terapéutica

1. Med.
sin. terapia

Gaixotasunen tratamenduan diharduen medikuntzaren atala, sendagaiak, sendabideak eta haien erabilera aztertzen dituena.

2. Med.
sin. terapia

Gaixotasun bat sendatzeko ezartzen den tratamendu medikoa.

2. Med.
Gaixotasun bat sendatzeko ezartzen den tratamendu medikoa.

Terapia Edit

Egilea: Maria Jose Uranga

TERAPIA

Gaixotasunak eta asalduak sendatzeko edo arintzeko hartzen diren neurriei terapia deritze. Terapia konbentzional deritze mendebaldeko medikuntzak erabiltzen dituenei; beste terapiei, berriz, alternatibo edo osagarri esaten zaie. Terapia konbentzionalen ordez erabiltzen direnak dira terapia alternatiboak; terapia osagarriak, berriz, terapia konbentzionalekin batera erabiltzen dira.

Terapia konbentzionalen artean daude, besteak beste, farmakoterapia eta kirurgia. Oso ezagunak dira: antibioterapia (infekzioei aurre egiteko), kortikoterapia (hantura gutxitzeko), oxigenoterapia (hipoxia gutxitzeko), aerosolterapia (bronkioetara sendagaiak sartzeko), fluidoterapia (zainetik likidoak sartzeko), intsulinoterapia (diabetikoentzat), eta kimioterapia eta erradioterapia (minbizia dutenei ematen zaie zelula gaiztoak ezabatzeko edo gutxitzeko). Erradioterapia gorputzeko gune jakinetara bideratzen da (gongoiletara, esaterako); kimioterapia, berriz, terapia orokorra da, eta gorputz osoari eragiten dio. Geneterapiak itxaropena zabaldu du hainbat gaixotasunentzat terapia berriak bilatzeko. Geneterapiak DNA-sekuentziak erabiltzen ditu gaixo dauden zelulak eraldatzeko. Aldaketa genetikoa hainbat eratan egin daiteke: ex vivo terapian pazienteari zelulak erauzten zaizkio, laborategian genetikoki eraldatzen dira zelula horiek, eta berriro pazienteari ezartzen zaizkio; in vivo terapian, berriz, erauzi gabe eraldatzen dira zelulak. Beste modu bat zelula unibertsalak (pazientearenak ez direnak) genetikoki eraldatzea eta pazienteari ezartzea da. Hormonoterapia  beste terapia-mota bat da; zenbaitetan, hormonak ematen zaizkio pertsonari, bere gorputzak gutxi ekoizten dituelako (menopausia garaian, esaterako); beste batzuetan, berriz, sendagaiak ematen zaizkio, hormona gutxiago ekoizteko edo haien eragina gutxitzeko (bularreko, umetokiko edo prostatako minbizietan).

Kirurgia hainbat gaixotasunetan erabiltzen den terapia da. Anestesia aurkitu zenetik, kirurgiak aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu. Aspalditik bereizi izan dira kirurgia handia eta kirurgia txikia: kirurgia handia egiteko, anestesia orokorra behar izaten da; kirurgia txikia egiteko, berriz, anestesia lokala. Ebakuntza kirurgikoaren izenak adierazten du (atzizkian) kirurgia zer gunetan egin den eta kirurgian zer egin den. Ebakuntza kirurgikoak izendatzeko erabiltzen diren atzizki batzuen esanahiak hauek dira: -ektomia: erauzketa (apendizektomia); -rrafia: jostura (herniorrafia); -ostomia: estoma edo zulo bat egitea (trakeostomia); -otomia: moztea (torakotomia); -plastia: konponketa plastikoa egitea (errinoplastia).

Fisioterapia egiteko, terapia fisikoa erabiltzen da; hau da, beroa, hotza, ura, masajea eta elektrizitatea. Osasun-arazoak ekiditea, sendatzea edo pertsonak egoera berrietara egokitzea izaten da fisioterapiaren helburua.

