alelo
- 1. Genet.
- sin. alelomorfo
Gene-pare bateko edo gene-serie bateko kidea, kromosoma jakin batean leku jakin bat betetzen duena.
- en allele, allelomorph
- es alelo, alelomorfo
- fr allèle, allélomorphe
- 1. Genet.
- Gene-pare bateko edo gene-serie bateko kidea, kromosoma jakin batean leku jakin bat betetzen duena.
Aleloa Edit
Egilea: Andone Estonba
Gene jakin baten forma posibleetako bat litzateke aleloa. Alelomorfo hitzaren kontrakzioa da, segregazio mendelianoak erakusten duen unitatearen forma posibleetako bat izendatzeko erabili ohi den terminoa. Alelo berriak aurretik existitzen direnetatik sortzen dira, mutazioaren bidez. Era honetan ekoizten den aleloen dibertsitatea da aldakuntza heredagarriaren eta eboluzioaren oinarria. Gene jakin bateko alelo desberdinek determinatuko dute gene horrek zuzentzen duen ezaugarri hereditario espezifikoa zein mailatan adierazi edo espresatuko den. Ezaugarria era normalean adieraztea eragiten duen alelo jakinari alelo basati esaten zaio. Alelo basatiaren mutazioek alelo mutatuak sortuko dituzte; horien eraginez, organismoaren garapena maiz kaltetua izango da alelo basatiarekiko.
Oro har hitz eginda, alelo batek kokapen finko bat, hots, locus bat, izango du kromosoman. Goi-mailako organismoen gorputz-zeluletan, gizakiarenak barne hartuta, kromosomak bikoteka daude (kromosoma homologoak), eta beraz gene bakoitzeko bi kopia edo alelo daude; sexu-kromosomak salbuespena dira. Organismook, eta beren zelula somatikoek, aleloen eduki diploidea daramatela esaten da. Indibiduo diploidea homozigotoa dela esaten da alelo bera bi aldiz baldin badauka, edo heterozigotoa bi alelo desberdin duen kasuan. Demagun A eta a gene jakin bati dagokion alelo-parea dela; orduan A/A eta a/a dira homozigoto posible biren osaketa genetikoa edo genotipoa; A/a, aldiz, heterozigotoaren genotipoa da. Maiz, A/a indibiduoen itxura edo fenotipoa, A/A indibiduoen antzekoa da. Kasu horietan, esaten da A dela alelo dominantea eta a alelo errezesiboa. Sexu-kromosomen kasuan, sexu batek (arrak goi-mailako animalietan, hegaztiak kenduta) X kromosoma bakarra dauka, eta Y-k X-ren ia gene guztiak falta ditu. Beraz, arrak X kromosomari loturiko gene gehienak dosi bakarrean daramatza, eta X kromosoman daraman aleloekiko hemizigotoa dela esaten da. Honen ondorioz, arrak alelo errezesibo bat heredatzen baldin badu X kromosoman, hala nola daltonismoa sorrarazten duena, daltonismoa adieraziko du, ez baitu eritasuna konpentsatu dezakeen alelo basatirik bere Y kromosoman.
Indibiduo diploidez osotutako populazio batean, gene jakin baterako bi alelo baino gehiago egon ahal dira. Alelo guztien multzoari alelo-serie anizkoitza esaten zaio. Geneak ehunka, baita milaka ere, nukleotido dituzten lerro-formako sekuentziak direnez, eta kontuan izanik alelo berriak nukleotido bakarraren ordezpenaz sor daitezkeela, gene jakin baterako populazioan aurki daitekeen alelo-kopuru potentziala izugarri handia da.