anelido

1. Zool.

Animalia zelomatua, gorputz bermiformekoa, aldebiko simetriaduna eta metamerikoa. Arnasketa kutaneo edo brankiala dute, eta zirkulazio-sistema itxia da. Hermafroditak edo unisexualak dira. Bere barnean lur-zizarea eta beste hainbat zizare biltzen dituen Annelida filuma osatzen dute.

1. Zool.
Animalia zelomatua, gorputz bermiformekoa, aldebiko simetriaduna eta metamerikoa. Arnasketa kutaneo edo brankiala dute, eta zirkulazio-sistema itxia da. Hermafroditak edo unisexualak dira. Bere barnean lur-zizarea eta beste hainbat zizare biltzen dituen Annelida filuma osatzen dute.

Anelidoak Edit

Egilea: Ana Puente

ANELIDOAK

Anelidoen taldeak (Annelida filumak) zizare segmentatuak biltzen ditu, eta 16.500 espezie bizi inguru besarkatzen. Tradizionalki, hiru klasetan sailkatu dira, hots, poliketoak, oligoketoak eta hirudineoak. Poliketoen taldea da espezie gehien duena, eta itsas zizare izenaz ezagutzen dira; oligoketoen taldeak lur-zizareak besarkatzen ditu, eta hirudineoenak, izainak.

Anelido txikienak poliketo interstizialak dira, milimetro-hamarren batzuetakoak; handienek 3 m-ko luzera eduki dezakete, adibidez, Hego hemisferioko lur-zizare batzuek eta hainbat poliketo itsastarrek. Ingurune guztiak kolonizatu dituzte arrakastaz, bereziki habitat itsastarrak. Espezie gehienak bizimodu askekoak dira, baina badaude hainbat espezie bizkarroi, mutualista eta komentsal ere.

Anelidoak animalia metamerikoak dira, eta, izatez, gorputz segmentatua da beren ezaugarri nagusia. Segmentu guztiak elkarren antzekoak direnez, metameria homonomoa dute. Kanpoaldetik, metameria edo segmentazioa eraztunetan edo lakain zirkularretan islatzen da. Gorputzeko segmentuen aurrean, burua bereizten da, prostomio eta peristomio izeneko atalez osatua, eta, atzealdean, pigidioa. Barne-organoek ere paraera metamerikoa dute, eta segmentuak zeharkako hormen edo trenkaden bidez bereizita daude. Bestetik, animalia zelomatuak dira, eta bilateralki simetrikoak.

Aipaturikoez gainera, anelidoek badauzkate bestelako berezitasun batzuk: digestio-hodia osoa da, eta hainbat alde diferentziaturik ditu; zirkulazio-aparatua itxia da, eta gerta daiteke arnas pigmentuak edukitzea; ondo garatutako eskailera-itxurako nerbio-sistema dute, gongoil zerebroide dortsalak eta nerbio-kordoi gongoildun bentralak osatua; eskreziorako metanefridioak dituzte espezie gehienek; gasen trukea, tegumentuan, brankia edo podioetako zabalguneetan gertatzen da. Bestetik, eta kanpo-morfologiari dagokiola, aipatu behar da gorputz-hormatik luzatzen diren hari-itxurako kitinazko zetak dituztela anelidoek (hirudineoek izan ezik), segmentuetan pareka kokatuta.

Ugalketa eta bizi-zikloari dagokiela, bi eredu beha daitezke anelidoen artean: batetik, poliketoena, eta, bestetik, oligoketo eta hirudineoena. Bi eredu horiekin erlazionaturik, aipatzekoa da azken bi talde horiek batera sailkatu dituztela aditu batzuek, hots, klitelatuen taldean; horretarako, oligoketoek eta hirudineoek dituzten hainbat antzekotasun morfologiko eta biologiko hartu dituzte kontuan, poliketoen taldetik bereizten dituztenak, alegia. Ugalketa eta bizi-ziklora bueltatuz, poliketo gehienak sexuz bereiziak dira, ugaltze-egiturak nahiko sinpleak eta iragankorrak dituzte, eta bizi-zikloan zehar trokofora deritzon larba primarioa agertzen da. Ostera, bai oligoketoak eta bai hirudineoak ere, hermafroditikoak dira, eta oso ugaltze-egitura konplexuak dituzte, iraunkorrak direnak. Horretaz gain, bizi-ziklo zuzena dute, hau da, larbarik gabe, eta gazteak zibot baten barruan garatzen dira. Zibota eratzeko, lur-zizareek eta izainek duten klitelo izeneko egitura tipikoak hartzen du parte.