pesca

1. Arr.

Itsasoko edota ur gezako arrainak eta beste animalia batzuk harrapatzeko jarduera edo lanbidea.

Inguraketa-sarea
Inguraketa-sarea

1. Arr.
Itsasoko edota ur gezako arrainak eta beste animalia batzuk harrapatzeko jarduera edo lanbidea.

Arrantza Edit

Egilea: Ane Iriondo, Lorenzo Motos, Estanis Mugerza, Hilario Murua

ARRANTZA

Arrantzaren historia eta haren garrantzia munduan

Arrantza da, zalantzarik gabe, gizakiaren elikagai-beharrak asetzeko sortutako lehendabiziko jardueretako bat. Denboran zehar hainbat jarduerarekin gertatu denaren antzera, beste ekintza paralelo batzuk sortu ziren behar horren inguruan, kirol-jarduerak, esate baterako.

Jo dezagun itsas arrantzaren hasierara, hau da, Harri Aroan Europako kostaldean egiten zen arrantzara. Hasiera batean, itsasbehera heltzean, karramarro, arrain txiki eta kuskubikoak biltzera mugatzen zen orduko biztanleen jarduera. Ehizan erabili ohi diren tresnak erabiltzen hasi ziren, bai itsasoan eta bai ur kontinentaletan: arkuak, lantzak edo geziak, esaterako. Era horretan, arrantza ehizaren pareko bihurtu zen, eta hortik sortu zen gizonen lanbide hau. Ondoren, karramarroak eta arrain txikiak biltzea ume eta emakumeen egiteko bihurtu zen.

Lehen amuak ardatz-formako puntadun orratzak izan ziren, antzinako herrialdeek erabiltzen zituztenen modukoak. Amua geziak eta arpoiak baino beranduago asmatua izan bazen ere, Harri Aroan ezaguna zen. Amuak harrian, egurrean edo hezurrean lantzen ziren, nahiz eta tokian tokiko material eta era desberdinak erabiltzen zituzten amuak egiteko orduan. Australian eta Afrikako lurralde askotan, arabiarrek eta europarrek sartu zuten amua. Hala ere, Brontze Aroan, amuak gaur egun duen itxura hartu zuen.

Era berean, laster hasi ziren nasak ehuntzen zumearen adartxoak erabiliz; hain zuzen, gaur egunera arte jarraitzen duen teknika erabiltzen hasi ziren. Bestalde, ibaietan dike modukoak jartzen zituzten, horrela arrainak tranpetara bideratzeko. Garai haietan, barrualdeko lurraldeetan, borrokarako eta hegaztiak ehizatzeko erabiltzen ziren sareak birmoldatuz, laster hasi ziren sare horiek erabiltzen, eta arrainak arrantzatzeko trainak eta hondoko sareak egiten zituzten.

Brontze Aroaren eta Burdin Aroaren hasieran, baltsak eta piraguak alde batera utzi, eta arraunak eta belaontziak egiten hasi ziren. Honela, ontzigintzaren hastapenen oinarriak ezartzen hasi ziren. Garai haietan, arrantza kostaldetik hurbil egiten zen, hau da, badietan edo hondartzetan, eta arrantza banakako beharrak asetzeko izan ohi zen. Geroago, eta teknologia aurreratu ahala, arrantza kostaldetik gero eta urrutirago egiteko aukera zegoen. Gainera, arrantza-jarduerari esker sortutako produkzio handiek arrain-merkataritza ahalbidetu zuten.

Adibide gisa, Ternuako inguruetan bakailao-arrantza arras garrantzitsua izan zen. XVI. eta XVII. mendeetan, arrantza itsasontzi handien itzalpean ziren txalupa txikiek egiten zuten, amuak eta tretzak erabiliz. Itsasontzi handia kostaldean ainguratuta geratzen zen bitartean, txalupa txikiak bakailaoa arrantzatzera abiatzen ziren, eta harrapatutakoa lehorrean gazitu ondoren, arrantza-ontzi handian pilatzen zuten. Gerora, XVIII. mendean, arraste-ontzi handiak izan ziren, hondoko arraste-sareak erabiliz, bakailaoaren arrantza egin zutenak. Hogeigarren mendetik aurrera, berriz, bakailao-arrantza bi ontziren arteko arraste-arrantzara aldatu zen, bikoteko arraste-arrantza deritzonera, eta gaur egun ere horrela egiten da.

