orogénesis

1. Geol.
sin. orogenia, tectogénesis

Mendi-sistemak sortzen dituzten prozesuen multzoa; bereziki, plaka tektonikoen konbergentziaren eraginez orogenoak eratzen dituzten prozesu geologikoen multzoa.

1. Geol.
Mendi-sistemak sortzen dituzten prozesuen multzoa; bereziki, plaka tektonikoen konbergentziaren eraginez orogenoak eratzen dituzten prozesu geologikoen multzoa.

Orogenia Edit

Egilea: Jose Julian Esteban

OROGENIA

Orogenia vs Orogenoa

Lurraren gaur egungo goragune topografiko nagusiak orogenoekin bat egiten dutenez, termino hauek, sinonimoak ez diren arren, sinonimo gisa erabiltzen dira: orogeno edo gerriko mugikorra eta mendikate edo mendi-gerrikoa. Literalki, orogenia terminoa (grekotik dator: óros, "mendikate"; genés, "eraketa") mendikateen eraketa-prozesu gisa definitu da. XIX. mendeaz geroztik, termino hori goragune topografikoak eta horietako arroken deformazioa eratzen zituen prozesua izendatzeko erabiltzen hasi zen. Bistakoa da bi terminoek ez dutela ez denboran ez jatorrian erlazio zuzenik. Gerriko mugikor eta orogeno terminoak, plaken arteko konbergentziaren eraginez, metamorfismo eta deformazio bizia pairatu dituzten guneak deskribatzeko erabiltzen dira, goragune topografikorik dagoen ala ez erreparatu gabe. Bestalde, mendikate edo mendi-gerriko terminoak goragune topografikoak dituzten eremu aldapatsuak deskribatzeko erabiltzen dira. Hau da, mendi-gerriko gehienak gerriko orogenikoak dira, baina orogeno guztiek ez dute zertan goragune topografikorik garatu. Hori dela eta, egituraren eta topografiaren arteko erlazio genetikoa mendikate gazteenek baino ez dute izaten.

Gerriko orogenikoak kontinenteen ezaugarri tektoniko nabarmenak dira. Batez ere, deformatuak eta metamorfizatuak izan diren sedimentu-segidaz osatuta daude, eta orogenoen barneko aldean fenomeno magmatikoak ager daitezke. Gerriko mugikorrak sakonera txikian eta lurrazal kontinentalaren gainean metatutako hareharriz, kareharriz eta arbelez eratutako sekuentzia lodiez osatuta daude, baita sakonera handiko turbiditaz eta sedimentu pelagikoz eratutako metaketa ozeanikoz ere. Azken horietan, sedimentu bolkanoklastikoen edo deformatutako eta metamorfizatutako arroka bolkanikoen tartekatzeak ager daitezke.

Oro har, orogenoen ezaugarri nagusiak hauek izaten dira:

  • Zuzenak edo lerromakurrak diren trazu luzangak izaten dituzte.

  • Bi aldeko egitura dute: barneko aldean, deformazio eta metamorfismo bizia pairatu duten arroka sedimentarioak edota bolkanikoak antzematen dira; kanpoko aldeetan, berriz, deformazio eta metamorfismo gutxiko edo gabeko arroka kontinentalak zein ozeanikoak daude.

  • Deformazioa eta metamorfismoa gerriko orogenikoaren norabidearekiko paralelo antolatzen da, eta bakoitzaren intentsitatea gerrikoaren barneko alderantz handituz doa.

  • Nabarmena den laburketa horizontala pairatzen dute.

  • Deformatuak eta metamorfizatuak izan diren sedimentu gehienak itsastarrak dira batez ere. Sedimentuen jatorria eta potentzia orogenoaren norabidearekiko perpendikularrean aldatuz doa.

  • Orogenoaren basamentua edo zokaloa batez ere kontinentala izaten da.

  • Deformazioaren, metamorfismoaren eta magmatismoaren iraupena sedimentuen metaketa-prozesua baino laburragoa da.

