pez

1. Mater.
sin. brea

Mundruna eta beste zenbait gai organiko destilatuz lortzen gai likatsu edo erdisolidoa, kolore iluna edo beltza duena. Isolatzeko eta istinkatzeko erabiltzen da, baita zenbait gai organikoren iturritzat ere.


2. Zool.

Uretako ornodun poikilotermoa, hegatsak dituena. Bihotza bi barrunbeduna da, arnasketa zakatzen bidezkoa eta gorputza ezkataduna, eta gehienetan isats-hegats batean amaitzen dena. Arrainak klase estatusa zuen taldea bazen ere, gaur egun terminoak ez du balio sistematikorik, eta garai bateko taldeko espezieak plakodermo, kondriktie, osteiktie eta agnatuen klaseetan banatzen dira.

Aktinopterigio baten morfologia
Aktinopterigio baten morfologia

2. Zool.
Uretako ornodun poikilotermoa, hegatsak dituena. Bihotza bi barrunbeduna da, arnasketa zakatzen bidezkoa eta gorputza ezkataduna, eta gehienetan isats-hegats batean amaitzen dena. Arrainak klase estatusa zuen taldea bazen ere, gaur egun terminoak ez du balio sistematikorik, eta garai bateko taldeko espezieak plakodermo, kondriktie, osteiktie eta agnatuen klaseetan banatzen dira.

Arrainak Edit

Egilea: Alvaro Anton

ARRAINAK

Arrainak hegats-itxurako gorputz-adarrak dituzten ornodun urtarrak dira, zakatzen bidez arnasten dutenak. Aniztasun handiko talde ez-monofiletikoa da arrainena, zeinaren barruan mixinoak, zefalaspidomorfoak (petromizonteak edo lanproiak), kondriktieak (kartilago-eskeletodun arrainak), sarkopterigioak (zelakantua) eta aktinopterigioak (teleosteoak) biltzen dira. Bost talde hauen artean ornodun espezieen erdia besarkatzen dute, 20.000 espezie baino gehiago. Arrainak ikasten dituen zientzia iktiologia da.

grafikoak1

Aktinopterigio baten morfologia

Arrainak egokitze-ahalmen handia duten animalia urtarrak dira. Ugarienak itsastarrak dira, baina beren moldaera fisiologikoei esker, mundu osoko ur gezak kolonizatu dituzte. Dena den, gutxi batzuek soilik (teleosteoen % 10 baino gutxiagok) lortu dute gazitasun ezberdinetara  moldatzeko ahalmena. Zenbait arrainek (arrain pulmonatuak, adibidez) airea arnasteko ahalmena garatu duten arren, ez dago uretatik kanpo luzaroan bizitza aktiboa eramateko gai den arrainik. Oso hidrodinamikoak izaten dira, eta, gainera, daukaten muskulatura garatuari esker, batzuek abiadura handitan (ezpata-arrainak, adibidez) zein distantzia luzetara (izokinak) igeri egiteko ahalmena dute. Hainbat espeziek bizi-zikloa betetzeko beharrezkoak dituzten leku-aldaketa hauetan, bai elikaduraren bila (marrazo balea) eta bai ugaltzeko (atunak, adibidez), milaka kilometro egin ditzakete. Itsastar asko sakoneratik azalerara mugitzen dira elikadura bila edo babes bila. Arrainen migrazioak helburuaren eta igarotzen dituzten habitat ezberdinen arabera sailkatzen dira. Honela, arrain anadromoak ibaian jaio eta itsasora elikatzera doazenak dira (kolakak, adibidez), eta katadromoak itsasoan jaio eta ibaietara elikatzera doazenak (aingirak, adibidez). Oso nabarmena da animalia hauek duten ahalmena dagokien ibaietara itzultzeko; historikoki, askotan aztertu izan den gaia da, eta zenbait espezietan oraindik guztiz argi ez dagoena.

Hain talde zabala izanik, elikadurarekiko zein ugalketarekiko aldakortasun nabaria duen taldea da. Taldearen aniztasunak, aldaketei egokitzeko gaitasunak, eta garai ezberdinetako arrain fosilen ugaritasunak arrainen sailkapenean eztabaida asko sorrarazi dute historian zehar. Eboluzioan jarraitutasunik izan ez duten arrainen lerroak alde batera utzita, arrainak bost klase hauetan banatzen dira:

Mixinoak

Arrainen artean ezaugarri primitiboenak aurkezten dituen talde parafiletikoa da. Dena den, zenbait kasutan aurkezten duten sinplifikazioa bizilekuen kondizioetara egokitzearen ondorio izan daiteke. Mixinoak sarraskijaleak izaten dira, baina ez bizkarroiak. Talde honek 65 espezie inguru hartzen ditu, denak itsastarrak.

Zefalaspidomorfoak

Barailarik gabeko eta ezkatarik ez duten sekzio biribileko gorputz luzexka aurkezten duten 41 lanproi-espezie dira. Anadromoak edo ur gezako animaliak dira. Orokorki, bizkarroiak dira eta elikatzeko muturrean duten disko-itxurako aho-egituraren bitartez arrainei lotu, azala urratu eta odola xurgatzen diete.

grafikoak2

Lanproiaren morfologia

Kondriktieak

Endoeskeletoa guztiz kartilaginosoa duten arrainak dira. Talde nahikoa homogeneoa da, orokorki tamaina handiko espeziez osatua, eta bi talde nagusitan sailkatzen dira: elasmobrankioak, 815 marrazo-espezie, eta holozefaloak, denetara 31 espezie, baina anatomikoki marrazoekiko zenbait desberdintasun dutenak.

grafikoak3

Marrazo grisa (Carcharhinus amblyrhynchos)

Aktinopterigioak

Hezurrezko eskeletoa duten eta brankiak babesteko operkulua duten arrainak dira. Arrain-talderik arrakastatsuena da eta bi talde nagusitan banatzen da: kondrosteoak, plaka dermikoz estalitako gorputza duten zortzi espezie (gaizkatak barne); eta neopterigioak, jatorri dermikoa duten ezkatez estalitako azala dutenak. 23.600 espezie hartzen dituen talde honek, oro har, egokitzeko ahalmen handia du; gaur egun, talderik arrakastatsuena da.

grafikoak4

Urraburua (Sparus aurata) (iturria: Xabier Mina Ederra. Mutrikuko Akuikultura Eskola)

Sarkopterigioak

Talde honek hegats lobulatuak dituzten zortzi espezie soilik hartzen duen arren, zelakantoak barne, animalien eboluzioan oso talde esanguratsua da. Tetrapodoen arbasoa talde honetakoa zela uste da. Sarkopterigioetan igeri-maskuria baskularizatuta egon daiteke —dipnooetan, adibidez— eta aireko oxigenoa arnasteko gai dira.