

grafikoak1

(243) Ida asteroidea eta bere satelitea den Dactyl, 1993ko abuztuan Galileo espazio-ontzitik harturiko argazkian (iturria: NASA/JPL)

Asteroide handienak, (1) Ceres izenekoak, 1.000 kilometro inguruko diametroa du. Giuseppe Piazzi (1746-1826) astronomo siziliarrak aurkitu zuen 1801ean, ustez Marteren eta Jupiterren artean zegoen planeta baten bila zebilenean. XIX. mendea aurrera joan ahala, horrelako hainbat gorputz aurkitu ziren. Gaur egun, hilero aurkitzen da asteroide berriren bat. 2006ko abuztuan IAU (International Astronomical Union) erakundeak landutako eguzki-sistemako gorputzen antolamendu berriaren arabera, asteroideak gorputz txikien taldean sailkatuta daude. Ceres, berriz, planeta nanoen taldean sartu zuen IAU erakundeak Plutonekin batera.

Eguzki-sistemako asteroideen kokapena ez da ausazkoa (ikusi irudia). Gehienak Marteren eta Jupiterren artean daude, eta gerriko-modukoa osatzen dute. Eguzkitik 1,8-4,0 UA arteko distantziara daude, batez besteko 2,9 UA-ko orbita erdiorekatuetan. Gerriko izenak nahasi egin gaitzake, gerrikoaren barnean hutsezko gune nabarmenak baitaude; asteroideen arteko batez besteko distantzia 100.000 kilometro ingurukoa da. Asteroide horiek eguzki-sistema osatu zenean Jupiterren eragin grabitatorio bortitzaren eraginez guztiz eratu ez omen zen planeta baten hondarrak izango lirateke.

grafikoak2

Eguzki-sistemako asteroide-multzo garrantzitsuenen banaketa (iturria: NASA)

Marteren eta Jupiterren orbiten artean ez ezik, beste leku batzuetan ere aurki ditzakegu asteroideak, besteak beste, hauek:

  • Lurraren inguruko asteroideak (Near-Earth Asteroids, NEA). Gure planetatik hurbil mugitzen dira, Eguzkitik 1 UA-ra. Beren perihelioa (Eguzkitiko distantziarik txikiena) 1,3 UA ingurukoa edo txikiagoa da. Hiru talde hauetan sailkatzen dira, orbiten erdi-ardatz handienaren eta perihelioaren distantziaren arabera: Aten, Apollo eta Amor. Lehenengo bi taldeetako asteroideak Lurraren orbita gurutza dezakete. Azken taldekoek, berriz, Marteren orbita gurutzatzen dute.

  • Asteroide troiarrak. Bi multzo osatzen dituzte: grekoak eta troiarrak. Jupiterren orbita berean daude, planeta erraldoiarengandik 60 gradu aurretik eta atzetik, Jupiterrekin talka egin gabe orekan mantendu daitezkeen Lagrangeren puntuetan.

  • Asteroide zentauroak. Eguzki-sistemaren kanpoaldean daude, planeta erraldoien artean. Zientzialari askoren ustean, kometak edo Kuiperren Gerrikoko objektuak dira eta ez asteroideak. Beren orbitak hain kanpoaldean daudenez, ez daukate aukerarik eguzki-sistemaren barnealdera erori eta kometek duten aktibitatea izateko.

Asteroideak konposizioaren eta albedoaren (jasotzen duen argitik islatzen duen portzentajea) arabera ere sailkatzen dira. Horrela, C, D, S, eta M deritzen taldeak ditugu. Asteroide gehienak (% 75) C taldekoak dira: karbonozko kondrita beltzak dira eta, astronomoen ustean, eguzki-sistemako gorputz zaharrenetarikoak izango lirateke. D motakoek karbonozko kantitate handiak dituzte, eta Jupiterren periodo-erdia duen orbitan daude. S motako asteroideak aurrekoak baino distiratsuagoak dira, eta metalez (silizioz) konposatuta daude bereziki. Azkenik, M motako asteroideak nikelezkoak eta burdinazkoak dira, besteak baino arraroagoak eta denetan distiratsuenak.

Esan bezala, hainbat asteroideen orbitek Lurrarena gurutzatzen dute, eta, beraz, gurekin talka egiteko probabilitatea ez da baztergarria. NEA taldeko asteroideek eta hainbat kometek NEO (Near Earth Objects) deritzon multzoa osatzen dute. Gugandik 0,05 UA-ra (7 milioi kilometro ingurura) hurbiltzen badira, PHA gisa (Potential Hazardous Asteroids, arriskutsuak izan daitezkeen asteroideak) katalogatzen dira. Horien orbitak sistematikoki ikertzen dira momentu oro. Hala ere, astronomoen kalkuluen arabera, Lurrarekin talka egiteko probabilitatea oso txikia da, batez beste, 300.000 urtetik behin gertatzen baita hori.