abelazkuntza

1. Abel.
sin. abeltzaintza

Abereak hazteko eta ustiatzeko jardueren eta tekniken multzoa.

Behiak ganadutegian belar ondua jaten
Behiak ganadutegian belar ondua jaten

2. Abel.
sin. abeltzaintza

Abeltzainaren bizibidea, abereak zaintzeko lanbidea edo jardunbidea.


1. Abel.
Abereak hazteko eta ustiatzeko jardueren eta tekniken multzoa.

Abeltzaintza Edit

Egilea: Jose Antonio Mendizabal

ABELTZAINTZA

Abeltzaintza Neolitoan sortu zen, gizakia animaliak hezten hasi zen aroan, alegia (duela 10 mila urte gutxi gorabehera). Ordudanik, animalien hazkuntzak elikagai-mordoa eskaini dio gizakiari (besteak beste, esnea, haragia, arrautzak eta eztia), berokiak egiteko lehengaiak eman dizkio (artilea, larrua, zeta), nekazaritza-lanetarako lan-iturri eta garraiobide izan da (zaldi-azienda bereziki) eta aisialdirako eta kiroletarako ere erabili da (zaldi-lasterketak, zaldi-jauziak eta zezen-ikuskizunak, esate baterako). Beraz, garrantzi handiko jarduera da abeltzaintza maila ekonomikoan eta sozialean.

Bilakaera historikoa

Etxekotutako lehen animaliak txakurrak izan ziren (duela 12.000 urte inguru); ondoren, ardiak (duela 11.000 urte), txerriak eta ahuntzak (duela 9.000 urte), behiak (duela 8.500 urte), oiloak (duela 7.000 urte), eta, azkenik, zaldiak (duela 3.000 urte). Garai hartako zibilizazioak artzain-taldeak ziren, eta batetik bestera mugitzen ziren animalia-talde txikiekin, larre hobeen bila. Hurrengo zibilizazioek hainbat aurrerapen egin zituzten abeltzaintzaren bilakaeran. Persiarrentzat, zaldiak hartu zuen garrantzi handia garraiobide gisa; egiptoarrentzat, aldiz, abelgorriak, esne- eta haragi-ekoizle gisa. Greziarrak eta erromatarrak zientzia-hastapenak ezartzen hasi ziren azienda-hazkuntzan. Erromatarrek ardi-aziendaren hazkuntza garatu zuten, eta artilea eta gazta egiteko esnea produzitzen hasi ziren. Hori guztia abeltzaintzari buruz idatzitako hainbat tratatutan jaso zuten. Adierazgarria da, baita ere, abelgorria izendatzeko erabiltzen zen erromatar hitzetik (pecus, ris) eratorria dela dirua izendatzeko erabiltzen zuten hitza (pecunia). Erromatarren zibilizazioan, abereek hartu zuten garrantzi ekonomikoa adierazten du horrek. Ondorio berera iritsiko ginateke euskarazko abere eta aberats hitzak alderatuz gero.

Erdi Aroan abeltzaintzaren aurrerapena ez zen oso esanguratsua izan, eta arabiarren bidez eta sortzen ari ziren erlijio-ordenen eskutik etorri zen. XVIII. mendera arte itxaron behar izan zen abeltzaintzak aurrerapen nabarmena izan zezan. Aurrerapen hori abeltzain ingelesen eskutik iritsi zen, horiek hasi baitziren haragitarako, esnetarako edo lanerako geroz eta arraza espezializatuagoak (abelgorriena, bereziki) lortzeko hautespen-metodoak erabiltzen. Horrekin batera, abere-lehiaketa eta -erakusketak hedatzen hasi ziren, hobekuntza genetikoa lortzeko bide gisa. Ildo horretatik, Euskal Herriko diputazioak Espainian aitzindariak izan ziren XIX. mendean. Orduan sortutakoak dira Erandioko Nekazaritza Etxe Eredua (1852), Arkauteko Etxalde Eredua (1853) eta Tolosako Jurramendiko Laborantzako Etxe Eredua (1857), herrialdeko abeltzaintzaren hobekuntza helburu zutela betiere. Beste gertaera garrantzitsu batzuk ere aipatzekoak dira: 1850etik aurrera antolatu ziren ganadu-lehiaketak (Lazkaon egin zen lehendabizikoa) eta arraza pirenaikoaren liburu genealogikoen (herd book) eraketa (Espainian egin zen lehenengoa).