  • Arroka ultramafikoz osatuta dauden jostura-zonak izaten dituzte. Jostura tektonikoek kolisioa jasan duten bi plaken arteko muga adieraziko lukete, eta arroka ultramafikoak bi kontinenteen artean zegoen ozeanoaren aztarnak izan ohi dira.

Plaka-tektonikaren teoriak gerriko orogenikoei buruzko aurreko ideia guztiak aldarazi zituen, mendikate guztiak jatorri berekoak ez direla iradoki zuenean. Orogeno gazteen kokapena aztertzerakoan, ikus daiteke plaka litosferikoen arteko muga konbergenteetan (subdukzio-eremuetan eta kolisio-eremuetan) eratu direla. Mediterraneoko Alpeak Afrika eta Eurasiako plaken artean kokatzen dira; Himalaiak, Eurasia eta Indiako plaken artean; Andeak, Nazka eta Hego Amerikako plaken artean eta abar.

Orogenoen arkitektura

Gerriko orogenikoek Lurreko aktibitate tektonikoak eragindako prozesuen (subdukzio, kolisioa, bulkanismoa...) berri ematen digute, eta Lurraren historia geologikoaren % 95 horietan gordeta dago. Orogenoetan egindako zehar-ebakiak desberdinak dira orogeno batetik bestera, baita orogeno berean ere. Hau da, lehen aipatutako ezaugarriak ez dituzte orogeno guztiek izaten. Hori dela eta, ia ezinezkoa da orogeno guztietarako egitura-eredu bakarra iradokitzea, bakoitza kondizio desberdinetan eratu baita. Orogeno batzuek alde batean arro ozeanikoa eta bestean kontinentea izaten dute; beste batzuek, aldiz, alde bietan kontinentea. Ezaugarri horien arabera, orogenoak bi motatan sailkatzen dira: zirkunpazifiko edo “cordilleranoak” eta alpetarrak edo himalaiarrak, hurrenez hurren.

Fanerozoiko garaian sortutako orogenoak antzekotasun geometriko nabariak dituzte. Adibidez: a) egituren halako aldebiko simetria, b) orogenoaren alde bietan deformatu gabeko lurraldeaurreak, c) arroka ultramafikoz delineatutako jostura-zonak, d) arbel-gerrikoak, e) metamorfizatutako arroka sedimentarioz eta arroka igneoz osaturiko barne-eremu kristalinoak.

Orogenoetan, hiru atal nagusi bereiz daitezke: lurraldeaurreak, kanpoguneak eta barneguneak.

  • Lurraldeaurre-arroak. Mendikateko frontearen aurrean dauden kontinente barneko gune egonkorrei lurraldeaurre deritze. Mendikatearen frontetik at pilatutako arroka sedimentarioz osatuta daude. Aldi berean eratzen eta higatzen ari den mendikatetik datoz sedimentuak. Beraz, sedimentuek ez dituzte erakusten orogenoaren eraketan gertatutako deformazio-fase nagusien ondorioak. Sortutako arroaren lodiera eta sedimentuen pikor-tamaina gutxituz doa mendikateko frontetik aldendu ahala. Hortaz, frontetik lurraldeaurrerantz konglomeratuak, hareharriak, lutitak edo plataformako karbonatudun sedimentuak pilatzen dira. Arrokek normalean ez dute deformazioaren aztarnarik erakusten, mendikateko frontearen inguruan ez bada.

  • Kanpoguneak. Tolestutako lurraldeaurre ere baderitze. Arroka sedimentarioz eta gradu baxuko arroka metamorfikoz osatuta daude; egitura nagusiak lurraldeaurreranzko bergentzia duten zamalkadurak eta tolesak dira. Eremu honetako arrokak lurraldeaurrearen gainean zamalkatzen dira. Deformazioa azaleko kondizioetan gertatzen denez (presio eta tenperatura baxuetan), deformazio hauskorra da nagusi. Zamalkadura guztiek bat egiten dute orogenoaren barneko alderantz hondoratzen den oineko aldentze-maila bakarrean. Aldentze-maila horrek deformatutako arrokak eta zokaloa banantzen ditu. Deformazioa orogenoaren kanpoalderantz moteltzen doa progresiboki.