Arnas fisioterapiak berebiziko garrantzia du hainbat arnas asaldu dituzten pertsonentzat; biriketako gaixotasun butxatzaile kronikoa, asma eta gaixotasun neuromuskularrak daude, besteak beste, horien artean. Arnas fisioterapiarekin biriketako aireztapena hobetzen da eta jariakinak errazago kanporatzen dira, antsietatea baretzen da, giharrak erlaxatzen dira, arnasketako giharren koordinaziorik eza zuzentzen da, arnas maiztasuna jaisten da eta arnasketa-lana gutxitzen da.

Aireztapena hobetzeko eta jariakinak kanporatzeko egiten diren ariketa batzuk hauek dira: perkusioa (eskuak bilduta, hatzak elkartuta, esku ‘txokoarekin’ kolpe txikiak ematen dira eskumuturra jasoz eta luzatuz); bibrazioa (pertsonak arnasa botatzen duen bitartean, eskuekin konpresioa egiten zaio toraxaren paretari, bibrarazteko); jarrerazko drainatzea (gorputz-jarrera jakin batzuetan egotea, grabitatearen eraginez jariakinak mugitzeko); eztula eragitea oso garrantzitsua da jariakinak kanporatzeko. Askotan, ariketa bat baino gehiago batera egiten dira.

Masajeekin hainbat helburu lor daitezke: zirkulazioa suspertzea, mugatutako mugikortasuna handitzea, mina gutxitzea, sentitzeko ahalmena areagotzea, erlaxatzea, eta ongizatea ematea.

Eskuz egiten den drainatze linfatikoaren helburua da sistema linfatikoaren funtzionamendua hobetzea. Hori lortzeko, eskuekin masajea ematen da sistema linfatikoaren bideari jarraituz, linfa zirkulazio-sistemara bideratzeko.

Erreflexoterapiaren helburua da gorputzaren organoetan eragitea, gune zehatz batzuetan hatzekin presioa eginez edo masajea emanez. Presioa egiteko erabiltzen diren guneak hauek dira: oinak, eskuak, belarriak eta sudurra.

Kinesioterapian, mugimenduaren bidez asalduak tratatzen dira, eta mugimendua berreskuratzeko edota giharren funtzioa hobetzeko egiten da.

Hezurren, giharren eta artikulazioen funtzionamendua hobetzeko erabiltzen den terapia da osteopatia. Osteopatak eskuekin gorputza aztertzen du, eta mugikortasuna gutxitua duten guneak askatzen ditu.

Hidroterapia onuragarria izaten da zenbait asaldu hobetzeko (zirkulazio-arazoak eta lunbalgiak, besteak beste). Osasun-arazoaren arabera, ur hotza edo beroa erabili beharko da.

Talasoterapiak itsaso inguruan egiten dira, eta itsasoko ura, lokatzak, algak eta beste gaiak erabiltzen dira osasuna hobetzeko.

Termoterapia lagungarria izaten da hainbat asalduk sortzen duten mina baretzeko, adibidez, traumatologiako eta erreumatologiako arazoek sortutako mina. Beroa azaleko ehunetara edo sakonekoetara helaraz daiteke, eta horretarako erabili daitezke, besteak beste, erradiazio infragorriak eta parafina. Beroak odol-hodiak zabaltzen ditu (odol gehiago iristen da), tentsio arteriala jaitsarazten du, peristaltismoa handitzen du eta mina baretzen du.

Krioterapia gune batean hotza jartzea da. Hotzak baso-uzkurdura eragiten du, analgesia eragiten du eta hantura jaisten du. Erabilgarria izaten da zaintiratuetan edo bihurrituetan, baita pertsonak sukarra duenean ere. Garatxoetan ere erabiltzen da krioterapia (izoztutako nitrogeno likidoa jartzen da).

Elektroterapia erabilgarria izaten da sistema muskuloeskeletikoaren eta periferiako nerbioen hantura-prozesuetan eta muskuluetako atrofia eta paralisietan. Analgesikoa denez, mina baretzen du eta nerbioen eta giharren funtzionamendua indartzen du. Elektroterapia maiztasun altuan erabiliz gero, termoterapia egiteko ere balio du.