Laburbilduz, historian zehar teknologia aurreratu ahala, arrantza-teknikak eta -aukerak zabalduz joan dira, gaur egungo arrantza-ontzi moderno eta teknika sofistikatuetara iritsi arteraino.

Bestalde, egun arrantzak duen garrantziaz ohartzeko, FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak eskaintzen dituen datuak aztertzea besterik ez dago. FAOren arabera, itsasoko eta ur gezako arrantza eta akuikultura kontuan hartuta, 140 milioi tona produzitu ziren 2004. urtean. Horietako 106 milioi tona giza kontsumorako bideratu ziren; 35 milioi tona, berriz, beste erabilera batzuetarako. Azken bost urteetako datuak aztertzean, joera bera nabari da. Itsasoko arrantzari dagokionez, 2004. urtean 95 milioi tonakoa izan zen, azken urteetako kopuruen antzekoa. Kopuru horiek adierazten dute arrantza bidezko ekoizpenak gehienezko balioa lortua izan lezakeela. Datu horien ondorioz, arrainaren eta bertatik eratorriak diren produktuen komertzializazioak 2004an 71.500 milioi dolarreko balioa izan zuela erdiesten da.

Datuak herrialdeka aztertuz, Txina da, dudarik gabe, ekoizle nagusia 16,9 milioi tonarekin; ondoren, Peru eta Estatu Batuak agertzen dira. Europako lurraldeen artean, Norvegia da ekoizle garrantzitsuena 2,5 milioi tonarekin, munduko hamargarrena; Estatu espainiarra, hamahirugarren lekuan dago.

FAOren aburuz, 2004. urtean arrantzatik 41 bat milioi pertsona bizi ziren, eta horietako asko lurralde garatuetan. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, 8 mila pertsonako giza taldeak osatzen du arrantza edo erauzketa-sektorea.

Arrantza-motak

Arrantza-motak ugariak dira, eta zenbait sailkapen egin daitezke, erabilitako ezaugarrien arabera. Adibidez, arrantza-modalitatean oinarriturik, hiru era nagusitan bana daiteke arrantza.

Arrantza-sareak

Sareen bitartez harrapakina, inguratuz, poltsaratuz edo mailasareetan harrapatuz arrantzatzen da. Hauek bereizten dira:

  • Inguraketa-sareak: izenak esaten duen bezala, sareak arrainak inguratu egiten ditu. Sare hauen artean, bragereko sokadunak eta sokagabeak bereizten dira. Batez ere, arrain pelagikoak arrantzatzen dira, antxoa edo tunidoak, esaterako.

grafikoak1

Inguraketa-sarea

  • Arraste-sareak: sarea arrantza-ontzi baten edo biren bitartez arrastatzen da; kono-formako sarean arraina harrapatzen da. Bi arraste-mota bereizten dira. Batetik, arraste pelagikoa; izenak dioen bezala, ur-zutabearen altuera desberdinetan (hondotik urrun) arrastean doan sarea izaten da, non espezie pelagikoak arrantzatzen diren. Bestetik, hondoko arrastea, non sarea itsas hondoan zehar arrastatuz eramaten den, hondoko espezie edo espezie demertsalak harrapatzeko. Arrantza-ontzi bakar baten bitartez arrastatuak izaten diren sareak zabaltzeko, ate handiak erabiltzen dituzte. Bi arrantza-ontzik arrastatzen dutenean sarea, ez dira beharrezkoak horrelako tresnak, arrantza-ontziek zabaltzen baitute sarea. Sare hauen bitartez hainbat espezie pelagiko zein demertsal arrantzatzen dira; hala nola bakailaoa, legatza, zapoa eta abar.

grafikoak2

Arraste-sarea

  • Mailasareak: arraina mailasareetan harrapatuta geratzen da. Sare angeluzuzenak izaten dira, eta sare bakarrez edo sare-andanaz osatua, hau da, elkarri lotutako sare askoz osatua. Flotagarritasunaren eta lastaren arabera, sareak ur-azalean, ur-zutabearen altuera desberdinetan edo hondoan kokatzen dira. Sare batzuk finko kokatzen dira, goialdean flotagarritasuna emango dioten elementuez baliatuz eta behealdean pisua edo lasta jarriz. Beste batzuk korronteen mende mugitzen dira; horiei trabes-sare edo jito-sare deritze, eta ur-azalean edo arrantza-ontzitik gertu flotagailuen bitartez lotuak egoten dira.