XX. mendearen lehen erdian, Mendelen legeak ezartzen hasi ziren hobekuntza genetikoan, ugalketa-teknikak (intseminazio artifiziala) garatu ziren, aurrerapauso nabarmenak eman ziren elikagaien balorazioan eta errazionamenduan, eguneroko jarduera asko automatizatu zen (abereak jeztea, esaterako), botikak eta txertoak egin zituzten eta abar. XX. mendearen bukaeran eta hirugarren milurteko honen hasieran, herrialde garatuetako abeltzaintzak teknologia berriak bereganatu ditu, eta jezteko robotak, animalien identifikatze elektronikoa, klonazioa edota animalia transgenikoen lorpena hasi dira hedatzen, besteak beste.

Oinarrizko printzipioak

Abeltzaintza funtsezko printzipio hauetan oinarritzen da: genetika, elikadura, ugalketa, higiene eta osasuna eta ekonomia. Azkenaldian, animalien ongizatea eta ingurugiroarekiko begirunea ere horien artean sartu dira.

  • Genetika: hautespen- eta genetika-hobekuntzarako programek abere-populazioaren balio genetiko gehigarria belaunaldiz belaunaldi hobetzea dute helburu. Horretarako, produkzio-indize onenak izateaz gain, gaitasun hori ondorengoei transmititzeko aproposak diren ugaltze-espezieak aukeratzen dira.

  • Elikadura: animaliek irensten dituzten elikagaien bidez asetzen dituzte beharrak, kontuan izanik beti nolakoa den haien hazkuntza-etapa, nolakoa den haien egoera fisiologikoa (ernaldia, edoskitzaroa…) eta zer produkzio-mota ematen duen (esnea, haragia…). Beraz, elikagaien kantitatea eta kalitatea animaliek momentu oro dituzten beharrei egokitzen ahalegindu behar da.

grafikoak1

Behiak ganadutegian belar ondua jaten (iturria: Sergis Blog)

  • Ugalketa: abere-jardueraren helburu nagusietako bat da animalien ugaltze-gaitasunaz ahalik eta gehien baliatuz produkzioa hobetzea. Horretarako, hainbat teknologia garatu dira, bai arren eta bai emeen ugaltze-gaitasunak maximizatzeko. Arrei dagokienez, intseminazio artifizialak aukera eman du balio genetiko handiko animalien ondorengo-mordoa lortzeko, eta, gainera, hazia izoztuta munduko bazter guztietara zabaltzeko. Emeei dagokienez, berriz, enbrioi-transferentziak emeen balio genetikoaren aprobetxamendu handiagoa ahalbidetzen du, intseminazio artifizialak baino era mugatuagoan bada ere. Gaur egun, in vitro ernalketa, klonazioa, transgenesia, haziaren sexatzea eta gisako teknikak garatzen ari dira, nahiz eta horien ezarpena oraindik ez den ekonomikoki bideragarria merkataritza-ustiategietan.

  • Osasuna, higienea eta ongizatea: higiene- eta profilaxi-ohitura onek abereei eragin diezaieketen patologia-prozesuak saihestuko dituzte, neurri handi batean. Beraz, oso gomendagarriak dira ustiategietako biosegurtasuna hobetzen, txertaketa-programak ezartzen, parasitoak hiltzen eta antzeko arloetan egiten diren ahaleginak. Halaber, azken urteotan animalien ongizatea ziurtatzearren ezartzen ari diren arautegiak kalitate handiagoko produkzioak ekarriko ditu.

  • Ekonomia: beste edozein ekonomia-jarduerak bezala, abeltzainaren helburua da ahalik eta ekonomia-etekin handiena lortzea. Beraz, funtsezkoa da ustiapenean kudeaketa tekniko-ekonomiko egokia egitea. Ekonomia-ekitaldiaren emaitzak hobetzeko faktore garrantzitsuak dira egin beharreko inbertsioen balorazio zehatza izatea, lor daitezkeen diru-laguntza, mailegu eta gainerako laguntzen berri izatea eta lortutako produktuak ahalik eta hobekien merkaturatzea.

Hausnarkari-produkzioa

Hausnarkariak, digestio-aparatu bereziari esker, gizakiok elikatzeko ezin aprobetxa ditzakegun larre eta landareez balia daitezke, haien digestio-aparatuak zuntz eta zelulosa metaboliza baititzakete. Hori dela eta, elikagaia lortzeko orduan, ez dira gizakion lehiakide. Talde honetan, bereziki abelgorriak eta ardi- eta ahuntz-aziendak hartzen dira kontuan, nahiz eta munduko hainbat lekutan garrantzitsuak diren gamelu-familiakoak (llamak, alpakak…), orein-aziendak eta beste batzuk ere.

