veterinaria
- 1. Albait.
Animalien eritasunez eta berorien sendabideez arduratzen den jakitatea.
- 1. Albait.
- Animalien eritasunez eta berorien sendabideez arduratzen den jakitatea.
Albaitaritza Edit
Egilea: Ana Galarraga
Albaitaritza deritzo animaliei aplikatutako medikuntzari, izan etxeko, konpainiako edo ekoizpeneko abereak, zein animalia basati eta exotikoak, eta bere baitan hartzen ditu animalien zaintza eta ongizatea, eta haiei eragiten dieten gaixotasunen prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua. Halaber, animaliek pertsonei transmititzen dieten gaixotasunez (zoonosiez) ere arduratzen da albaitaritza.
Betidanik izan dira animaliak sendatzen dituzten pertsonak, eta Babilonian eta Egipton, duela 4.000 urte, albaitaritza dagoeneko espezialitate bat zen. Antzinako greziarrek bazituzten “zaldien mediku” deitutakoak, eta erromatarrek, berriz, veterinarius deitzen zieten animalien sendagileei. Adibide horiek agerian uzten dute albaitaritzak aspalditik duela garrantzia.
Europako lehen albaitaritza-eskolak XVIII. mendekoak dira, eta ordutik giza medikuntzarekin batera edo paraleloan garatu da. Albaitaritzako ikasketetan, diziplina askotako oinarriak ikasten dira, hala nola anatomia, histologia, fisiologia, farmakologia, onkologia, portaera, neurologia eta mikrobiologia (birologia, bakteriologia eta parasitologia). Horrez gain, diziplina horietan erabiltzen diren teknikak ere menderatzen dituzte albaitariek: erradiologia, anestesiologia, obstetrizia…
Albaitaritza adar edo espezialitate askotan banatzen da. Albaitaritza klinikoa animaliei eragiten dieten gaitzak prebenitzeaz, diagnostikatzeaz eta tratatzeaz arduratzen da. Kirurgia-espezialitatean, giza kirurgian erabiltzen diren teknika berak edo antzekoak aplikatzen dira animaliak sendatzeko.
Beste adar bat, berriz, haragitarako, esnetarako edota ugalketarako hazten diren abereen osasunaz, ongizateaz, emankortasunaz eta etekinez arduratzen da. Oso arlo garrantzitsua da, ekonomian ez ezik, giza osasunean duen eraginagatik. Gaixotasun batzuek kalte larriak sortzen dituzte haztegietan —adibidez, mastitisak, bruzelosiak, tuberkulosiak, bizkarroiek eragindakoek…—, eta horiek prebenitzeko txertaketa-kanpainak diseinatzen eta aplikatzen dituzte albaitariek. Hain zuzen ere, txertaketek berebiziko garrantzia izan dute garai batean beldurgarriak ziren gaixotasun batzuen kontrolean; esate baterako, txertoei esker, gaur egun ia ez dago amorru-kasurik herrialde garatuetan.
Bestalde, etxeko eta konpainiako animalien zaintza eta medikuntza espezialitate bereizia da leku askotan, eta, herrialde batzuetan, badago zaldien espezialitatea ere. Izan ere, zaldiak animalia garestiak dira, eta berariazko arazoak izaten dituzte, lokomozio- eta digestio-aparatuan, besteak beste. Zooetako animaliak eta animalia exotikoak ere albaitari espezializatuen ardurapean egoten dira.