Arrantza-aparailuak

Amuen bitartez harrapatzen dira arrainak. Arrainak beita biziekin, hilekin edo artifizialekin arrantzatzen dira. Arrantza-tresnak zenbait elementuz osatuta daude: kanabera, pita, amua… Amua pitaren puntan, hari lotua, jartzen da.

Amuek ur-geruzan hartzen duten kokapenaren arabera, aparailuak bitan bereiz daitezke, bertikalki kokatzen direnak eta horizontalki kokatzen direnak.

  • Bertikalki kokatzen direnak: esku-aparailu eta kanabera gisa ezagutzen dira. Esku‑aparailuetan, amuaz gain, erakargarri koloretsu bat jartzen da, arrainen atentzioa eta interesa pizteko. Esku-aparailua mekanikoki edo eskuz igo daiteke txalupara. Oso erabilia da Kantauriko itsasoan, berdelaren arrantzan. Kanaberaren kasuan, beita biziaren bidez estimulatzen da arraina; arrantza-mota hau oso ezaguna da tunidoak arrantzatzeko.

  • Horizontalki kokatzen direnak: tretza (edo palangre) izenaz ezagutzen dira. Uretan hartzen duten kokapenaren arabera, zenbait tretza bereiz daitezke: azalekoa, hondokoa eta piedra-bola delakoa. Orokorrean, tretza lerro nagusi batek osatzen du, normalean luzera handikoa izaten da, eta bertatik, tarte erregularrak mantenduz, amuez osaturiko beste adar batzuk irteten dira, beitarekin edo beitarik gabe.

  • Kazako aparailuak (kurrikan izenaz ere ezaguna): pita eta amudun lerro sinpleak izaten dira, eta beita naturala edo artifiziala erabiltzen dute. Arrantza-ontzi batetik atoian eramanez, ur-azaletik gertu edo sakonera jakin batera erabiltzen dira. Garabi-eskuen laguntzarekin lerro bat baino gehiago erabil daiteke.

Arrantza-tresnak

Zenbait espezie arrantzatzeko erabiltzen diren tresnak. Alde batetik, bilketa-tresnak, eta horien artean aipagarrienak arpoia eta arrastelua (edo eskuarea) dira. Bestalde, tranpak ere erabiltzen dira; erabilienak krustazeoen nasak, arrain-kaiolak eta olagarroen poteak dira.

Arrantza Euskal Herrian

Euskal Herriko arrantza-sektoreak, egun, lau azpisektore ditu: baxurako arrantza, arrantza freskoko alturakoa, atunontzi izoztaileak eta bakailao-ontziak. Nahiz eta orain dela gutxi arte bosgarren azpisektore bat ere egon (arraste-ontzi izozkailuak), gaur egun desagertuta daude Euskal Autonomia Erkidegoko flotatik.

Baxurako arrantza. Pelagikoen arrantza

Baxurako arrantza-mota honen ezaugarri nagusia kala hurbiletan jardutea da. Artisau-metodoak eta tamaina desberdineko ontziak erabiltzen dituzte, eguneko edo luzapen ertaineko (10-15 egun) irteerak egiteko. Pelagiko handi zein txikien arrantza eta arrantza demertsal mistoa egiten badute ere, pelagikoen arrantza da nagusi. Euskal flotak gehien ustiatzen dituen arrain txiki pelagikoak antxoa, berdela, txitxarroa eta sardina dira, eta, pelagiko handien artean, hegalaburra eta hegaluzea. Harrapaketei eta flotaren ahaleginari dagokienez, antxoa, berdela, hegalaburra eta hegaluzea dira espezie nagusiak.

