aleazio

1. Kim./Metal.

Bi elementu kimikoz edo gehiagoz osatutako nahaste homogeneoa, osagaietako bat metala izaten duena. Oro har, bi metal edo gehiago urtuz lortzen da, eta metalen propietateak hobetzeko egiten da, adibidez, gogortasuna, erresistentzia, arintasuna edo iraunkortasuna areagotzeko. Hedaduraz, polimeroen nahaste solidoei ere esaten zaie aleazio.

1. Kim./Metal.
Bi elementu kimikoz edo gehiagoz osatutako nahaste homogeneoa, osagaietako bat metala izaten duena. Oro har, bi metal edo gehiago urtuz lortzen da, eta metalen propietateak hobetzeko egiten da, adibidez, gogortasuna, erresistentzia, arintasuna edo iraunkortasuna areagotzeko. Hedaduraz, polimeroen nahaste solidoei ere esaten zaie aleazio.

Aleazioa Edit

Egilea: Jose Maria Rodriguez Ibabe

ALEAZIOA

Aleazioak bere osagai metalikoek baino propietate egokiagoak dituztelako erabiltzen dira. Erresistentzia mekanikoa, korrosioarekiko portaera eta soldagarritasuna dira propietate horien adibide batzuk. Beste kasu batzuetan, ikuspuntu ekonomikoaren aldetik abantailak dituztelako garatzen dira aleazioak.

Aleazioak egiteko prozedurarik arruntena egoera likidoan dagoen metal bati beste elementuak gehitzea eta, ondoren, hoztea da, normalean molde bat erabiliz (lingotontziak, isurketa jarraia…). Kasu horietan, erabil daitekeen osagai-kopuru maximoa faseen oreka-diagramen bidez definitua dago. Hala ere, egoera likidotik hozketa oso azkar aplikatzen bada, oreka-diagramatik kanpo dauden beste aleazio batzuk lor daitezke. Horri esker, aleazio berriak sortu dira. Solidotze azkarra lortu behar denez, tamaina txikiko osagaiak izaten dira normalean (adibidez, hauts-metalurgiarako partikulak edota solidotze azkarraren bidezko zinta meheak).

Aleazioen urtze-puntua haren osagai diren metal hutsena baino txikiagoa da beti. Bestalde, solidotzea ez da tenperatura jakin batean izaten, metal puruekin gertatzen den bezala, tarte batean baizik.

Aplikazio teknologiko gehienetan, aleazioak osagai anitzez osatuta daude, eta elementu bakoitzak funtzio berezia du. Gaur egun, aleazio erabiliena altzairua da. Kasu horretan, karbonoaz gain, Mn, Si, Al, Ni, Cr, Mo, V, Ti, Nb eta beste elementu batzuk ere izan daitezke osagarri. Aleazio-kantitatea oso txikia izaten denean, % 0,1 baino gutxiago, altzairua mikroaleatua dagoela esaten da. Bestalde, aleazioa osatzeko gehitzen den elementu-kantitatea oso handia izan daiteke (esaterako, % 20 Cr, zenbait altzairu herdoilgaitzetan). Elementu horien edukien arabera, aleazioaren prezioa nabarmenki aldatzen da.