semilla

1. Bot.

Ernaldua izan den obulu batetik eratutako ugaltze-egitura, enbrioi batez, erreserba-gai nutritiboz eta estalki babesle batez osatua dena.

Dikotiledoneoen eta monokotiledoneoen hazien egiturak
Dikotiledoneoen eta monokotiledoneoen hazien egiturak

1. Bot.
Ernaldua izan den obulu batetik eratutako ugaltze-egitura, enbrioi batez, erreserba-gai nutritiboz eta estalki babesle batez osatua dena.

Hazia Edit

Egilea: Nere Amaia Laskurain

HAZIA

Espermatofitoek, hau da, hazia duten landareek, bizi-zikloa osatzeko, ugaltzeko eta dispertsioa burutzeko, haziak ekoizten dituzte. Haziak, beraz, landare horien ugalketa sexualerako eta hedapenerako sakabanatze-unitateak dira.

Espermatofitoetan, hots, gimnospermo eta angiospermoetan, ernalkuntzaren ondoren hazi-hasikinaren (obulua) hazkuntzaren ondorioz garatzen dira haziak. Horrela, zigotoa enbrioi bilakatzen da, eta hazi-hasikinaren tegumentua, berriz, testa (estalkia). Loreen garapenarekin eta polinizazioarekin hasten den ugaltze-prozesua, eta, azkenik, haziaren garapenarekin amaitzen da. Definizio horretara egokitzen ez diren bi hazi-mota daude: hazi agamospermikoak, batetik, eta enbrioia ezberdindu gabe duten haziak, bestetik. Agamospermikoak diren haziak ez dira ernalkuntzaren ondoren sortu. Morfologikoki eta anatomikoki ez dago alde handirik ernalkuntzaren bidez sortutakoekin, baina bai genetikoki, amaren informazio genetikoa bakarrik baitaramate. Bestalde, bizkarroiak diren landare askori hazien egiturak murriztu zaizkie; batzuetan, ehunak guztiz desberdinduak egon arren organoak ez dira guztiz desberdintzen, eta, beste batzuetan, berriz, ez dira guztiz desberdintzen ez organoak ezta ehunak ere.

Haziaren garapena izugarrizko abantaila izan zen landare lehortarren ugalketan eta hedakuntzan. Horren seinale da gaur egun lehorreko ekosistemetan hazidun landareak gailen izatea.

Haziaren egitura

Hazian, oinarrizko hiru egitura hauek bereizten dira: 1) enbrioia 2) erreserba nutritiboak eta 3) testa (estalkia) edo episperma.

hazi_1_1

Dikotiledoneoen eta monokotiledoneoen hazien egiturak

Enbrioia

Heldu gabeko landarea da enbrioia. Baldintzak egokiak direnean, landare berri bat hazten da. Enbrioia organo hauek osatzen dute:

  • Kotiledoiak: enbrioi-hostoak dira. Kotiledoi-kopurua ez da beti bera: monokotiledoneoetan, bat izaten da, dikotiledoneoetan, bi, eta, gimnospermoetan, bi edo gehiago.

  • Erradikula: enbrioi-sustraia da.

  • Plumula: enbrioiaren begi apikala da. Enbrioi-zurtoinari epikotilo deritzo, eta, azkenik, epikotiloa eta erradikula lotzen duen guneari, hipokotilo.

Erreserba nutritiboak

Haziaren barnean, elikagaiak metatzen dira gehienetan, eta enbrioitik haziko den plantularen garapenean parte hartzen dute.

Mantenugaiak metatzeko era espeziearen arabera aldatzen da. Angiospermoetan, ernalkuntza bikoitza deritzon prozesuaren ondorioz —hau da, nukleo espermatiko bat obozelularekin lotzean zigotoa garatu, eta bigarren nukleo espermatikoa bi nukleo polarrekin lotzean triploidea den endosperma sekundarioa garatzen den prozesuaren ondorioz—, endosperma sekundarioa garatzen da. Gimnospermoek, berriz, endosperma primarioa garatzen dute, eta, gametofito emearen zatia denez, ondare genetikoa haploidea izaten da.