Inguraketa-ontzien flotak egiten ditu antxoa-, berdel-, sardina- eta txitxarro-harrapaketa gehienak. Txitxarroa arraste- eta tretza-ontziek ere harrapatzen dute, eta berdelaren arrantzan, aldiz, inguraketa-sareaz gain, esku-aparailudun arrantza-ontziek parte hartzen dute. Hegalaburra eta hegaluzea lehen aipaturiko beita biziaz hornituriko kanabera bitartez arrantzatzen dira.

Arrantza freskoko alturakoa. Demertsalen arrantza

Alturako arrantzan, tamaina ertaineko ontziekin arraste- eta tretza-teknikez baliatzen dira, eta 7-12 eguneko irteerak egiten dituzte. Arrantza-mota honetan arrantza demertsal mistoa da nagusi. Euskal Herriko flotak Kantauri itsasotik Eskoziako ipar-ekialderainoko eremuan harrapatzen ditu itsas hondoko hainbat arrain-, krustazeo- eta zefalopodo-espezie. Espezie-taldea ugaria da: nagusiki legatza, balio ekonomiko handia duelako, eta, harekin batera, baita oilarrak eta zapoak ere; ur sakoneko arrainak (marrazo batzuk barne), zefalopodoak, zigalak eta espezie osagarriak (horietako batzuk oraindik ez daude TACen, urteko harrapaketa-kopuruaren, eta kuoten bidez arauturik).

Atunontzi izoztaileak. Tunido tropikalen arrantza

Ontzi eta inbertsio handiko enpresek osatzen dute arrantza-mota hau; hala, teknologiari dagokionez, munduko flotarik aurreratuenen artean dagoela uste da. Arrantza-sektore honek Ozeano Atlantikoko eta Indiako Ozeanoko eremu tropikaletan dihardu tunido tropikalak (hegats-horia, lanpo sabelmarraduna eta moja) arrantzatzen. Tunido tropikalen arrantza inguraketa-sareen bitartez egiten da. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, hobekuntza teknologiko erabakigarri bat sartu zen arrantza-mota honetan, arrainak erakartzen dituzten objektu flotagarri artifizialak erabiltzen hasi ziren, eta, ondorioz, arrainen harrapaketa asko emendatu zen. Egun, hogeita bost atunontzi izoztaile inguru dira urte guztia arrantzan igarotzen dutenak, lehen aipaturiko bi ozeanoen eremu tropikaletan.

Gainera, badira tunido tropikalen arrantzan ibiltzen diren beste euskal ontzi batzuk ere. Kantauri itsasoan erabiltzen den beita biziko teknika erabiltzen dute, tunido tropikalak arrantzatzeko, Ozeano Atlantikoko eremu tropikalean.

Bakailao-ontziak

Euskal bakailao-ontzien flota bost ontzik (bikote batek eta hiru bouk) osatzen dute. Bakailaoaren arrantza Euskal Herriko flotaren diru-sarrera guztien % 5 da, gutxi gorabehera. Arrantza-mota hau asko gutxitu da azken urteotan, Ternuako arrantza-toki tradizionalak agortzearen ondorioz eta beste arrantza-lekuetako kuota-jaitsieren ondorioz, batez ere.

Historikoki, flota honek bi arrantza-lekutan lan egin du: Ternuan eta Svalbarden (Norvegiako iparraldean), hau da, Atlantikoaren mendebaldean eta ekialdean, hurrenez hurren. Azkenengo urteetan, Ternuako bakailaoa kolapso-egoeran dago. Hori dela eta, fletan beltza harrapatzera birbideratu dute arrantza. Bestalde, urtero, udara partean, Norvegiako iparraldera joaten dira dagozkien bakailao-kuotak arrantzatzera, arraste-arrantza erabiliz.

