zigoto

1. Biol.
sin. cigoto

Obulu ernaldua; bi gameto elkartzean sortutako zelula. Gametoak ez bezala, zigotoa diploidea da. Animalien arrautzak zigotoak eta haren kanpo-bilgarriek osatzen dituzte.

Zigotoa
Zigotoa

1. Biol.
Obulu ernaldua; bi gameto elkartzean sortutako zelula. Gametoak ez bezala, zigotoa diploidea da. Animalien arrautzak zigotoak eta haren kanpo-bilgarriek osatzen dituzte.

Zigotoa Edit

Egilea: Maren Ortiz-Zarragoitia

ZIGOTOA

Zigoto hitza antzinako grekotik dator (ζυγωτός, elkartua), eta bi zelula haploideen, gameto arraren eta gameto emearen, elkartzearen ondorioz sortzen den zelula diploidea da. Zigotoa zelula totipotentea da, hau da, izaki baten zelula guztiak sortzeko gai da. Haren osagai zelular gehienak obulutik jasotzen ditu. Zenbait animalia-espezietan, zigotoak arrautza izeneko egitura osatzen du. Animalia hauek obiparo izenaz ezagutzen dira. Arrautza zigotoak eta bere inguruan kokatzen den egitura babesleak osatzen dute. Egitura hau kanpoaldetik kokatzen da eta oso zurruna denean oskola izena jasotzen du. Gaur egun ezagutzen den arrautza handiena ostrukarena da (1,5 kg ingurukoa).

grafikoak1

Zigotoa

Zigotoa enbriogenesi-prozesuaren lehenengo urratsa da. Zigotoak pairatzen dituen lakainketa-prozesuen bidez (hainbat zatiketa zelular mitotiko) enbrioiaren zelula desberdinak agertzen dira. Lehenengo enbrioi zelula diferentziatu gabeek, hau da blastomeroek, morula izeneko enbrioia eratzen dute. Ondoren, blastomeroen zatiketa mitotikoen eta migrazioen ondorioz, blastula, eta jarraian, gastrula izeneko enbrioi-faseak gertatuko dira. Zigotoaren lakainketa-prozesuaren ondorioz, enbrioi goiztiarrean eskualde metaboliko desberdinak identifikatu daitezke: polo germinatiboa edo animalia-poloa, non nukleoa kokatu eta jarduera metaboliko nagusiena gertatzen den; eta polo begetatiboa, non erreserba materialak (biteloa) metatuta dauden. Azken honen tamaina eta edukiaren arabera, zigoto-mota desberdinak izendatzen dira:

  • Alezitikoak: biteloaren presentzia oso urria edo ia hutsa izaten da. Mota honetako zigotoak ugaztunetan aurkitzen dira, enbrioiaren elikadura plazenta bidez lortzen baitute. Zelulen lakainketa erabatekoa da eta sorturiko zelulak tamainaz ez-proportzionalak dira.

  • Isolezitikoak edo oligolezitikoak: oso bitelo gutxi dute eta zitoplasman zehar barreiaturiko egitura pikortsu moduan ikusten da transmisio mikroskopio elektronikoan. Mota honetako zigotoak edo arrautzak dituzten animalia-taldeen artean belakiak, knidarioak, nemertinoak, moluskuen gehiengoa, ekinodermatuak, urokordatuak, eta zefalokordatuak daude. Mota honetako arrautzek erabateko lakainketa dute eta sorturiko zelulak tamainaz ez-proportzionalak dira, baina gutxi batzuek tamaina proportzionaleko zelulak izan ditzakete.

  • Heterolezitikoak edo mesolezitikoak: bitelo-edukian aberatsagoak dira eta zitoplasman zehar banaketa heterogeneoa erakusten dute. Pikorretan antolatua agertzen da biteloa, pikor handienak polo begetatiboaren inguruan kokatzen dira, eta pikor txikienak animalia-poloaren inguruan agertzen dira. Mota honetako zigotoak dituzten animalia-taldeen artean, anelidoak, zenbait molusku, teleosteoak eta anfibioak daude. Arrautza hauek beti erabateko lakainketa dute eta sortzen diren zelulek tamaina ez-proportzionala dute.

  • Telolezitikoak: bitelo-kopuru handia dute egitura dentso bat sortuz. Biteloak zitoplasma eta nukleoa zelularen albo batera desplazatzen ditu, animalia-poloa dagoen tokira, normalean. Horrela, zigoto hauetan disko germinatibo izeneko egitura zelularra identifikatzen da. Arrautza-mota hau molusku zefalopodoetan, arrain selazeoetan, narrastietan, hegaztietan eta ugaztun prototerioetan agertzen dira. Lakainketa partziala eta diskoidala da.

  • Zentrolezitikoak: Bitelo-kopurua oso handia da eta zigotoaren erdialdean kokatzen da, zitoplasmagaz inguraturik. Beraz, zitoplasma eta nukleoa zigotoaren periferia aldean kokatzen dira. Artropodotan agertzen da arrautza-mota hau. Lakainketa partziala eta azalekoa da.

Zenbait animalia-espezietan (batez ere, zenbait anfibio eta artropodotan) ernaldu gabeko arrautzak garatzen dira, arrautza trofikoak. Hauek, ernaldutako arrautzetatik sorturiko jaioberriak elikatzeko erabiltzen dira eta biteloan oparoak dira.

grafikoak2

Zenbait animaliaren arrautzen irudiak: 1 zapelatza; 2 belatza; 3 gabiraia; 4 zozoa; 5 birigarroa; 6 ipar-belea; 7 gari-berdantza; 8 mokolodia; 9 hormatxoria; 10 txonta; 11 txirta; 12 berdantza; 13 kukua; 14 kolibria; 15 mokokerra; 16 txepetxa; 17 garrapoa; 18 urretxindorra; 19 erregetxoa; 20 tuntuna; 21 mendi-berdantza; 22 lezkari arrunta; 23 zingira-lezkaria; 24 txinboa; 25 amilotxa; 26 sasi-txoria; 27 buztanoria; 28 urretxoria; 29 jakana; 30 lagopodo eskoziarra; 31 lagopodoa; 32 faisaia; 33 eperra; 34 galeperra; 35 abozeta; 36 bernagorri iluna; 37 txirri lepokoduna; 38 txirritxoa; 39 hegabera; 40 kuliska iluna; 41 txenada; 42 txenada arrunta; 43 Ruppell txenada; 44 kaioa; 45 aliota; 46 martina; 47 pinguino handia; 48 eta 49 lanperna-musua; 50 murgila; 51 apoarmatua; 52 Testudo sp.; 53 eta 54 katuarraina eta momarra; 55 marrazoa; 56 itsas katua; 57 lanproia; 58 txibia; 59 sits tigrekara; 60 geometra (Idea sp. eta Scopula sp.); 61 geometra (Nemoria sp.); 62 Colias sp.; 63 Diloba sp.; 64 Lasiommata negera; 65 Cyclopides sp.; 66 Laphygma sp.; 67 Acosmetia sp.; 68 Ennomos sp.; 69 Attacus sp.; 70 Limenitis sp.; 71 Bryophila sp.; 72 Catarhoe sp. (iturria: Adolphe Millotek Nouveau Larousse Illustré (1897-1904) lanerako egina)