Muskuluetako eta tendoietako lesioak daudenean erabiltzen da, gehienetan, ultrasoinuterapia. Ultrasoinu-uhinek lesioaren sendatze-prozesua azkartzen dute. Elektroterapiarekin batera erabil daiteke.

Buztinterapia egiteko, lokatza edo buztina jartzen da gorputzeko gune batean, hozteko, hantura gutxitzeko edo orbaintze-prozesua errazteko.

Psikoterapiaren helburua bezeroaren egoera psikikoa hobetzea da. Horretarako, komunikazio-prozesu estua sortu behar da psikoterapeutaren eta bezeroaren artean. Psikoterapeutak bezeroak esaten diona balioesten du, eta bezeroari aholkuak ematen dizkio, hark jarrera-aldaketak egin ditzan (pentsamenduaren eta sentimenduen arloak asko lantzen dira). Psikoterapiaren barnean hainbat korronte daude, baina bezeroak jarrera-aldaketak egitea lor dezan harreman terapeutikoaren kalitatea oso garrantzitsua dela esatean bat datoz guztiak.

Taldean ere egiten da psikoterapia; psikoterapeutak pertsona talde bat bideratzen du, eta haiek elkarri laguntzen diote jarrera-aldaketak egiteko.

Laneko terapia erabilgarria da pertsona batek eguneroko jarduerak egiteko zailtasunak dituenean edo zailtasunak izateko arriskua duenean. Terapeutak jarduerak antolatzen ditu ingurune egoki batean, pertsonak ahalik eta integrazio- eta autonomia-maila altuena lor dezan. Hainbat asaldu izan dituzten pertsonekin erabiltzen da lan-terapia. Asaldu horien artean daude, besteak beste, nerbio-sistema zentraleko asalduak, garuneko hodietako istripua, hemiplegia, garuneko paralisia, atzerapen psikomotorra, erreuma-asalduak eta droga-mendekotasuna.

Dietetikak nutrizio-beharrak eta elikagaiak aztertzen ditu. Dietoterapia gaixotasun askotan erabiltzen da: diabetikoek azkar xurgatzen diren azukreak ekidin behar dituzte, eta zuntz asko duten elikagaiak hartu; tentsio arterial altua dutenek gatza kontrolatu behar izaten dute; behazun-xixkuan harriak dituztenek gantzak saihestu behar dituzte; eta giltzurrunetako arazoak dituztenek proteina gutxi hartu behar dituzte.

Eguneroko dietatik hainbat elikagai kendu dituzten pertsonak badira; begetarianoek, adibidez, barazkiak, zerealak, lekaleak eta frutak jaten dituzte, eta ez dute jaten arrainik eta haragirik. Jan ditzakete findutako gaiak ere (azukrea eta irina), pasta zuriak eta kontserba-ontzietan dauden elikagaiak. Begetarianoen artean, badira animalietatik eratorritako inolako gairik jaten ez dutenak; beste batzuek, berriz, arrautzak eta esnea jaten dituzte.

Dieta orekatuan oinarrituta pertsonak oreka fisikoa eta emozionala lortzea da makrobiotikaren helburua. Filosofia horrek bi taldetan sailkatzen ditu elikagaiak: yang elikagaiek energia beroa, bizigarria eta biltzailea dute (zerealak, lekaleak, arraina, haragia, sustraia duten barazkiak...); ying elikagaiek, berriz, energia hotza, zabaltzailea eta ahulgarria dute (alkohola, esnekiak, frutak, berenjena, tomatea, erremolatxa...). Dieta makrobiotikoak ez ditu onartzen, besteak beste, azukre zuria, ogi zuria, hestebeteak, haragia, edari alkoholdunak eta industriako freskagarriak eta pastelak. Aldiz, itsasoko algak sartzen dituzte eguneroko menuan. Zerealek garrantzi handia dute, eta integralak izan behar dute. Elikagaien laborantzan gai kimikorik ez erabiltzea (pestizidak, esaterako) ere oso kontuan hartzen dute makrobiotikaren jarraitzaileek.