Testa

Hazi-hasikinaren tegumentutik bilakatu den egitura da, eta babes-funtzioa du. Bi geruzek osa dezakete testa: batetik, barnealdekoa, esklerotesta, lignifikatuta dagoena, eta, bestetik, kanpokoa, sarkotesta, mamitsua eta kolore biziak dituena.

Hazi-motak

Erreserba-substantzien arabera, hiru hazi-mota bereizten dira:

Hazi albuminiferoa

Enbrioia endosperman murgilduta egoten da, haziaren azalera gehiena betetzen du, eta plantulen garapenean erabiltzen da. Gimnosperma guztiek, monokotiledoneo gehienek eta dikotiledoneo askok dute hazi mota hau. Ohikoak dira magnoliazeoetan, unbeliferoetan eta palmazeoetan.

Hazi exalbuminiferoa

Enbrioiak endosperma xurgatzen du, kotiledoiak tamainaz handitzen dira, eta erreserba funtzioa betetzen dute. Hazia heltzen denean, ez dute endospermarik. Hazi-mota hau fabazeoetan, errosazeoetan eta konposatuetan agertzen da.

Perispermadun hazia

Endospermaren garapenean ez da megasporangio guztia erabiltzen; beraz, hazia heltzen denean, megasporangioa mantentzen da erreserba-substantzia gisa. Batzuetan, endospermarekin batera agertzen da (ninfazeo eta piperazeoetan); beste batzuetan, berriz, endospermarik gabe (kariofilazeoetan).

Haziaren funtzioa

Haziaren funtzio garrantzitsuena landareen ugalketa da, baina, enbrioia elikatzeko eta babesteko eta landareak barreiatzeko eta hozitzeko baldintza egokiak ez daudenean, latentzia-mekanismoa ere bada.

Haziaren hozitzea

Hozitze-prozesuari esker, hazian murgilduta dagoen enbrioia hazi, eta landare heldu bilakatzen da. Prozesu hori burutu dadin, zenbait erreakzio metabolikok gertatu behar dute. Erreakzio horiei esker, enbrioiaren erradikula, plumula eta epikotiloa garatzen dira.

Hazia hozitzeko, oinarrizko hiru baldintza hauek bete behar dira: batetik, enbrioiak bizirik egon behar du, hau da, haziak bideragarria izan behar du; bestetik, haziek edozein latentzia-mekanismo gainditu behar dute; eta, azkenik, hozitzea ahalbidetzen duten inguruneko baldintzak egokiak izan behar dute. Ingurune egokietara iristeko, ezinbestekoa da hazien barreiadura, eta hainbat mekanismo daude horretarako (animaliak, haizea eta abar; fruitu).

Hozitze-motak

Haziaren hozitzea hipogeoa edo epigeoa izan daiteke. Horrela, kotiledoiak kanporatzen direnean, kolore berdekoak eta fotosintetikoak izaten dira haziak, eta hozitzea epigeoa dela esaten da (Fagus sylvatica, adibidez). Kotiledoiak lur azpian gelditzen direnean erreserba- eta babes-funtzioa betetzen, berriz, hozitzea hipogeoa da (Quercus robur, adibidez).

Hazi-bankua

Bideragarriak diren hazi ugari barreiatu ondoren, lurzoruan eta orbelean metatzen dira, eta, hala, hazi-bankua eratzen dute. Hazi-bankuaren hazi-dentsitatea askotarikoa izan daiteke, inguruneko baldintzen eta landare-komunitateen arabera (baso epeletan, adibidez, 1.000 eta 10.000 hazi/m2). Hazi-bankuan, adin eta egoera fisiologiko ezberdineko haziak topa ditzakegu. Horietariko asko, bideragarriak izan arren, metabolismoa geldituta edo atzeratuta izaten dute, hots, latentzia-egoeran egoten dira. Latentzia-mekanismo horri esker, inguruneko baldintzak egokiak diren uneetan hozitzen dira haziak.

Espezie batetik bestera, asko aldatzen da haziek bizirik irauten duten denbora, hasi egun batzuetatik eta zenbait hamarkadataraino. Hazien iraupenean oinarrituz, Grimek (1979) bi hazi-banku bereizi zituen: iragankorra, urtebete baino gutxiago irauten duten haziek osatzen dutena, eta, iraunkorra, urtebete baino gehiago dirauten haziez osatua.