web

1. Inform.

Informazioa argitaratzeko eta eskuratzeko Interneten erabiltzen den sistema nagusia. Webaren oinarria hipermedia kontzeptua da: elkarri lotutako dokumentuek informazioaren amarauna osatzen dute (horixe da web hitzaren esanahia ingelesez).

Web-aplikazioen osagaiak
Web-aplikazioen osagaiak

2. Inform.
sin. página web

Webean argitaratzen den hipertestu-dokumentua. HTML formatua izan ohi du, eta URL helbide bakar baten bidez identifikatu ohi da.


1. Inform.
Informazioa argitaratzeko eta eskuratzeko Interneten erabiltzen den sistema nagusia. Webaren oinarria hipermedia kontzeptua da: elkarri lotutako dokumentuek informazioaren amarauna osatzen dute (horixe da web hitzaren esanahia ingelesez).

Weba Edit

Egilea: Jose Maria Rivadeneyra

WEBA

Informazioa argitaratzeko eta eskuratzeko Interneten erabiltzen den sistema nagusia. Webaren oinarria hipermedia kontzeptua da: elkarri lotutako agiriak informazioaren amarauna (horixe da web hitzaren esanahia ingelesez) osatzen dute. Hauek dira sistemaren osagaiak:

  • Informazioa duten fitxategiak egiteko eta erlazionatzeko formatu hipermedia bat. Hori HTML formatua da (HyperText Markup Language). Webean edozein formatutako agiriak aurkituko ditugu, baina informazio-sarearen oinarria HTML formatuko fitxategiak dira.

  • Web-bezeroa. Euskaraz arakatzaile edota nabigatzaile deitzen diogu. Webaren erabiltzaileak informazioa eskuratzeko erabiltzen duen programa da. Gehien erabiltzen direnak Mozilla Firefox (software librea) eta Internet Explorer (ordaintzekoa) dira, baina gehiago daude.  

  • Web-zerbitzariak. Alde batetik, informazioa gordetzen eta eskaintzen duen konputagailuak dira. Horrelako milioika web-zerbitzari daude gaur egun Interneten. Beste alde batetik, izen bera erabiltzen da informazioa emateko konputagailu horietan egikaritzen den programa izendatzeko. Gehien erabiltzen den web-zerbitzaria (programa) Apache izenekoa da (software librea da).

  • Arakatzaileen eta web-zerbitzarien arteko komunikazioetarako protokoloa. Hori HTTP da (HyperText Transfer Protocol).

  • Informazioa erreferentziatzeko sistema unibertsala. Hori da URI (Universal Resource Identifiers) izendatze-sistema. Webean erabiltzen diren URIek honako egitura hau dute: protokoloa://zerbitzaria/fitxategia. Adibidez, http://www.zientzia.net/hiztegia URI bat da, non protokoloa HTTP den eta zerbitzariaren izena www.zientzia.net, eta zerbitzari horretan dagoen hiztegia izeneko fitxategiari egiten dio erreferentzia. Web-bezeroek onartzen duten edozein protokolo erabil dezakegu, baina gehien erabiltzen direnak HTTP eta horren aldaera segurua den HTTPS dira.

Sistemaren oinarrizko funtzionamendua hau da:

  • Erabiltzaileak ematen dio arakatzaileari nahi duen agiriaren URLa. Adibidez, http://www.zientzia.net/hiztegia.

  • Arakatzaileak DNS sistemari eskatzen dio URIaren bigarren zatia den zerbitzariaren izenari dagokion IP helbidea. Adibidean, www.zientzia.net izenari dagokion IP helbidea.

  • Zerbitzariaren IP helbidea ezagututa, TCP konexio bat irekitzen du arakatzaileak zerbitzarian (konputagailua) dagoen web-zerbitzariarekin (programa).

  • TCP konexio hori erabiliz, URIaren hirugarren zatia den agiria eskatuko dio arakatzaileak zerbitzariari, URIaren lehenengo zatia den protokoloa erabiliz (normalean, HTTP protokoloa).

  • Jasotako agirian beste agiriak badaude txertatuta (adibidez, argazki bat), arakatzaileak beste agiri horiek ere eskatuko dizkio zerbitzariari.

  • Arakatzaileak pantailaratuko du agiria. Agirian beste agirietarako hipermedia-estekak badaude (link) eta horietako baten gainean klikatzen badu erabiltzaileak, arakatzaileak prozesua errepikatuko du agiri berria erabiltzaileari aurkezteko.

Funtzionamendua arintzeko, sare askotan proxi izeneko artekari bat agertzen da arakatzailearen eta zerbitzariaren artean. Horrelako konfigurazioetan, sarearen arakatzaile guztiek proxiari egiten dizkiete eskaerak, eta ez zuzenean web-zerbitzariei. Gero, proxiak galdetzen die zerbitzariei, eta emaitza, eskatu duen arakatzaileari emateaz gain, bere memorian gordetzen du proxiak epe baterako (cachinga). Epe horretan beste arakatzaile batek eskatzen badu gordetako agiria, zerbitzariari berriro eskatu gabe emango dio proxiak arakatzaileari. Caching horretaz gain, proxien erabilerak sare batetik atzi daitezkeen web-zerbitzariak mugatzeko ere balio du. Arakatzaileek ere badute cache memoria propioa. Erabiltzaileak konfigura dezake arakatzailearen cache memoria horren erabilera.

Weba izan da Internet jendarteratu duen aplikazioa. 90. hamarkadaren hasieran agertu zenean, laster ordezkatu zituen informazioa zabaltzeko Interneten lehen zeuden sistema guztiak (FTP, gopher...), eta Interneten hedapenaren leherketa eragin zuen. Hasierako arrakastaren gakoak hauek izan dira:

  • Hipermediaren erabilera agiriak erlazionatzeko eta era guztietako informazioa integratzeko (multimedia izaera).

  • Arakatzaileen ahalmena edozein motatako informazioa tratatzeko: testua eta irudiak pantailaratzeko eta soinua erreproduzitzeko, erabiltzaileak beste aplikazioak abiatu behar izan gabe.

  • Informazioa banatzeko lehen zeuden beste protokoloak ere erabiltzeko arakatzaileek izan duten ahalmena.

  • Sistema osoaren filosofia irekia: diseinu, protokolo, formatu eta abarren ezagutza eta erabilera ez zegoen mugatuta patenteen bidez.

Oinarrizko funtzionamendua aldatu gabe berrikuntzak gehitzeko webak duen malgutasunak arrakasta horren jarraipena bermatu du. Gaur egun Interneten bidez ematen diren zerbitzu gehienak weba erabiltzen dute erabiltzailearekiko interfaze gisa. Horren adibideak web-posta sistemak (posta elektronikoa webaren bidez), salerosketarako webguneak, enkante-sistemak edo teleirakaskuntzarako sistemak dira. Sistema horien guztien eskema berdina da: web-zerbitzari bat erabiltzen dute erabiltzailearen eskaerak jasotzeko, normalean formulario baten bidez; gero, hainbat teknologia erabiliz, web-zerbitzariak eskatutakoa helarazten dio aplikazioari, eta horren emaitza jaso eta erabiltzaileari helarazten dio. Web gainean egindako aplikazio horiei, oro har, web-aplikazio deritze.

grafikoak1

Web-aplikazioen osagaiak (iturria: Jose Maria Rivadeneyra)

Webean erabilitako formatuen estandarizazioa bermatzeaz W3C (World Wide Web Consortium) erakundea arduratzen da.