Hausnarkarien produkzio-sistema ohikoena estentsiboa izan da, larre eta beste bazka-landareen ustiapenean oinarritua. Hala eta guztiz ere, abere-ekoizpena areagotzeak oinarrizko printzipio hori aldatu du askotan. Horrela, lurralde garatuetan behi-esnearen produkzioak geroz eta intentsiboagoa izateko joera du, eta, hori dela medio, behien elikaduraren proportzio handia pentsu eta elikagai kontzentratuek osatzen dute. Halaber, lortutako espezializazio-mailak Holstein-Friesian arrazak edo behi frisiarrak beste esne-behi arraza guztiak baztertzea ekarri du. Azken urteotan, gainera, robot-erabilera zabaltzen ari da abere-jeztean. Gaur egun, lurralde garatuetan ohikoak dira urtean 8.000 edo 10.000 litro produzitzen dituzten esne-behi taldeak.

Esne-behien ekoizpenarekin alderatuta, behikiaren produkzioan, arraza gehiago daude (txarolesa, Limousin, Hereford eta Angus arrazak, piriniotarra izeneko euskal arraza autoktonoa...) eta ustiapen-sistemak estentsiboagoak dira, nahiz eta pentsu eta lasto bidez txekorrak gizentzeko instalazioak ugarituz joan diren.

Ardi- eta ahuntz-aziendari dagokionez, bilakaera ez da hain nabarmena izan, produkzioak lurrari lotuagoak baitaude. Oro har, produkzio-mota horiek bazkaleku kaxkarrenetan daude edota sarbide txarrenak dituzten lekuetan; hori dela eta, garrantzi handia hartu du landa-eremuaren mantenuan eta baztertutako bazka-baliabideen ustiapenean. Azpimarratzekoa da, halaber, zenbait zonatan garrantzi handia eman zaiola ardi-aziendaren ekoizpen-kalitateari. Hala, jatorri-deitura ugari sortu dira arkume eta gaztarentzat (Idiazabal, Erronkari, Roquefort, adibidez), eta horrek bideragarri egin du lurrari lotutako ekoizpen-eredua. Horrek ez du esan nahi ez dagoenik esnearen produkziorako teknifikazio-maila handia duen ardi- edo ahuntz-ustiategirik.

grafikoak2

Ardiak larrean

Monogastrikoen produkzioa

Oro har, monogastrikoen produkzioak, txerri- eta hegazti-aziendenak bereziki, intentsifikazio handia izan du azken urteetan. Garapen handi horren zergatiak dira, besteak beste, espezie horien ugaltze-gaitasun ikaragarria, izan duten hobekuntza genetikoa eta monogastrikoen sektorean diharduten enpresen dinamismo tekniko eta ekonomikoa. Duela hamarkada gutxi pentsaezinak ziren ezaugarriak posible dira gaur egun; hala nola 40 egunean oilaskoek 2,5 kg-ko pisua hartzea, oiloek urtean 320 arrautza errutea edota txerrama bakar batek urtero 25 txerrikume erditzea. Egia da, bestalde, monogastrikoen produkzioan sarritan izaten direla ziklo-krisiak, zeren eta haragiaren eta arrautzen prezio-gorabeheren eta janarien prezio-aldaketen baitan baitago (izan ere, elikagai-faktorearen mende dago produktuaren kostuaren proportzio nagusia).

grafikoak3

Oilaskoen hazkuntza (iturria: Nanimo)

Abere-produkzio alternatiboak

Gaur egun, pixkanaka bada ere, ohikoak ez diren beste abere-produkzio batzuk ari dira garatzen. Europako Nekazaritzako Politika Bateratuak (NPB) abere-produkzioak areagotu zituen 70ko hamarkadara arte, Bigarren Mundu Gerraren ondoren izandako elikagai-beharra zela eta ahalik eta animalia-jatorriko elikagai gehien merke ekoizteko. 80ko hamarkada-erditik aurrera, larrialdi hura pasatu eta gero, eta kontsumitzailea aldatu zela kontuan hartuz, nekazaritza-politika aldatu egin zen, eta beste alderdi batzuk gailendu ziren; hala nola janariaren trazabilitatea eta segurtasuna, ingurugiroarekiko begirunea edota animaliaren ongizatea. Testuinguru horretan hasi ziren garatzen abeltzaintza ekologikoa, ekoizpen integratua edo label-produkzioak, non kantitatea eta produktuaren salneurria baino gehiago baloratzen diren kalitatea eta ekoizpen-baldintzak.

grafikoak4

Esne-behia larrean

Azkenik, beste zenbait abere-produkzio mota ere aipa genitzake, hala nola untxi-hazkuntza, erlezaintza, larrugintzarako animalien hazkuntza, barraskilo-hazkuntza, zizare-hazkuntza eta abar. Abere-produkzio horiek oso garrantzitsuak dira zenbait lekutan, nahiz eta produkzio-mota nagusietakoak ez izan.