aluminio

1. Kim.

Zenbaki atomikoa 13 duen elementu kimikoa. Metal zurixka, arin, distiratsu, harikor eta xaflakorra; erraz oxidatzen da, baina airean ez da herdoiltzen. Industrian oso erabilia (aeronautika, automobilgintza eta abarretan).

Aluminioa
Aluminioa

1. Kim.
Zenbaki atomikoa 13 duen elementu kimikoa. Metal zurixka, arin, distiratsu, harikor eta xaflakorra; erraz oxidatzen da, baina airean ez da herdoiltzen. Industrian oso erabilia (aeronautika, automobilgintza eta abarretan).

Aluminioa Edit

Egilea: Jose Maria Rodriguez Ibabe

ALUMINIOA

Zenbaki atomikoa 13 eta pisu atomikoa 26,98 g/mol duen elementu kimikoa da (Al). Lurraren gainazalaren % 7,3 aluminioz osatua da; hortaz, kantitateari dagokionez, hirugarren elementua da.

Aluminioaren erabilera komertziala XIX. mendearen bukaeran hasi zen, eta II. Mundu Gerra ondoren, metal erabiliena da altzairuaren atzetik. Aluminioa ekoizteko, bi bide erabiltzen dira, bata, mineraletik hasita (aluminio primarioa) eta, bestea, txatarretik (birziklatutako aluminioa). Birziklatzeari dagokionez, aluminioa ekoizteko behar den energia mineraletik lortutakoa baino % 95 gutxiago da. Ondorioz, azken bide horri gero eta garrantzi handiagoa eman zaio, munduko ekoizpenaren ia heren bat birziklapenari esker lortu arte.

grafikoak1

Eraikuntzaren arloan, aluminioa gero eta gehiago erabiltzen da

Aluminio mineral garrantzitsuena bauxita da. Bauxitatik alumina lortzen da, Bayer prozedura jarraituz, eta, ondoren, aluminatik aluminio metalikoa lortzen da, bide elektrolitikoa erabiliz. Azken pauso horretan energia elektrikoaren kontsumoa oso handia denez, aluminio primarioaren ekoizleak energia merkea den guneetan kokatuz joan dira, energia hidraulikoa dagoen herrietan nagusiki.

Aluminioa bigunegia denez, nagusiki aleazio gisa erabiltzen da industrian. Erabileraren eta behar diren propietateen arabera, hainbat aleazio-mota garatu dira. Aleazio-elementuen artean, hauek aipa daitezke: Cu, Si, Zn, Mg eta Mn. Propietate egokiak lortzeko, konformazioaren ondoren, zenbait kasutan aluminio-aleazioak termikoki tratatzen dira. Orokorrean, bi multzo nagusi daude: lehenengoa, ijezketa eta forjaketarako egokiak direnak; eta, bigarrena, galdaketan erabiltzen direnak bereziki. Multzo bakoitzean azpitaldeak daude.

Aluminioaren ezaugarri nagusietarikoa dentsitatea baxua da (2,70 g/cm3, altzairuaren herena). Ondorioz, aluminio-aleazioek —arinak izateagatik ezagun direnak— garraio-arloan, aeronautikatik automobilgintzaraino, aurkitu dute erabilera osoaren laurdena. Garraioan energia-kontsumoa jaisteko dagoen beharrari erantzuteko, aluminio-aleazioak erantzun egokitzat jo dira. Hala ere, oraindik arinagoak diren aleazio berrien lehiari aurre egin beharko diote datozen urteotan. Horien artean, garatzen ari diren magnesio-aleazioak aipatu behar dira.

Aluminioaren beste laurden bat lata eta poteetan erabiltzen da, kimikoki inertea eta metalurgikoki oso egonkorra delako. Erresistentzia/pisua erlazio egokia, korrosioarekiko portaera ona eta konformazio erraza duelako, ekoizpenaren % 20k eraikuntzan du aplikazioa. Horrez gain, zenbait aplikazioetan elektrizitate-eroale gisa aprobetxatzen da.

grafikoak2

Aleazio arinen artean kokatzen denez, aluminioari garraio-arloan aurkitu zaio aplikazio nagusia