oído

1. Anat./Zool.
Belarriaren egitura
Belarriaren egitura

2. Fisiol.
sin. sentido del oído, audición

Soinua hautematen duen zentzumena.


1. Anat./Zool.
Entzumenaren eta orekaren organoa.

Belarria Edit

Egilea: Jon Irazusta

BELARRIA

Belarria soinuaren bibrazioa hautemateko gaitasuna duen zentzumen-organoa da, eta entzumenaren oinarria. Belarriari esker, kanpoko bibrazio mekanikoak garunarentzat ulergarri diren nerbio-bulkada elektriko bihurtzen dira. Horrez gain, zenbait animaliatan, gizakia barne, belarria oreka-mantentzearen erantzule nagusia da.

Belarriaren egitura

Belarriak hiru atal nagusi ditu:

Kanpo-belarria

Kanpo-belarriak bere aldetik atal hauek ditu: belarriaren pabiloia edo kanpotik ikusgai den osagaia, kanpoko entzumen-hodia edo kanpoaldea eta tinpanoa komunikatzen dituen hodia, eta tinpanoa, kanpo-belarria eta barne-belarria bereizten dituen mintza.

Erdiko belarria

Airez betetako barrunbea da, Eustakioren tronparen bidez faringearekin komunikatuta dagoena. Erdiko belarrian entzumenerako garrantzitsuak diren hiru hezurtxo daude: kanpotik barrura izendatuta, mailua, ingudea eta estribua. Lau lotailuk egonkortzen dute hezurtxoen katea, baina, aldi berean, hezurtxoei mugimendu-askatasun nahiko handia uzten diete.

grafikoak1

Belarriaren egitura

Barne-belarria

Bi atal nabari ditu. Bata, entzumenarekin zerikusia duen egitura da, koklea edo barraskiloa. Harekin batera, gorputzaren orekarekin zerikusia duten egiturak daude, sistema bestibularra eratzen dutenak, alegia. Koklea espira-itxurako eta likidoz betetako hodia da. Gizakian, 35 mm luze da eta bere ardatzaren inguruan 2,75 aldiz ematen du bira; barraskilo-maskorraren erara biribilkatua dago. Hodia bere osotasunean hartuta, arrapala deitutako hiru zatitan banatzen da.

grafikoak2

Barne-belarriaren egitura. Eskuinean barraskiloa edo koklea, eta, ezkerrean, sistema bestibularra

Bestibulukoa, erdiko belarriarekin leiho obalaz komunikatzen dena; tinpanokoa, zelula hartzaileak dituen zatia; eta erdiko arrapala, erdiko belarriarekin leiho biribilez komunikatzen dena. Arrapalak banatuz Reissnerren mintza (bestibulukoa eta erdiko arrapala) eta mintz basilarra (erdikoa eta tinpanoko arrapala) daude. Helikotrema deituriko zuloak bestibuluko eta tinpanoko arrapalak komunikatzen ditu, barraskiloaren zati distalean.

Erdiko arrapalaren barruan eta mintz basilarraren gainean, entzumenerako oso garrantzitsua den Cortiren organoa dago. 15.000 zelula ziliodun inguru ditu, 3.000 barnekoak eta 12.000 kanpokoak. Zelula hauen gainean mintz tektorioa edo Cortiren mintza dago. Zelula ziliodunek entzumeneko neuronekin sinapsiak dituzte.

grafikoak3

Barraskiloaren bira batean zeharreko ebakidura

Entzumena

Hasieran aipatu bezala, belarriaren funtzio nagusia soinu-uhinak hautematea da. Gizakiaren belarriak 20.000 eta 16.000 Hz (ziklo/segundo) maiztasunen arteko soinuak entzun ditzake. Hala ere, beste animalia batzuek, saguzarrak besteak beste, maiztasun handiagoko ultrasoinuak hauteman ditzakete.

Soinuen transdukzioan belarriaren atal bakoitzak funtzio berezia du.

