pulmón

1. Anat./Zool.

Airea arnasten duten ornodunen oinarrizko arnas organoa, gas-trukea gauzatzeko milaka albeolo dituzten lobuluz osatua.

Giza birika
Giza birika

1. Anat./Zool.
Airea arnasten duten ornodunen oinarrizko arnas organoa, gas-trukea gauzatzeko milaka albeolo dituzten lobuluz osatua.

Birika Edit

Egilea: Angel Bidaurrazaga

BIRIKA

Birika arnas aparatuko organo nagusi bikoitia da, jatorri mesodermikoa duena, eta kaxa torazikoaren barnean dagoena. Birika biak tamainaz ezberdinak dira; eskumakoa handiagoa da, hiru lobulu dituelako, eta ezkerrekoa, aldiz, txikiagoa, bi lobulu dituelako. Birika bien arteko guneari mediastino deitzen zaio, eta biriken azpian diafragma muskulua dago. Birikak hiru aurpegi edo alde ditu: mediastinikoa, saihetsetakoa eta diafragmatikoa. Elikatzeko odol oxigenatua arteria bronkialetatik datorkio, baina birika-arteria nagusiek zainetako odola dakarte biriketara, oxigenatzeko, eta ondoren birika-zainetatik bihotzera itzultzen da odol arteriala gorputz osoan hedatzeko. Oxigenoa hartzen du arnastutako airetik, odol arterialaren sistemara igaro, eta zain-sistematik hartutako karbono dioxidoa kanporatzen du.

Anatomia

Birikak kaxa torazikoan daude, saihetsetatik babestuta eta bihotzaren alde bietan. Barnea hutsa dute, arolak dira eta mintz batez estalirik daude (errai-pleura izeneko mintzez). Mintzaren kanpoaldea, kaxa torazikoa ukitzen duena, pareta-pleura deitzen da. Bien artean pleura-barrunbea dago (balizko barrunbea), likido lubrifikatzailez betea. Barrunbe honek sinu kostodiafragmatikoak eratzen ditu toraxeko behe eta kanpoaldean.

Biriken azala kolore arrosakoa da umeengan, baina bizitzan zehar, kutsaduraren ondorioz, ilundu egiten da.  Kilo-erdiko pisua du bakoitzak, eskumakoak zertxobait gehiago. Birika bakoitzak gailur edo apex bat du (goialdean, klabikularen azpian) eta azpiko aldea, oinarri zabal eta ahurra da, diafragmaren gainean.

Eskumako birikak bi zisura ditu (nagusia eta txikia) eta birika hiru lobulutan banatzen du: goikoa, erdikoa eta behekoa. Ezkerreko birikak zisura bakarra du (nagusia) eta birika bi lobulutan banatzen du: goikoa eta behekoa. Lobulu bakoitzean hainbat segmentu bereizten dira, eta bakoitza bronkio segmentario batez aireztatua dago.

grafikoak1

Giza birika

Biriken egitura

Ezkerreko bronkio nagusia

Eskuinekoa baino luzeagoa da, gainean aortaren makoa duelako. Adartu eta bi bronkio lobular edo lobulu-bronkio sortzen ditu, ezkerreko birikaren lobulu banatara sartzen direnak. Bi dira, beraz, lobuluak: goikoa eta behekoa, eta zisura batek bereizten ditu. Goiko lobuluak bost segmentu ditu. Behekoak, berriz, lau. Segmentu bakoitzera lobulu-bronkioaren adarra den bronkio segmentario bat iristen da.

Eskuineko bronkio nagusia

Gainean azigos zainaren makoa du. Bronkio honek hiru bronkio lobular sortzen ditu, eskuineko birikaren hiru lobuluetarako: goikoa, erdikoa eta behekoa; lobuluen artean bi zisura daude: goikoa eta behekoa. Goiko lobuluak hiru segmentu ditu, erdikoak bi eta behekoak bost; bakoitzera bronkio segmentario bat iristen da.

Hiloa

Odol-hodiak, bronkioak, nerbioak eta linfa-hodiak biriketara sartzen eta biriketatik irteten diren gunea da. Birikaren aurpegi mediastinikoan kokatua dago.

Zuhaitz trakeobronkiala

Honakoez osatua da:

  • Trakea.

  • Bronkio nagusiak.

  • Lobulu-bronkioak edo bronkio lobularrak.

  • Segmentu-bronkioak edo bronkio segmentarioak.

  • Bronkioloak.

  • Bukaerako bronkioloak.

  • Bronkiolo albeolarrak: paretan albeoloren bat dutenak.

  • Zaku albeolarrak: albeolo-multzoaren itxurako egiturak.

