Artizar

1. Astron.

Eguzki-sistemako bigarren planeta (astronomiaz ari garela maiuskulaz idazten da); delako planeta, egunsentian eta ilunabarrean zeruan distiratzen duen objektu bezala hartua.

<span style="font-style:italic">Magellan</span> espazio-ontziak 90eko hamarkadaren hasieran radarrez lortutako Artizarraren irudia
Magellan espazio-ontziak 90eko hamarkadaren hasieran radarrez lortutako Artizarraren irudia

1. Astron.
Eguzki-sistemako bigarren planeta (astronomiaz ari garela maiuskulaz idazten da); delako planeta, egunsentian eta ilunabarrean zeruan distiratzen duen objektu bezala hartua.

Artizarra Edit

Egilea: Jon Legarreta

Artizarra planeta telurikoa da, Merkurio, Lurra eta Marte bezala. Eguzkitiko distantziari dagokionez, bigarren planeta da, eta antzekotasun handiak ditu Lurrarekin: tamainan berdintsuak dira, 6.052 km-ko erradioa du Artizarrak (Lurraren erradioaren % 95); eta baita masari dagokionez ere, Lurraren masaren % 81,5 baitu Artizarrak. Arrazoi horiengatik, Artizarrari Lurraren planeta “biki” deitu izan zaio. Hala ere, Lurraren aldean, desberdintasun nabarmen batzuk ditu: Artizarrak berotegi-efektu bortitza jasaten du, eta haren gainazalean 464 °C-ko batez besteko tenperatura izaten da (beruna urtzeko moduko tenperatura). Izatez, Artizarra da eguzki-sistemako planetarik beroena, nahiz eta Eguzkitik hurbilen dagoena ez izan.

Artizarraren orbita eguzki-sistemako planeten artean biribilena da, eta 0,0067ko eszentrikotasuna du. 243,02 eguneko errotazioa du, eta, Uranoren kasuan bezala, erretrogradoa da; hau da, planeta honetan, Eguzkia mendebaldetik irteten da eta ekialdetik sartzen da. 116,8 egun behar ditu bere ardatzaren inguruan bira bat osatzeko; hots, lau hilabete inguruko “eguna” du. Zeruan, Eguzkitik oso hurbil ikusten da beti, egunsentian edo ilunabarrean, eta inguruko izarren artean distiratsuena da.

Artizarraren atmosfera oso trinkoa denez, Lurrak baino 90 bider presio handiagoa du gainazalean (Lurreko itsasoetan kilometro bateko sakoneran dagoenaren parekoa). Karbono dioxidoz osatua dago gehienbat (% 96,5); horren ondorioz, negutegi-efektua izugarrizkoa da Artizarrean, lehen aipatu dugun bezala. Nitrogenoa ere badago Artizarraren atmosferan, Lurreko kantitate berean; hau da, % 3 da. Bitxia bada ere, Lurrean, karbono dioxidoa lurpeko kare-biltegietan kokatzen da, eta, atmosferara isuriko balitz, Artizarrean dagoen karbono dioxido masa bera izango genuke. Artizarraren atmosferak ez dauka ia urik, eta, Lurra ez bezala, erabat estalita dago azido sulfurikozko hodeiz. Hodei horiek gainazaletik 50-70 km-ra kokatzen dira. Haizeek 350 km/h-ko abiadura hartzen dute goiko geruzetan, baina gainazalean, abiadura oso txikia da.

Artizarraren gainazala ezin da zuzenean “ikusi”, lehen aipatutako hodei trinkoen erruz, baina radar-uhinentzat gardenak dira, eta Pioneer Venus Orbiter misioaren zundak uhin horiek erabili zituen 80ko hamarkadan Artizarraren gainazaleko lehenengo mapa egiteko. Artizarra mendiz, haranez, lautadaz, kraterrez eta sumendiz osatua dago. Hango Maxwell mendiak Everest baino 2 km altuagoak dira. Uste da planeta bero honen barnealdea Lurrarenaren antzekoa dela: burdinazko nukleo bat (3.000 km inguru), mantua eta gainazala. Oraindik argitzeke dago bolkanikoki aktiboa den edo ez.

grafikoak1

Magellan espazio-ontziak 90eko hamarkadaren hasieran radarrez lortutako Artizarraren irudia (iturria: NASA)

Artizarrera espazio-ontzi asko bidali izan dituzte 60ko hamarkadatik aurrera: Venera (60, 70 eta 80ko hamarkadetan) eta Mariner (60 eta 70eko hamarkadetan) zundak, Pioneer (1978), Magellan (1989-1994) eta Venus Express misioa, gaur egun Artizarra orbitatzen duena. Venus Express izan zen Europako Espazio Agentziak Artizarrera bidali zuen lehenengo misio espaziala (2005eko azaroaren 9an jaurti zuten). Europako beste ikerketa-talde batzuen artean, Euskal Herriko zientzialari-talde batek parte hartu zuen misio hartan lehen aldiz: Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeak. Taldearen egitekoa izan zen hodei ikusgarrien eskala handiko dinamika atmosferikoa ikertzea, gainazala estaltzen duten hodei-geruzak karakterizatzea eta Lurraren eta Artizarraren atmosferak konparatzea. Iritsi dira lehenengo emaitzak: Hego poloan aurkitu berri duten bortize bikoitza eta azido sulfurikozko hodeietan behatutako tximistak. Izan ere, orain arte ezagutzen ziren tximistak, Lurrekoak, ur-hodeietatik sortzen dira. Argi dago misio horrek eta ondorengoek Artizarraren misterioak apurka-apurka argituko dituztela.