aldagai

1. Mat.

Zenbait zenbakizko balio har ditzakeen ikur edo gaia, gehienetan letra baten bidez adierazten dena. Zehaztu gabeko zenbakizko balioak adierazteko edo problemaren ezezaguna adierazteko adierazpen matematikoetan agertzen dira aldagaiak; beraz, zenbait balio izan ditzakete, konstanteek ez bezala, konstanteek balio finkoa baitute.

1. Mat.
Zenbait zenbakizko balio har ditzakeen ikur edo gaia, gehienetan letra baten bidez adierazten dena. Zehaztu gabeko zenbakizko balioak adierazteko edo problemaren ezezaguna adierazteko adierazpen matematikoetan agertzen dira aldagaiak; beraz, zenbait balio izan ditzakete, konstanteek ez bezala, konstanteek balio finkoa baitute.

Aldagaia Edit

Egilea: Montse Maritxalar

ALDAGAIA

Aldagaiak adierazpen matematikoetan erabili ohi dira, edozein motatako balio ezezagunen tokiak ordezkatzeko. Ekuazio matematikoetan maiz erabiltzen da x sinboloa aldagaia adierazteko. Problema konkretu bati dagokion ekuazioa ebaztea ekuazioaren aldagaiei dagozkien balioak aurkitzean datza. Informatika arloan, berriz, aldagai kontzeptua bestelakoa da, antzekoa dirudien arren. Matematiketan, aldagaiak denborarekiko independente dira; programazioan, ordea, aldagai batek balio desberdinak izan ditzake une desberdinetan. Azken finean, aldagai batek balio bat gorde dezakeen memoriako toki bati egiten dio erreferentzia. Eta aldagaiaren eta balioaren arteko lotura sortzeari esleipen edo asignazio deritzo. Beraz, erreferentziaren (aldagaia) eta balioaren arteko lotura da benetan denboran zehar aldagarria. Gehienetan, aldagaia erazagutzen denean, aldagai horrek zer balio-mota lor dezakeen ere definitzen da.

Memoriako tokiei erreferentzia egiten dieten aldagaien identifikadoreak karaktere alfanumerikoz osatzen dira. Identifikadore bakoitzaren esparruak identifikadorea programa-kodearen zein tokitan erabil daitekeen definitzen du, hau da, non den ikusgai. Programa baten analisi lexikoak zehaztu dezake ea aldagaiak beren esparrutik kanpo erabiltzen ari diren. Aipatutako analisia konpilazio garaian egin daiteke era estatikoan. Hortaz, esparrua kontzeptu estatikoa da. Aldagaiaren bizitza-denbora, berriz, dinamikoa da. Bizitza-denbora exekuzio-denborari dagokio; hain zuzen ere, aldagaiak memoriako posizio berari erreferentzia egiten dion denbora da. Gerta liteke, beraz, aldagai baten balioa “hiltzea” edo, eta, hala ere, ondoren programak balio hori erabili ahal izatea aldagaia bere esparruan egoteagatik. Era berean, kasu batzuetan aldagaiaren bizitza-denbora esparrutik kanpo mantentzen da; esaterako, C programazio-lengoaiaren aldagai estatikoen kasuan.

Hala eta guztiz ere, programazio-estilo egokitzat ematen da aldagaien esparrua ahal den mugatuena definitzen denean. Estilo horretan, programaren zati bakoitzak ez du aukerarik izaten beste zatien aldagaiak aldatzeko. Programa-zati edo azpiprograma bakoitzak bere erazagupen-eremuan definitutako aldagai lokalak, eta ez besterik, erabiltzen ditu programazio-estilo mugatuan. Aldagai globalen erabilera, berriz, gaitzetsi egiten da, aldagai globalak azpiprogramaren erazagupen-atal propiotik kanpo definitutako aldagaiak baitira. Hala, azpiprogramen arteko komunikazioa parametroen bitartez bakarrik gauzatzen da. Parametroak komunikaziorako aldagaiak dira, balioak eman eta emaitzak jasotzeko erabiltzen direnak hain zuzen. Azpiprogramaren parametro formal eta aldagai lokalen esparrua azpiprogramak berak mugatzen du. Azpiprogramari deia egiten zaionean, parametro formal eta aldagai lokalentzako tokia erreserbatzen da askotan, eta behin azpiprogramaren exekuzioa bukatuta memoriako toki hori liberatu egiten da berrerabilgarria izan dadin. Beste batzuetan, berriz, parametro formalek deia egitean erabilitako uneko parametroei egiten diete erreferentzia zuzenean, parametro formalentzako toki berria erreserbatu gabe. Horretaz gain, badira aldagaiak (parametroak izan ala ez) zeinen tamaina aldez aurretik ez dagoen aurreikusterik. Kasu hauetan exekuzioa aurrera joan ahala tokia erreserbatzen denez, aldagaiek, balioari erreferentzia egin beharrean, balio horren memoriako posizioari egiten diote erreferentzia. Erreserba dinamiko horretan, erabilitako memoria dagoeneko beharrezko ez denean, memoriako toki hori libera daiteke. Hori automatikoki egiten dute programazio-lengoaia batzuek, hala nola Lisp eta Java.

Aldagaiei dagokienez, aipagarria da programazio-lengoaia batzuek eskaintzen duten polimorfismoa. Ezaugarri horri esker, aldagaiek gorde dezaketen informazio-mota alda daiteke unetik unera. Esaterako, zerrenda baten luzera kalkulatzeko azpiprograma inplementatu nahi badugu, ez dugu zertan jakin zerrendaren osagaiak zer motatakoak diren. Azpiprograma erabiltzen den bakoitzean, berriz, zerrendak gordetzen dituen osagaiak zer motatakoak diren zehaztuko du programatzaileak. Common Lisp programazio-lengoaiaren kasuan, datu-mota zehaztu gabe duten aldagaiak erabil daitezke T izeneko datu-mota unibertsalaren bitartez.

Esan dezagun, azkenik, programazio-lengoaia gehienek konstanteak erabiltzeko aukera ematen dutela. Konstanteek ere memoriako toki bati egiten diote erreferentzia, baina posizio horretan behin balioa esleituz gero ez dago berriro aldatzerik. Programazio funtzionalaren kasuan, datu guztiak konstanteak izaten dira, esleipenik ez baita gertatzen programazio-mota horretan.