  • Albeoloak: zakutxo-itxurako zabalkuntzak.

grafikoak2

Zuhaitz trakeobronkiala

Zuhaitzaren pareta ehun konektibozkoa eta kartilagozkoa da. Gero eta txikiagoak diren kartilago hauek txaplata itxura dute. Bukaerako bronkiolora iritsi aurretik desagertu egiten dira. Bukaerako bronkioloen pareta, beraz, zuntzezko ehun konektiboek eta zuntz muskular leunek eratzen dute. Bukaerako bronkioloetatik aurrerako parenkimari azino deritzo. Azinoa organo jariatzaileen unitate funtzionala da. Zuntz muskular leunak bronkiolo albeolarretaraino eta zenbait albeolotaraino iristen dira. Zuntz konektibo elastikoak, berriz, bronkiolo albeolarretaraino eta albeolo guztietaraino.

Gas-trukaketa albeoloetan egiten da: arnasten dugun airearen oxigenoa albeoloen inguruan dauden kapilarretara pasatzen da, eta odolaren karbono dioxidoa albeoloen argira. Elkarren ondoan dauden albeoloen artean zulotxo batzuk daude: Kohnen poroak. Poro hauen bidez albeoloak elkarrekin komunikatzen dira. Birikak 300 milioi albeolo ditu; pertsona helduengan 140 m karratuko azalera osa dezakete.

Baskularizazioa

  • Baskularizazio arrunta: birika-arteriaren adarrak adartu egiten dira eta azinoetara iristean sare kapilarrak eratzen dituzten adartxoak sortzen dituzte. Sare kapilarrak albeoloen azaletik sakabanatzen dira eta bertan gas-trukaketa burutzen da. Ondoren, benuletan bildu eta, azkenik, birika-zainetara iristen da odol oxigenatua.

  • Baskularizazio elikatzailea: aortaren adar diren arteria bronkialek burutzen dute. Arteria hauek adartu egiten dira eta albeoloen inguruan sare kapilarrak eratzen dituzte. Sare hauetatik irteten diren benulek birika-zainetara isurtzen dute oxigenorik gabeko odola. Birika-zainek jasotzen duten odola, beraz, odol nahasia da: oxigenatua, birika-arterien sare kapilarretatik datorrena eta, oxigenorik gabea, arteria bronkialaren saretik datorrena.

Sistema linfatikoa

Kapilar linfatikoek zaku-hondo antzera inguratzen dituzte albeoloak. Kapilar hauek elkartu eta hodi linfatikoak sortzen dituzte, birikaren gongoil linfatikoetan biltzen direnak, hain zuzen ere.

Inerbazio begetatiboa

Birikak gure barne-fisiologiaren beharrak betetzeko daudenez, nerbio-sistema begetatiboaren aginduetara dago.

  • Sinpatikoa : gongoil torazikoetatik irteten diren adarretatik datorkio inerbazio sinpatikoa. Sinpatikoak adrenalina jariatzen du. Substantzia honek ekintza ezberdinak eragiten ditu hartzaile-motaren arabera:

    • Alfa: odol-hodiak uzkurtzen ditu (hodi-uzkurtzea).

    • Beta 2: zuhaitz trakeobronkialaren zuntz muskular leunak erlaxatzen ditu (bronkio-zabalkuntza).

  • Parasinpatikoa: nerbio bagoaren gongoil aurreko zuntzak biriken eta bronkioen paretetan dauden gongoil parasinpatikoetara iristen dira. Parasinpatikoak azetilkolina jariatzen du. Honek muki-guruinen jariapena areagotu eta zuntz leunak uzkurtzen ditu (bronkio-uzkurtzea).

  • Hartzaileak:

    • Eztula-hartzaileak: pleuran, trakean, bronkio nagusietan eta bronkio lobularretan kokatuak.

    • Narritadura-hartzaileak: bronkio txikietan.

    • Zabalkuntza-hartzaileak: azinoetan.

    Hartzaile horietatik irteten diren zuntz eramaileak nerbio bagoarekin batera joan eta erdiko nerbio-sistemaraino (ESN) heltzen dira. Hauei esker, lehen aipatu diren hiru sentsazio horiez ohartzen gara.

    Beste zuntz batzuek arku erreflexua eratzen dute ornomuinean, bertan egitura eragileetara iristen diren adar motorrak sortuz. Adar motor hauek eztula, espasmoak eta aireztapena gehitzea eragiten dituzte.

Funtzioak

Arnasketa, hau da, odoleko gas-trukatzea da biriken funtzio nagusia; horregatik, haien albeoloak kapilarretatik oso gertu daude. Bertan, oxigenoa airetik odolera doa eta karbono dioxidoa, difusioaren bidez, odoletik airera.

Arnasketaz gain:

  • Aire-iragazkia: aireak dakartzan partikula kutsakorrak garbitzeko, arnas epitelioan zilio ugariko zelulak daude, muki-jariatzaileak eta sistema fagozitario bat.

  • Metabolismorako: farmakoak iraizteko, azido-base oreka mantentzeko, surfaktante jariapena.

Gaixotasun arruntenak

Birikietako gaixotasun garrantzitsuenak: bronkitisa, pneumonia, pneumotoraxa, minbizia eta tuberkulosia.