reptil
- 1. Zool.
Ornodunen subfilumeko zenbait animaliaz esaten da. Oro har, gorputza adarkizko ezkataz estalia dute, eta gorputz-adarrek (dituztenean) azazkal sendoz hornitutako bost hatz izan ohi dituzte. Barne-ernalketa dute, eta obiparoak edo obobibiparoak dira. Reptilia klasea osatzen dute.
- eu erreptilio, narrastari, narrasti
- en reptile
- fr reptile
- 1. Zool.
- Ornodunen subfilumeko zenbait animaliaz esaten da. Oro har, gorputza adarkizko ezkataz estalia dute, eta gorputz-adarrek (dituztenean) azazkal sendoz hornitutako bost hatz izan ohi dituzte. Barne-ernalketa dute, eta obiparoak edo obobibiparoak dira. Reptilia klasea osatzen dute.
Narrastiak Edit
Egilea: Kepa Altonaga
Narrastiak ornodun tetrapodoak dira, gorputz-azala epitelio keratinizatu eta siku batez estalita dutenak, ia guruinik gabea. Ezkata epidermiko adarkizkoak, plaka oseo dermiko subjazenteetan itsatsita egoten dira zenbaitzuetan, aldiro erortzen direlarik. Muda hori geruza korneo osoarena izan daiteke, ala zatikakoa. Kranioa lehen ornoan, atlasean, artikulatzen da kondilo okzipital bakar batez. Narrastien bizitza eta ugalketa lurrean izaten dira; zenbaitzuk uretara itzul daitezke heldu gisara, baina ugalketa eta garapena osoki lurtarrak dira, arrautza-mota berri baten agerpenari esker, hots, arrautza amniotoari, zeinak, garapen zuzenerako nahikoa elikagai edukitzen baitu, eta bai zenbait geruza babesle ere enbrioia lehortu ez dadin.
Aldiro-aldiro berriztatzen diren ezkata epidermikoek guztiz iragazgaitz bihurtzen dute gorputz-azala, gasen eta uraren sartu-irteera ekidinez. Modu horretara, narrasti heldua urarekiko independente bilakatu da hein batean, biotopo idorretara eta are eta basamortuetara ere molda daitekeelarik. Zer esanik ez, tegumentuaren iragazgaiztasunak moldapen anatomiko eta fisiologiko sakonak eskatu ditu: birika ezinbestekoa da bizitza osoan gas-elkartrukerako; modu berean, giltzurrunaren eraenketa hidrikoa ur-galera maximoraino murrizteko egokitu da, gernua azido urikozkoa eta ia solidoa delarik. Dena den, eraldapen hauek ez dira nahikoa urarekiko lotura arras ezabatzeko: anfibioak uretara lotuta dituen ugalketa, dagoenekoz bestelakoa da narrastietan. Ernalketa, hasteko, barnekoa da kasu guztietan, eta obuluak bitelo-hornidura galanta dauka, arrautzaren baitan osorik burutzen delarik enbrioiaren garapen zuzena (hau da, zapaburubakoa). Garapen-mota hau, normalean gurasoen inolako zaintzarik gabekoa, lur-lehorrean gertatzen da, baldin eta ingurune-faktoreak muga zehatz batzuen artekoak badira, hezetasuna eta, batez ere, tenperatura. Hori guztia posible bihurtu da, hazten ari den enbrioia jagoten duten hiru geruzari esker: amnioa (enbrioia lehorketatik babesten du, likido amniotikoa ur-ingurune isolatu gisara aritzen baita), alantoidea (zelula enbrionarioen hondakin nitrogenatu toxikoak metatzen dituena, uretan disolbaturiko urea modura) eta koriona (aurreko egituren biltzaile eta babeslea). Gainera, arrautza eta bere erreserbazko elikagaiak oskol koriazeo edo kalkareo baten barruan aurkitzen dira, zeinak ur-galera murrizten baitu, gasen elkartrukea oztopatu gabe.
Anfibioekin gertatzen den legez, gaur egungo narrastiak ezer gutxi dira iraganeko denboretan izandakoekin konparatuz. Bost ordena bizi daude. Lehenengoa, kelonio edo testudineena, alegia dortokena, oso zaharra da, espezie lurtar, dultzikola eta itsastarrak dituelarik, 230 denetara. Kelonioek plaka dermiko oseoak dauzkate, eta plaka epidermiko karekizkoen gaineztadura bat; ezkata-mota bi hauek oskol bakarra eratzen dute, alde dortsala eta alde bentrala fusionatuz, hori bai, buru, buztan eta hanketarako irekiuneak utzirik. Krokodilioen ordenak 21 espezie biltzen ditu, itxuraz tamaina handiko muskerrak direnak, gehienbat ur gezaren edo gazi-gezaren ingurutan bizi direlarik. Klima tropikal eta subtropikaletako krokodilo eta gabialak, kaiman eta aligatoreak dira narrasti-talde honetakoak. Bestalde, errinkozefalioen ordenak kide bizi bakarra dauka, alegia, Zeelanda Berriko tuatara, musker-itxurakoa berori, eta ikuspegi anatomikotik oso primitiboa dena; fosil bizitzat jotzen da sarritan. Bestalde, eskuamatuen superordenan bilduta, ezkata txikiko narrastien ordena biak ditugu, saurio edo lazertilioak, eta serpente edo ofidioak. Lehenengoan, muskerrak, sugandilak, gekoak, iguanak, basiliskoak, drakoak, kameleoiak eta baranoak ditugu, eta bai bestelako batzuk apodo (eta beraz serpentiforme) bihurtu direnak, zirauna, kasu; denetara, 3.000 espezie inguru. Ofidioen taldea saurioena baino homogeneoagoa da, nahiz eta erradiazio galanta erakutsi; makina bat bizimodu desberdinetara moldatu arren, gorputz-eredua bakarra da: hankabakoa, luzea eta zalua. Sugeak dira narrasti-talde honetakoak, denetara 2.700 espezie bizi deskribatu direlarik.
Benetako narrastitzat jo daitezkeen lehen fosilak zeintzuk diren zehaztea ez da erraza, zeren, anfibioekiko antz morfologiko eta anatomiko handia dutelarik, arrautza amniotoaren agerpen-unea ezagutu beharko genuke. Nolanahi, dirudienez narrastiak anfibioetatik sortu ziren Aro Primarioaren azkenetan, eta behin eta urarekiko menpekotasuna gaindituta lortu zuten efizientzia biologikoak, Sekundarioko nagusiak izan zitezela ekarri zuen, erradiazio itzela erdietsi zutelarik: ingurune guztiak bete zituzten, dinosauroak lurrean (Tyrannosaurus rex famatua esaterako), iktiosauro eta plesiosauroak uretan eta pterosauroak airean. Alabaina, animalia erraldoi guzti hauek ia batera desagertu ziren Kretazikoaren amaieran, orain 65 milioi urte. Suntsipen orokor hori azaltzeko hipotesi franko plazaratu dira, mutur biren inguruan polarizatuta daudenak. Hipotesi gradualisten arabera, desagerpenak apurka-apurka gertatu ziren. Bestalde, hipotesi katastrofistek prozesu drastikoagoa hobesten dute azalpen modura; izan ere, lurrazalaren kontra talka egin zuen meteoritoaren hipotesia indartu da azken urteotan, sortutako “negu nuklearraren” ondorioz suntsituko zirelarik narrasti erraldoi horiek, eta beraz ugaztunek bidea libre aurkituko zuten planetaz jabetzeko.