Arrantza, zientzia eta kudeaketa

Arrantza-zientziaren hastapenetan ozeanoetako baliabide bizidunak agorrezinak zirela uste bazen ere, azken hamarkadetako joera ikusirik, argi dago garai haietan oker zirela. Adibide gisa, hona hemen datu bat: FAOk aditzera eman zuenez, 2005ean, arrain-populazioen laurdena neurriz gain ustiatuta zegoen, % 50 inguru guztiz ustiatuta eta beste % 25a neurriz ustiatuta; hark adierazitakoaren arabera, joera hori azken 10 edo 15 urteetan mantendu da. Hori horrela izanik, ezinbestekoa da arrantza-harrapaketen estatistika zehatzak, arrantza-ahaleginaren eta arrantza-gaitasunaren datu zehatzak izatea ustiatutako bizidunen populazioen jarraipen, ebaluaketa eta ustiaketa jasangarria bermatzeko. Hala, arrantza-baliabideen ustiaketa jasangarria eta baliabide naturalen babesa nazioarteko erakundeen zein herrialdeen kezka-iturri izan da azken bi hamarkadetan. Halaber, arrantza-populazioen gainustiaketak eta arrantzak ingurugiroan eragiten dituen efektuek populazioen ustiaketa arduratsu eta jasangarria egiteko eskaerak hedatu dituzte mundu osoan.

Adibidez, FAOren Arrantza Arduratsuaren Jokabide Kodeak (ingelesezko Code of Conduct for Responsible Fisheries) estatuei agintzen die, populazioen kudeaketa jasangarria bermatzeaz gain, arrantzaren kudeaketa zientzia-aholkuetan oinarritzea. Arrantza-populazioen kudeaketa, askotan, lan konplexu eta zail bihur daiteke, eta are zailagoa, populazio migratzaileen eta mugen artean banatzen diren populazioen kasuan. Kasu horietan, ebaluaziorako eta kudeaketarako datuak zenbait herrialdek jasotzen dituzte, eta Arrantza Kudeaketarako Erakunde Erregionaletan biltzen dira. Halaber, Nazio Batuen Itsas Zuzenbidearen Konbentzioak (UNCLOS edo ingelesezko The United Nations Covention on the Law of the Sea) ere kudeaketa jasangarria bermatzea eskatzen die herrialdeei, eta, gainera, ebaluazioan eta kudeaketan eskura diren datu zientifiko gehienak erabiltzea. Era berean, Nazio Batuen Itsas Zuzenbidearen baitan, Migratzaile Handien eta Mugaz Haraindiko Populazioen Kudeaketa eta Babesa izeneko atalean —2001ean onartu zen—, estatuei aholkatzen zaie arrantza kudeatzeko garaian Irizpide Arduratsu izeneko teoria erabiltzea, eta erabakiak hartzeko garaian informazio zientifiko zehatzena jasotzea eta eskuragarri egitea. Azkenik, Johannesburgeko Garapen Jasangarriaren Munduko Goi Bileran, 2002an, arrantzari buruz hainbat herrialdek hartutako konpromisoa hau izan zen: “arrantza-populazioak gehienezko etekin jasangarria ekoizteko gai diren mailetan mantentzea edo hortik behera agertzen diren populazioak maila horretaraino berreskuratzea lehenbailehen, baina inoiz ez 2015 baino haratago; eta baita arrantza ilegala, ez-kontrolatua eta arrantza-praktika suntsitzaileak eliminatzea ere, hala nola 2012rako itsas eremu babestuak eratuz”.

Laburbilduz, nazioarteko tresna eta lege horien guztien oinarrian bi puntu nagusi azpimarra daitezke. Batetik, arrantza modu arduratsuan egiteko irizpidea aplikatuz, arrantza-baliabideen kudeaketa jasangarria bermatu behar dela eta, bestetik, bai ebaluazioek bai kudeaketek eskura den informazio zientifiko zehatzenean oinarritu behar dutela. Azken puntu horri lotuta, nazioarteko legedi horietan guztietan nabarmentzen da herrialde bakoitzak ardura duela bere baliabideen edo ustiatzen dituen baliabideen jarraipen zientifikoa eta ikerketa egiteko.

