papel

1. Mater.

Nagusiki zuretik lortzen den landare-zuntzezko orea hedatuz eta lehortuz lortzen den gaia, gehienbat elkarri atxikitako zelulosa-zuntzez osatua.

Papergintza industriala
Papergintza industriala

1. Mater.
Nagusiki zuretik lortzen den landare-zuntzezko orea hedatuz eta lehortuz lortzen den gaia, gehienbat elkarri atxikitako zelulosa-zuntzez osatua.

Papera Edit

Egilea: Elhuyar

PAPERA

Landare-zuntzez osatutako materiala da papera, eta, batez ere, idatzizko komunikaziotarako erabiltzen da. Gaur egun erabiltzen den paperaren osagai nagusia zelulosa-zuntza da. Horri beste hainbat landare-zuntz mota eta material gehitu ohi zaio, egin nahi den paper-motaren arabera.

Txinatarrek asmatu zuten papera, K.a. 100. urtearen inguruan. Hala ere, asmakizunaren baliagarritasunaz jabeturik, papera egiteko prozesua sekretupean gorde zuten, eta 500 urte igaro ziren Japonian eta Asia osoan papergintzaren nondik norakoak hedatu artean. Paperaren funtzio bera betetzen duten materialak lehenagotik ere erabili izan dira. Esaterako, egiptoarrek papiroa erabiltzen zuten, eta Europan pergaminoa ere erabiltzen zen, animalien azala landuta sortzen zena. Hala ere, horietako bat ere ez da papera bezain erabilgarria.

Esan bezala, japoniarrek papergintza ikasi zuten, eta hortik Asia osora hedatu zen asmakizuna. Asiatik, musulmanek Espainiara eraman zuten Erdi Aroan, eta Espainiatik Europa osora hedatu zen. XV. mendearen amaierarako, Europa osoan egiten zen papera, eta apurka-apurka pergaminoari gailendu zitzaion.

Osagaiak

Papera nahasitako zuntzez osatuta dago. Zuntz horiek hainbat jatorritakoak izan daitezke, baina batez ere landareen zelulosa eta oihal-zuntzak erabiltzen dira. Oihal-zuntzak, kotoi- eta liho-zuntzak, esaterako, kalitate handiko papera egiteko erabiltzen dira gehienbat.

Papera egiteko erabiltzen den zelulosa-zuntzaren erdia paper bihurtzeko helburuarekin landatu diren zuhaitzetatik dator. Gainerakoa zerrautsa, birziklatutako egunkariak, landare-zuntzak eta birziklatutako oihalen zuntzak dira. Batez ere koniferoak erabiltzen dira papergintzarako, horien egur-mamian aurki daitekeen zelulosa luzeagoa delako. Horri esker, paper sendoagoa lortzen da. Hala ere, gaur egun teknologia nahikoa garatu da edozein egur-motarekin paper egokia lortzeko.

Zuhaitzez gain, hainbat landare aproposak dira papera egiteko. Banbua, lihoa, kalamua eta jutea dira, besteak beste, papergintzan erabiltzen diren landareak. Papera bihurtuko den mamiari gehitu aurretik, zuntz horiek ebaki, garbitu, egosi eta kolpatu egin behar dira. Horiez gain, beste gai asko gehitzen zaizkio mamiari, paperak ezaugarri jakinak izan ditzan. Multzo horretan sartzen dira, adibidez, klariona, igeltsua, titanio oxidoa, kolofonia, kola eta almidoia.

Prozesua

Hainbat prozesu erabiltzen dira egur-zatiak mami bihurtzeko. Prozesu mekanikoan, lehendabizi azala kentzen zaie egur-zatiei, gero birrindu egiten dira, eta sortzen den mamia iragazi egiten da ezpurutasunak baztertzeko. Prozesu kimikoan, berriz, azala kendu zaien egur-zatiak sodio hidroxidoa eta sodio sulfuroa duen disoluzioan murgiltzen dira, eta presio altuan egosten dira. Gero, materiala iragazi egiten da, eta tratamendu bereziren bat behar badu (kolore zuriko papera lortzeko lixibatu behar bada, esaterako) une horretan egiten da. Bi prozesu horietakoren baten bidez lortutako mamia paper bihurtzeko prest dago.

Hurrengo pausoa mamia zanpatzea da. Ontzi handi batzuetan ezarri, eta zanpagailuen bidez txikitu egiten da. Une horretan, azken produktuak behar dituen ezaugarrien arabera, gehigarriak eransten zaizkio, klariona, igeltsua edo bestelako gai kimikoak. Halaber, paperak tinta xurgatzeko izango duen gaitasuna erregulatuko duten gaiak gehitzen zaizkio. Almidoia gehitzen bazaio, adibidez, paperak ez ditu xurgatuko uretan disolba daitezkeen tintak. Aldiz, opariak biltzeko paperak bestelako tratamendu bat jaso behar du, inprimatze-prozesu berezia jasan ahal izateko.

grafikoak1

Papergintza industriala

Azkenik, mamiari forma eman behar zaio. Horretarako, materiala makina arraboldun batzuetatik pasarazi behar da. Mamia arrabolen artetik pasarazten da, geruza gero eta meheagoak eratzeko eta, aldi berean, ura askatzeko. Paperak filigrana izan behar badu, une horretan egingo zaio. Azkenik, lurrunez berotutako arrabolen tartetik igaroarazten da papera, ur guztia aska dezan.

Ongi lehortutako papera bobinatan kiribiltzen da, eta, izango duen azken erabileraren arabera, are gehiago landuko da. Halaber, estaldura jakinak emango zaizkio paperaren gainazalari, beharren arabera, eta, azkenik, behar den tamainara ebakiko da.