soldadura
- 1. Teknol.
Metalezko edo plastikozko bi pieza juntatzeko prozedura, biak elkar ukitzen duten puntuetako materia urtuz eta gero solidotuz; bi piezak zuzenean bata bestearekin solda daitezke, edo bien artean txertatutako urtze-puntu txikiagoko beste materia laguntzaile bat erabil daiteke.
- 2. Teknol.
Metalezko bi gainazal soldatuz elkartzeko erabiltzen den metal-aleazio urgarria. Eztainu eta berunezko aleazioz osatutako soldadurari soldadura biguna esaten zaio, baina, gaur egun, berunaren ordez, beste zenbait material erabiltzen da.
- 1. Teknol.
- Metalezko edo plastikozko bi pieza juntatzeko prozedura, biak elkar ukitzen duten puntuetako materia urtuz eta gero solidotuz; bi piezak zuzenean bata bestearekin solda daitezke, edo bien artean txertatutako urtze-puntu txikiagoko beste materia laguntzaile bat erabil daiteke.
Soldadura Edit
Egilea: Elhuyar
Eraikuntza zurrunak azkar eta merke egiteko aukera ematen du soldadurak.
Soldadura zementu gisa lan egiten duen beste materia bat tartean sartuz egiten denean (zeharkako soldadura), bi motatako soldadurak bereizten dira juntatu beharreko metalen arabera: biguna eta gogorra. Soldadura bigunean eztainua erabiltzen da; soldadura gogorrean, berriz, kobrea eta zinka (batzuetan, zilarra ere eransten zaio) baliatzen dira.
Soldatzeko, piezak desugertu egiten dira eta, gero, berotu egiten dira soldatzeko erabiliko den tarteko metalaren (soldaduraren) urtze-tenperaturaren ingururaino. Horren ondoren, soldagailuaren edo sopletearen bidez, urtu egiten da soldadura bi piezen artean, eta, solidotzean, haietara itsatsita gelditzen da.
Juntatu beharreko bi piezen metalaren azala benetan urtzen denean, soldadura autogeno deritzo. Soldadura egiteko moduaren arabera bereizten dira soldadura-motak: oxiazetilenikoa, elektrikoa (arkuzkoa, erresistentziazkoa), aluminotermia bidezkoa, galdakeztazkoa eta abar.
Soldatzeko teknika berriak asmatu dira soldadura bereziak eta kalitate handikoak lortzeko. Adibidez, elektroi-bonbardaketa bidezko soldaduran elektroi-kanoi bat erabiltzen da hutsa egin den ganbera batean. Elektroi azkarren talkek metala urtzen dute. Laser bidezko soldadura ere erabiltzen da horretarako; ez da beharrezkoa hutsa egindako toki baten barnean egitea, baina azalera txikiak soldatzeko baino ezin da erabili. Ultrasoinu bidezko soldaduran, makina batek askatutako uhin ultrasoniko batek astindu egiten ditu juntatu beharreko materialen molekulak eta, horren ondorioz, urtu egiten dira. Kableak eta terminalak soldatzeko erabiltzen da.