sonido
- 1. Fis.
- 1. Fis.
- Objektu baten bibrazioek ingurune elastiko batean (adibidez, airean) eragindako presio-uhina hedatzean datzan fenomenoa; delako uhinek giza belarrian eragiten duten sentsazioa. Soinuaren ezaugarri nagusiak altuera, intentsitatea, iraupena eta tinbrea dira.
Soinua Edit
Egilea: Jose Ramon Etxebarria
Hizkuntza arruntean soinua gizakien entzumenean sentsazio berezia sortzen duen fenomenoa da, belarrietara iristen den higidura ondulatorio baten ondoriozko kitzikapen batek sortua, entzumen-organoaren bidez zerebrora pasatzen dena, han interpretatua izateko. Beraz, gizakien ezaugarri fisiologikoekin loturik dago, eta, horrez gain, ikuspegi psikologikoa ere oso kontuan hartu beharrekoa da. Labur esanda, soinua gizakiek entzuten duten fenomenoa da.
Fisikaren arloan, esanahi hori zehaztu eta zabaldu egiten da, gizakiekiko erreferentzia alde batera utzita. Fisikan, soinua da maiztasun altu samarreko uhin elastikoen hedapena, fluido (edo ingurune elastiko) batean gertatzen dena; uhin elastiko horiek gorputz baten higidura bibrakor batek sortuak izaten dira, uhinak entzungarriak izan edo ez. Batetik, gizakiek entzundako soinuak airearen presioaren oszilazioz eraturiko uhin akustikoak dira, entzumen-organoan uhin mekaniko bihurtzen direnak. Bestalde, ultrasoinu deritze gizakiek entzun ezin ditzaketen uhin akustikoei, gutxi gorabehera 20.000 Hz-etik goragoko maiztasuna dutenei. Soinuaren hedapena antzekoa da airean eta gainerako fluidoetan (gas eta likidoetan) ere, non presioaren fluktuazioen forma duen; bestalde, gorputz solidoetan, tentsio-egoeraren fluktuazioak gertatzen dira.
Soinua hedatzean, energiaren garraioa gertatzen da uhin mekanikoen bitartez, materiaren garraiorik gabe. Zer esanik ez, uhin mekanikoak izanik, nolabaiteko materiaren premia dago hedapena gertatzeko; gauzak horrela, hutsean zehar ez da soinurik hedatzen. Bestalde, uhin mekanikoen hedapena materiaren bibrazioa gertatzen den norabide berean gertatzen da; hots, soinu-uhinak luzetarako uhinak dira.
Soinuaren abiadura
Soinua abiadura desberdinetan hedatzen da, ingurunea zein den. Oro har, solidoetan bizkorrago hedatzen da likidoetan baino, eta likidoetan bizkorrago gasetan baino. Bestalde, ingurunearen konprimagarritasunak (K) eta dentsitateak () eragina dute soinuaren hedatze-abiaduran, era honetan preseski:
.
Tenperaturak ere badu eragina, bereziki gasen kasuan. Gainera, airearen kasuan hezetasuna ere eduki behar da kontuan. Hain zuzen, airearen giro-tenperatura 0 °C-koa, presioa 1 atm-koa eta airearen hezetasun erlatiboa % 0koa (aire lehorra) denean, soinuak 331,5 m/s-ko abiadura du; baina abiadura aldatu egiten da tenperatura eta hezetasunaren arabera. Alboko koadroan soinuaren zenbait ingurunetako abiaduraren balioak adierazi dira.
Soinuaren abiadura zenbait materialetan
Soinuaren magnitude fisikoak
Soinua higidura ondulatorioa izanik, uhin sinusoidalen batura gisa adieraz daiteke. Uhin sinusoidal sinple (edo harmoniko) bakoitza maiztasun jakineko uhin modura ezaugarritu daiteke, honako magnitude hauek definituz: uhin-luzera (), maiztasuna edo frekuentzia (), periodoa (T) —maiztasunaren alderantzizkoa dena— eta anplitudea (A).
Dena den, ezaugarri horiek uhin sinusoidal sinple bakoitzari dagozkio. Normalean, soinua hainbat uhin sinusoidalez osaturik dagoenez, ez dira uhin sinpleak bakarka aztertzen, eta bestelako magnitude batzuk eduki behar izaten dira kontuan, bereziki bi hauek: guztira transmitituriko energia eta energia horrek osagaietan duen banaketa. Horretarako, besteren artean, potentzia akustikoa, intentsitate fisikoa eta maiztasunen espektroa aztertzen dira. Potentzia akustikoak uhin-iturri batek soinu-uhin moduan denbora-unitatean erradiaturiko energia adierazten du. Intentsitate fisikoak energia-fluxua adierazten du, hots, azalera-unitateko eta denbora-unitateko soinuaren hedatze-norabidean pasatzen den energia; uhin sinusoidalen kasuan, intentsitate fisikoa anplitudearen karratuaren eta maiztasunaren karratuaren proportzionala da (). Azkenik, maiztasunen espektroak uhin sinpleen banaketa adierazten du, alegia, zer maiztasun diren eta bakoitzaren anplitudeak zein baliokoak diren.
Soinu entzungarriaren ezaugarriak
Gizakiarentzat garrantzi berezia dute soinu entzungarriek eta horiek entzumenean sortzen dituzten sentsazioek. Horretaz sakontzeko, akustika fisio-psikologikoaren arloa landu behar da. Arlo horretan, soinuaren hiru ezaugarri hauek definitzen dira: intentsitatea, tonua eta tinbrea (edo kalitate musikala).
Soinuak sorrarazten duen sendotasun edo energia-sentsazioari intentsitate deritzo edo, zehatzago esateko, intentsitate fisiologiko, zeinari hizkuntza arruntean bolumena esaten zaion (ozentasun edo sonoritate ere bai). Maiztasunak entzumenean sortzen duen sentsazioari soinu-altuera deritzo. Behe-soinuak (edo baxuak) eta goi-soinuak (edo altuak) entzuten ditugu, eta horren arabera sailkatzen dira abesbatzetako ahotsak (baxuak, baritonoak, tenorrak, mezzo-sopranoak eta sopranoak). Azkenik, intentsitate eta altuera bereko bi soinu tinbrea ren bidez bereizten dira, zeinak zerikusia duen harmonikoen konposizioarekin, alegia, soinu konplexuaren osagaien maiztasunekin.
Bukatzeko, kontuan eduki behar da beste magnitude neurgarri bat, intentsitate fisikoarekiko zerikusia duena: soinu-int entsitatearen maila Magnitude erlatibo hori, soinu-sentsazioa sentitzen hasten den intentsitatearekiko erreferentzian adierazten da, formula honen bidez:
Hemen atari-intentsitatea da, alegia, soinu-sentsazioa sortzen duen intentsitate fisiko minimoa, eta I delakoa, neurturiko soinuaren intentsitatea. Magnitude erlatibo hori dezibel (dB) unitatetan neurtzen da.