Kanpo-belarriaren funtzioa

Belarriaren pabiloiak soinu-iturria lokalizatzen laguntzen du, batez ere pabiloiak mugikorrak direnak (txakurretan bezala, esaterako). Horrez gain, 1.500-7.000 Hz arteko soinuak anplifikatzen laguntzen du. Hala ere, badirudi gizakiotan ez dela nahitaezko organoa entzumena gertatzeko. Pabiloitik soinua kanpoko entzumen-hodian sartuko da. Hodi hau ere soinuentzako anplifikatzailea da eta soinuak tinpanoraino eramango ditu, honen bibrazioa eraginez. Denera, kanpo-belarrian soinua 10-15 dezibeletan indartu daiteke.

Erdiko belarriaren funtzioa

Mailuak tinpanoko bibrazioa hartzen du, ingudeari pasatu eta honek estribua bultzatuz barne-belarriaren hasiera den leiho obala mugiarazten du. Mugimendu honetan bibrazioaren presioa igo egiten da eta, horri esker, barne-belarrian dagoen likidoa mugi daiteke. Erdiko belarrian soinu-uhinaren presioa handitzen da, bi arrazoi direla medio: 1) hezurtxoek egiten duten palanka-mekanismoa, eta 2) tinpanoa leiho obala baino 17 aldiz zabalagoa izatea. Honi esker, indar bera aplikatuz, presioa 17 aldiz handitu daiteke. Mekanismo hauek oso garrantzitsuak dira soinu-uhinen presioa tinpanoa inguratzen duen airetik barne-belarriko likidora eroateko.

Bi muskuluk (tinpanoaren tentsoreak eta estapedioak) hezurtxoen funtzioan eragiten dute. Oso soinu gogorrek muskulu hauek aktibatzea eragiten dute, hezurtxoen mugimenduak galaraziz. Horrela, barne-belarriko egiturak babesten dira. Hitz egiten dugunean ere muskulu hauen aktibazioa gertatzen da eta; horregatik, gure ahotsa grabatuta entzuten dugunean arrotz egiten zaigu.

Barne-belarriaren funtzioa

Barne-belarrian soinuen transdukzioa gertatzen da, mintz tektorioaren, mintz basilarraren eta zilioen arteko elkarrekintzari esker (ikus irudia). Soinu bat hezurtxoen katetik leiho obalera iristean, barne-belarriko likidoan bestibuluko arrapalatik tinpanoko arrapalara doan uhina sortzen du delako soinuak. Koklearen hodiek, egitura zurrun baten barnean daudenez, ez dute bere forma aldatzen. Horregatik, likidoen mugimenduek mintz basilarrean mugimendua sorrarazten dute. Mintz basilarra mugitzean, Cortiren arkuek mintz tektorioa mugiarazten dute. Mugimendu honi esker, zelula ziliodunetako zilioek mintz tektorioa ukitzen dute, eta tolestu egiten dira. Prozesu honek zelula ziliodunetan kanal ionikoak zabaltzen ditu. Hortik barrurako katioien mugimendua gertatu, eta mintza despolarizatu egingo da. Horrek zelula iledunekin sinapsiak dituen nerbio koklearra kitzikatzen du, eta horrela, soinuen informazioa garunera eroango da.

Oreka eta jarrera mantentzea

Belarriak, entzumenean ez ezik, gure gorputzaren oreka eta jarrera mantentzeko zereginean ere funtzio garrantzitsuak ditu. Funtzio hauek aparatu bestibularrean gauzatzen dira. Egitura honek zirkulu-erdiaren itxurako hiru hodi eta bi organo otolitiko ditu (ikus barne-belarriaren irudia). Organo otolitiko hauek sakulua eta utrikulua dira. Konduktu barruan dagoen endolinfa izeneko likidoaren mugimenduak nerbio-sistema zentralerako ulergarriak diren bulkada elektriko bihurtzen dira aparatu bestibularrean.