Homeopatia terapiaren filosofiak ez du zerikusirik terapia konbentzionalen ikuspegiarekin. Homeopatiaren teoriak dio gaixotasunaren sorburua espirituala dela (eta ez fisikoa). Halaber, esaten du lehendabizi sintoma emozionalak sortzen direla (antsietatea, esaterako), eta, horiek konpontzeko neurririk hartzen ez bada, beste sintomak agertuko direla, hala nola sintoma mentalak, portaerazkoak eta, azkenean, fisikoak. Homeopatiaren teoriaren arabera, substantzia toxiko batek pertsona osasuntsu batean eragin ditzakeen sintomak senda daitezke substantzia toxiko bera duen prestakin batekin. Homeopatiako erremedioen potentzia diluzioen araberakoa da: zenbat eta diluituagoa egon, orduan eta indartsuagoa da. Teoria hori ez dator bat medikuntza konbentzionalaren eta biokimikaren teoriekin, haiek kontrakoa baitiote. Homeopatia erabiltzen duen zenbaitek dio diluzio baxua duten erremedioek efektu fisiologiko hobea dutela, eta diluzio altuak erabiliz, berriz, efektu emozionala hobea izatea lortzen dela. Homeopatiaren kontrakoek diote oso zaila dela substantzia aktiboak aurkitzea homeopatiaren erremedioetan, oso diluituta daudelako.

Medikuntza konbentzionala eta homeopatia bat datoz sintomak gaixotasunen adierazpenak direla esatean. Baina bien terapiek ez dute zerikusirik; terapia konbentzionalen helburua da gaixotasuna menderatzea eta sintomen sorburuak ezabatzea. Homeopatiak dio gaitza gainditzeko gorputzak duen modua sintomak direla, eta sintoma horiek indartu egin behar direla erremedio oso diluitu bat emanez; erremedio hori dosi altuetan hartuz gero, sintoma berdinak sortuko lituzke. Homeopatiako erremedioen helburua immunitate-sistema suspertzea da. Diluzio altuetan ematen direnez, homeopatiako erremedioek kontrako eraginik ezin dutela sortu diote guztiek (aldekoek eta kontrakoek).

Akupuntura ekialdean sortutako terapia da. Terapia hori egiteko orratz berezi batzuk jartzen dira ‘meridiano’ edo kanal jakin batzuetan. Meridiano horietatik banatzen da bizi-energia (chi) gorputz osora. bizi-energia hori orekatzea, suspertzea edo baretzea izaten da akupunturaren helburua.

Aromaterapiak hainbat landareren (loreak, frutak, hostoak, enborrak) usain-esentziak erabiltzen ditu. Emozio-egoera zailei aurre egiteko (beldurrei, kezkei, izu-ikarei) erabiltzen da.

Yoga egitean, mugimenduzko ariketa zehatzak egiten dira bata bestearen ondoren, hainbat gorputz-jarreratan. Arnasketa kontrolatzen da, eta begiak ere gune zehatz batera begira jartzen dira. Ariketa bat bukatu ostean, hurrengo ariketa egin aurretik erlaxazio-saio labur bat egiten da. Yoga eginez gorputza luzatzen da, zeluletara oxigeno gehiago iristen da, estresa gutxitzen da, eta pertsonak lasaitasuna eta ongizatea sentitzen ditu.

Delfinoterapia urritasun psikikoak dituzten umeekin erabiltzen da zenbait lekutan. Esaten dutenaren arabera, izurdeak primeran konpontzen dira arazo psikikoak dituzten umeekin. Urritasun psikikoak (autismoa, esaterako) dituzten umeei gizartean eta lan-munduan integratzen lagundu nahi izaten zaie terapia horrekin.

Barreterapia eginez estresa gutxitu egiten omen da, sentitzeko eta maitatzeko ahalmena handitzen, eta sormena suspertzen.

Terapia-mota asko ikusi ditugu, baina ez guztiak. Zer terapia erabili behar da? Hori erabaki aurretik, pertsona osotasunean balioetsi beharko da, eta terapia egokienak aukeratu, askotan, terapiak osagarriak izaten baitira.