Arrantza-ikerketa

Arrain-populazioen biomasa bi eratara emenda daiteke: batetik, animaliak hazi ahala, populazio-biomasa handitzen da; bestetik, espezie bakoitzaren emankortasunaren arabera, urtero jaiotako arrainkumeak populaziora sartzean ere biomasa emendatzen da. Bestalde, populazioaren biomasa bi eratara murriztu daiteke: batetik, hilkortasun naturala edo berezko hilkortasunak eraginda eta, bestetik, arrantzak eragiten duen hilkortasunaren ondorioz. Horrenbestez, arrain-populazioaren ustiaketa jasangarria eta iraunkorra bermatzeko, populazioaren berritzearen eta hilkortasunaren arteko oreka mantendu behar da. Beste modu batera esanda, arrain-populazio jakin batetik, haren iraupena arriskuan jarri gabe, arrantzaren bidez zenbat biomasa atera dezakegun ebaztea da arrantza-ikerketaren oinarria. Hau da, biomasa handitzearen eta murriztearen arteko oreka mantendu behar da, eta, hori lortzeko, populazioak jasandako hilkortasunak biomasa handitzearen tasak baino txikiagoa izan behar du, batez beste, denboran zehar. Horretarako, arrain-populazioen ustiaketa jasangarria mantentzeko, beharrezkoa da populazioen historia ezagutzea, egungo egoera ebaluatzea eta etorkizunean izan dezakeen jokabidea aurrez ikustea. Gainera, arrain-populazioaren biomasa ezagutzeaz gain, ezinbestekoa da baita populazio horren biologia eta ekologia ongi ezagutzea ere.

Era berean, harrapatzen den biomasa arrantza-ontziek egindako arrantza-ahaleginaren araberakoa denez, arrantza-ahalegina neurtzea ezinbestekoa suertatzen da. Hartara, arrantza-ikerketan, neurketa horrek arrantza-ahalegina arrantza-hilkortasunarekin erlazionatuko du, eta, ondorioz, arrantza-ahalegin jakin batek zenbat biomasa erauziko duen aurreikusi ahal izango da. Beste hitz batzuk erabiliz, populazioaren biomasa-gehigarri hori harrapatzeko zenbat arrantza-ahalegin egin beharko den erdietsi genezake. Flota batek populazio bat gero eta ontzi gehiagorekin harrapatzen badu, edota aparailu gero eta eraginkorragoak erabiltzen baditu, itsasoan gelditzen den arrain-kopurua gutxituz joango da, eta, beraz, argi dago flota horren arrantza-ahalegina zehatz ezagutu behar dela. Halaber,  erreklutamendu-tasa ezagutzea, hau da, arrantza-ahalegin edo hilkortasunak eragiten duen harrapaketa edo kudeaketaren ondorioz ezarritakoa orekatzeko urtero populazioan zenbat arrainkume sartzen denjakitea, oso garrantzitsua da populazioaren berriztapen-maila zein den zehazteko eta bermatzeko.

Adibidez, gehiegizko ustiapenak populazio baten arrainen batez besteko neurria gero eta txikiagoa izatea eragiten du, arrain helduak lehenengo desagertzen baitira. Ondorioz, populazioa gutxitzeaz gain, populazioaren emankortasuna ere gutxitzen da, eta arriskuan jartzen du populazioaren berreskuratze-ahalmena. Laburtuz, arrantzaren kudeaketa jasangarriaren xedea da urtero arrantzatutako biomasa eta populazioaren biomasa-emendioa (erreklutamenduaren bidezkoa eta populazioko banakoen hazkundearen bidezkoa) parekatzea; hau da, zehazten zaila den gehienezko etekin jasangarri esaten zaion erreferentzia-puntuari eustea.

Arrain-populazioen biomasaren kuantifikazioa egiteko oinarrizko informazioa bi iturri nagusitatik hartzen da. Batetik, arrantza-jarduera bera; arrantzatutako biomasa, harrapaturiko arrainen ezaugarriak (tamaina, adina, sexua, heldutasuna...) eta arrantza-ahalegina eta harrapaketaren arteko erlazioa neurtzen dira. Azken finean, datu horiek jasoaz demografia-ikerketa bat egiten da, hau da, populazioen egitura jakinda, eta horrek erreklutamenduarekin duen erlazioa ezagututa, populazioaren irteeren (arrantza + hilkortasun naturala) eta sarreren (hazkuntza + erreklutamendua) arteko oreka bilatzen da. Beste iturri nagusia arrain-populazioen gainean egiten den zuzeneko ikerketa da. Talde horretan, arrain-populazioen biomasa erdiesteko egiten diren kanpaina ozeanografiko zuzenak sar ditzakegu; adibidez, antxoa-populazioa zenbatesteko egiten den arrautza-produkzio kanpainak, kanpaina akustikoak edota biomasa neurtzeko arrasteko kanpainak.

