Saturno

1. Astron.

Eguzki-sistemako seigarren planeta, 120.660 km-ko ekuatore-diametroa du, eta 29 urte eta 167 eguneko urtea. Izotzez eta hautsez osatutako eraztun ikusgarriak ditu. Hidrogeno eta helioz osatuta dago. 15 satelite ditu; handiena Titan da.

Saturno. Cassini zundak 2004an egindako hainbat argazkirekin egindako konposizioa
Saturno. Cassini zundak 2004an egindako hainbat argazkirekin egindako konposizioa

1. Astron.
Eguzki-sistemako seigarren planeta, 120.660 km-ko ekuatore-diametroa du, eta 29 urte eta 167 eguneko urtea. Izotzez eta hautsez osatutako eraztun ikusgarriak ditu. Hidrogeno eta helioz osatuta dago. 15 satelite ditu; handiena Titan da.

Saturno Edit

Egilea: Jon Legarreta

SATURNO

Saturno eguzki-sistemako seigarren planeta da, eta tamainan bigarrena. Lurrak baino 95 bider masa handiagoa dauka, eta 29,46 urte  behar ditu Eguzkiaren inguruan bira bat emateko. Biraketa-ardatzaren makurduraren ondorioz (26,73°), Saturnok, Lurrak bezala, urtaroak ditu, eta horregatik ikusten dira planetaren poloak, bakoitza dagokion urtaroan. Saturnoren sateliterik handiena Titan da, Ilargia baino 1,5 bider handiagoa. Gaur egun Saturno orbitatzen ari den Cassini zundak hirurogeigarren satelitea aurkitu berri du.

Jupiterren kasuan bezala, Galileo Galilei izan zen Saturno teleskopioz behatu zuen lehena, baina ezin izan zuen egoki azaldu planetaren alboetan sumatzen zuena. Galileok, bere teleskopioaren ahalmen urriagatik, eraztun-sistema ikusi beharrean Saturnoren inguruan biraka zebiltzan bi satelite “ikusi” zituen. Christiaan Huygens holandarrak, 1659 urtean plazaratu zuen teorian, Titanen aurkikuntza azaltzeaz aparte, eraztun-sistemaren berri eman zuen, eta material solidoz osatua zegoela suposatu. Gaur egun badakigu Saturnoren ekuatorearen parean 66.000 km-tik 140.000 km-ra hedatzen den eraztun-sistema ur izoztuzko partikulaz osatua dagoela. Partikula horiek tamaina askotakoak dira, hasi milimetro batzuetako hautsetatik eta metro batzuetako harrietaraino. Eraztun nagusi bi ikusten dira: A, kanpokoa, eta B, barnekoa; bien artean, Cassiniren etena. B eraztunaren barnealdean beste C eraztun zabal eta ahul bat dago, eta A eraztunaren kanpoaldean F deritzon eraztun estu eta ahul bat. Eguzki-sistemako beste planeta erraldoiek ere badituzte eraztun-sistemak (Jupiter, Urano eta Neptuno), baina Saturnorena da Lurretik ikus daitekeen bakarra.

Saturnok, Jupiterren antzera, banda-zona egitura paralelo bat du, baina, Jupiterren ez bezala, banda eta zonen arteko bereizketa ez da oso nabaria. Eguzki-sistemako  jet-korronterik bortitzena du Saturnok, 1.800 km/h-ko abiadura ere lortzen baitu. Saturnoren atmosferan ikusten diren fenomeno meteorologikoen artean (bortizeak, uhin hexagonalak eta abar) etengabe gertatzen diren ekaitz izugarriak dira garrantzitsuenak; adibidez, 1990eko iraileko ekaitzak planetaren ekuatore osoa estalita eduki zuen hilabete batzuez.  

Beste planeta erraldoietan gertatzen den bezala, Saturnok kanporantz igortzen duen energia-kantitatea Eguzkitik jasotzen duena baino handiagoa da. Saturnon hidrogenoa (% 90) eta helioa (% 5) dira substantzia kimiko ugarienak; Jupiterren kasuan bezala, ez dauka edo ez da atzeman nukleo solidorik. Aipagarria da urak baino dentsitate apalagoa duela (0,7 g/cm3); horrek esan nahi du uretan sartu ahal izango bagenu (milioika km-ko igeritoki batean), flotatu egingo lukeela. Proportzio apalagoan, beste substantzia kondentsagarri batzuk agertzen dira, hala nola metanoa (CH4), amoniakoa (NH3), ura (H2O) eta hidrogeno sulfuroa (H2S). Substantzia horiek, Saturnoren troposferaren goialdean, amoniakoz osatuko hodei-geruza bat eratzen dute; erdialdean, amonio hidrosulfurozko hodei-geruza; eta barnealdean, urezkoa. Jupiterren antzeko barne-egitura dauka Saturnok. Hidrogeno molekularrezko geruza bat dauka erradioaren 0,6ko distantziarainokoa; barnerago, hidrogeno metalikozko geruza bat; eta, azkenik, nukleoa (existitzen bada), 13.000 kelvineko tenperaturan eta 18 Mbar-eko presiopean.

grafikoak1

Saturno. Cassini zundak 2004an egindako hainbat argazkirekin egindako konposizioa (iturria: NASA)