  • Barneguneak. Barne-eremu kristalino ere baderitze. Bat datoz orogenoen goragune topografiko handienekin. Barneguneetan higadura bera eraginkorragoa denez, sakoneko materialak azalarazten ditu. Jatorri desberdineko eta bortizki deformatutako arroka metamorfikoz eta igneoz osatuta dago. Deformazio-kondizioak kanpoguneetan baino gogorragoak direnez, deformazio moldakorra eta foliazio teknonikoen agerpena dute ezaugarri nagusi. Arruntak dira tolesak, zamalkadurak, mantuak, zizaila-zonak eta antzeko egitura tektonikoak.

Europako orogeniak

Europan, hiru dira antzeman daitezkeen orogenia nagusiak: Kaledoniarra, Hertziniarra (Variskarra) eta Alpetarra.

  • Kaledoniar orogenia. Kaledoniar orogeniaren (Caledonia, latinez, Eskozia) aztarna nagusiak Eskozian, Irlandan, Erresuma Batuan eta Eskandinaviaren mendebaldean daude. Orogenia Kanbriarraurrean hasi, eta Goi Siluriar-Behe Devoniarrean amaitzen da. Deformazio-urrats nagusia azken denbora-tarte horretan (420-390 Ma) gertatu zen, Iapetus ozeanoa desagertzean jazotako hiru kontinenteen (Laurentia/Baltika/Siberia) arteko talkaren ondorioz. Pangea superkontinentearen sorreraren lehenengo etapa iragartzen duen orogenia da. Kaledoniar orogeniak Ipar Amerikan (Ternua eta Ipar Appalacheak) eta Groenlandian gertatutako Acadiar orogeniarekin erlaziona daiteke.

  • Hertziniar edo Variskar orogenia. Europan, Goi Paleozoikoaren orogenia nagusia da Hertziniarra. Pangea superkontinentea eratzean, Gondwana eta Laurasia kontinenteen arteko talkaren ostean gertatutako orogenia da. Orogenia Erdi Devoniarretik Permiarrera garatu zen, eta deformazio-estai nagusiak Karboniferokoak dira. Hertziniar eta Variskar terminoak sinonimo gisa erabili ohi dira. Frantziako eta Suitzako geologoek batez ere garai esanahiarekin erabiltzen dute Hertziniar terminoa; alemaniarrek, ostera, gehiago darabilte Variskar terminoa. Hertziniar orogeniaren aztarnak Europako mendebaldean eta erdialdean daude (Iberiar Mendigunea, Erdialdeko Mendigunea, Bohemiako Mendigunea…), Amerikan hego-mendebaldeko Appalacheetan eta Ouachita mendikatean eta Afrikan, Mauritanideetan.

  • Alpetar orogenia. Tertziarioan garatutako Alpetar-Himalaiar gerrikoaren barnean kokatzen da. Alpetar-Himalaiar Gerrikoak mendikate hauek biltzen ditu, mendebaldetik ekialderantz: Mendikate betiko-rifearra, Atlasa, Pirinioak, Alpeak, Apeninoak, Dinarideak, Hellenideak, Balkanak, Kaukasoa, Zagros eta Himalaiak. Mesozoiko-Zenozoikoan Eurasia, Afrika, Arabia eta Indiako plaken eta horien artean zeuden beste mikroplaka batzuen konbergentziaren ondorioz eratutako gerrikoa da. Plaken arteko konbergentzia Kretazeoan hasi arren, mendikateen eraketa-prozesua batez ere Oligozeno eta Miozeno bitartean gertatu zen, nahiz eta gaur egun orogeno batzuetan plaken arteko konbergentziak jarraitzen duen.