Horrekin batera, kudeaketa jasangarriari bide emango dion aholku zientifikoa prestatzeko, nahitaezkoa da arrain-populazioaren biologia eta ekologia ongi ezagutzea: hilkortasun naturala eta horren eragileak, erreklutamenduaren arrakastan eragiten duten faktoreak, populazio horrekin harreman estuak dituzten beste populazioen eta ingurunearen ezaugarriak ezagutzea eta, oro har, arrantzaren ekosistemaren funtzionamendua ulertzea. Azken batean, arrantzaren ondorioak ez dira mugatzen ustiatutako populazioetara soilik, espezie hori bizi den ekosistemaren gainerako bizidunetan ere nabari baitaitezke. Adibidez, emankortasun txikiko espezieak (hondoko espezieak, ugaztunak, marrazoak, etab.) oso sentikorrak izaten dira arrantzaren presioaren aurrean. Gainera, biotopoa bera ere kaltetu daiteke arrantza-aparailuen eraginez.

Arrantza-kudeaketa

Datu horiek guztiak jasotzeko ardura herrialde bakoitzak du bere uretan; populazioak bi herrialderen edo gehiagoren uretan banatzen badira, datuok banaka edo era koordinatuan jasotzeko ardura dago, hasieran aipaturiko protokoloek agindu bezala. Datu horiek guztiak jasota eta populazioen ebaluaketa eginda, arrantza-aukera desberdinak eta eurek populazioan duten eragina aurreikusten dira, epe motzeko edo ertaineko iragarpenen bitartez. Hori dena, arrantza kudeatzeko nazioarteko erakundeetan egiten da. Erakunde horietan, arrantza-interesak dituzten herrialdeetako zientzialariak biltzen dira, eta bakoitzak ustiatzen dituen arrain-populazioen datuak eskuragarri jartzen dituzte. Modu horretan, zientziaren ebaluazioa interesa duten herrialde guztien artean egiten da, eta arrantza-jarduera kudeatzeko ardura duten erakundeei arrantzari buruzko zientzia-aholkua eskaintzen zaie. Arrantzaren kudeaketaren ardura, batzuetan, aurrez aipaturiko arrantza kudeatzeko nazioarteko erakundeena izaten da, populazioak nazioarteko zenbait herrialdetan banatzen direnean; beste batzuetan, aldiz, herrialdean bertan egiten da (Europaren kasuan, adibidez, Europako Ministro Kontseiluak erabakitzen du). Erakunde horien adibide dira ondorengoak: ICES (Itsasoaren Ikerketarako Nazioarteko Kontseilua), NAFO (Atlantikoko Ipar Mendebaldeko Arrantza Erakundea), ICCAT (Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordea) eta IOTC (Indiako Ozeanoko Atun Komisioa).

Itsas zuzenbidea

Historian, hasierako garaietan, herrialde bakoitzaren kostaldetik hurbil egiten zen arrantza. Ontzigintza eta bidaia luzeak egiteko aukera garatu zenean, eta itsasoaren gaineko inolako legerik ez zegoela baliatuz, ordea, nazioarteko arrantza edozein ur-eremutara zabaldu zen. Horrela, nahiz eta teknologia aldetik muga itzelak izan, baziren urrutiko uretako arrantzak. Horren adibide euskaldunek Ternuan egiten zuten balearen eta bakailaoaren arrantza izan daiteke. Alta, arrain-merkataritza eta teknologia garatzearekin batera, arrantza asko hedatu zen, eta, ondorioz, arrantza-tradizio handia zuten herrialdeak urrutiko uretan arrantzatzeko flotak garatzen hasi ziren. Honela, Bigarren Mundu Gerra bukatzerako, teknologiaren aurrerakuntzek (motorraren garapenak eta abarrek) arrantza-ontziak toki guztietara heltzea ahalbidetu zuen, eta harrapaketak oso azkar ugaritu ziren. Urruneko flota garrantzitsuen garapenak eta horrek beste eremu batzuetan zekartzan arrantza ugariak, itsasoko nazioarteko legediaren krisia eta itsas zuzenbidearen aldaketa ekarri zituen, 1960-1980 urteen artean. Aldaketa hori, batez ere, arrantza-baliabide garrantzitsuak zituzten kostaldeko herrialdeek bultzatu zuten; zeren eta ordura arte baliabide horiek beste herrialde batzuetako flota garatuek ustiatzen baitzituzten.

Hala, itsas zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Erakundearen bigarren biltzarrak proposatu zuen 1960an arrantzarako sei miliatako eremu esklusiboa eta beste sei miliatako urak jurisdikziopeko osagarri gisa ezartzea. Nahiz eta proposamena onartua ez izan, herrialde askok alde bakarreko erabakiak hartu zituzten, eta arrantzarako hamabi miliatako itsas eremuak ezarri zituzten.

Aldaketa horren historian erreferentziazko data bat azaltzen da, 1972ko abenduaren 18a, non Nazio Batuen Erakundearen biltzar orokorrean ebazpen garrantzitsu hau onartu zen: “Baliabide natural guztien gaineko estatuen subiranotasun iraunkorra berresten da, lehorrean, bere mugen artean, nazioaren jurisdikzioaren mende dauden uretan, kostaldearen aldameneko uretan zein olio-/gas-baliabideen gainean”. Horrek bi jazoera ekarri zituen; alde batetik, itsasertzeko estatuak bere kostaldearen aldameneko itsas eremuen jabe egin ziren, eta, bestetik, bertako baliabide naturalak aprobetxatzeko asmoz, haien gain subiranotasun iraunkorra deklaratu zuten.

Bi gertaera horiek kontuan izanik, eta urrutiko arrantza-floten garapena ikusirik, herrialde askok, alde bakarreko erabakiekin, arrantzarako itsas eremuak zabaldu zituzten, eremu haietako baliabideen kontrol eta ustiaketarako. Hasieran, 60ko hamarkadan, 12 miliatako arrantza-eremu esklusiboak egonkortu ziren, eta, ondoren, eremu horiek gero eta zabalagoak egin ziren. Adibide gisa: Islandiak 50 milia ezarri zituen 1972an, eta 200, 1975ean; 110 milia Senegalek 1972an; 70 milia Marokok 1973an; 130 milia Ghanak 1973an; 50 milia Iranek eta Pakistanek 1973an; 200 milia Somaliak 1973an, etab.

Horrela, itsas zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Erakundearen hirugarren biltzarra egin zenean, Eremu Ekonomiko Esklusiboaren zabalera 200 miliatan jartzea onartu zen. Hortik aurrera, itsas zuzenbide berrian itsas eremu zabalak ezartzeko joera nagusitu zen (200 milia), eta eremu horretan itsasertzeko estatuak du baliabide naturalen ustiaketa eta babeserako eskubide osoa. Azkenik, 200 milien legea, ofizialki, 1977. urtean onartu zen aho batez. Hortik aurrera gertatu diren aldaketak nabariak dira, bai nazioarteko hainbat flotarentzat, baita itsas baliabideen kudeaketarako ere. Lehen, itsas eremu guztiak libreak ziren, eta arazorik gabe egin zitekeen arrantza; legearen ondoren, ordea, kostaldetik 200 milia arte, itsas baliabideen ustiaketa eta kudeaketa itsasertzeko estatuaren baitan dago.

Arrantzarako ia baliabide gehienak kostaldean agertzen diren plataforma kontinentalari lotuak dira, eta, hortaz, munduko arrantza-eremu gehienak zenbait herrialderen mende geratu ziren 200 milien legea ezartzearekin batera (nahiz eta baliabide batzuk hortik kanpora ere azaldu). Ondorioz, arrantzaren esparruan, arrantza-eremuen pixkanakako murrizketa ekarri zuen aipatutako aldaketak. Ustiaketa aldetik aldaketak argiak izan ziren, hau da, eremu jakin batean arrantza egin nahi izanez gero, tokian tokiko estatuarekin akordioa lotu behar zen. Lege horren onarpenak oso eragin nabarmena izan zuen eta du, batez ere urrutiko arrantza-flota oso garatua zuten herrialdeentzat.