nube

1. Meteorol.

Atmosferan aireko ur-lurruna likidotu edo solidotzean sortutako tanta edota izotz-zati txikiek eratzen duten multzo ikusgaia.

Kumulua, hodei konbektiboa
Kumulua, hodei konbektiboa

1. Meteorol.
Atmosferan aireko ur-lurruna likidotu edo solidotzean sortutako tanta edota izotz-zati txikiek eratzen duten multzo ikusgaia.

Hodeia Edit

Egilea: Elhuyar

HODEIA

Atmosferako aireak duen hezetasuna kondentsatzearen ondorioz sortzen dira hodeiak. Airean dauden hauts-partikulen gainean kondentsatzen edo izozten dira ur-tantak, eta, uneko kondizioen arabera, multzoak forma bat edo beste bat hartuko du. Hodeia eratzen duten ur-tanten tamaina aldatu egiten da hodei-motaren arabera, baina, oro har, 1-100 μm arteko diametroa izan ohi dute; euri-tantak baino askoz txikiagoak dira.

Aireko hezetasuna kondentsatzeko, aire hori hoztu egin behar da. Atmosferan aire-masa bat hozteko bide nagusia da gorantz igotzea. Goiko geruzetako tenperatura baxuagoa denez, ur-lurrunak aukera gehiago du han esekiduran dauden partikuletan kondentsatzeko. Aire-masa beroak gorantz egiteko modu bat baino gehiago dago; nagusia konbekzioa da. Aire beroa hotza baino arinagoa denez, gorantz igotzeko joera du, eta, altuera jakin batera heltzean, kondentsatu egingo da. Orogeniak ere eragiten du aire-masa gorantz igotzea. Aireak mendi batekin topo egiten duenean, adibidez, hori igarotzeko gorantz mugitu behar du ezinbestean, eta horrek hezetasuna kondentsatzea ekartzen du. Azkenik, fronte hotzek ere aire-masa epelak igoarazi egiten dituzte. Fronte hotzak aire-masa hotzaren aurreko muga dira. Aire hotza beroa baino astunagoa denez, biek topo egitean, aire hotzak beroa gorantz mugiaraziko du, eta horrek ere hezetasuna kondentsatzea ekarriko du.

Hodei-motak bi modutara sailkatzen dira, oro har: altueraren arabera eta formaren arabera.

Altuerari dagokionez, hiru multzotan sailkatzen dira hodeiak: altuak, ertainak eta baxuak. Lurrazaletik 6-12 km-ra daudenak hodei altuak dira, besteak beste, zirru, zirrostratu eta zirrokumulu hodeiak. Guztiak meheak dira eta kolore zurikoak, eta asko izotz-kristalez eratuta daude. Lurrazaletik 2-6 km-ra daudenak, berriz, ertainak dira, altostratu eta altokumulu hodeiak. Batez ere ur-tantez daude eratuta, baina izotz-kristalak ere izan ditzakete. Eta, azkenik, 2 kilometroz beherakoak daude, ninbostratuak eta estratokumuluak, besteak beste, guztiak ur-tantez eratuak. Kontuan izan behar da hodeien altuera adieraztean, hodeien oinarriaren altuera dela adierazten dena, hau da, lurrazaletik hodeiaren oinarrira dagoen distantzia.

grafikoak1

Kumulua, hodei konbektiboa

Formari dagokionez, bi multzo nagusitan sailkatzen dira hodeiak: batetik, geruza-formakoak (estratu hodeiak), eta, bestetik, konbektiboak, multzo-formakoak (kumulu hodeiak).

Hodei baten forma aireak gorantz igotzeko duen indarraren eta airearen egonkortasunaren mende dago. Kondizio ezegonkorretan, konbekzioa da nagusi, eta, horren ondorioz, bertikalean garatzen dira hodeiak. Kondizio egonkorretan, ordea, laino homogeneo eta horizontalak sortzen dira. Fronteen talkaren eta orografiaren ondorioz sortzen diren hodeiak, berriz, hainbat formatakoak izan daitezke, beste kondizio batzuen mende baitaude. Halaber, orografiak eraginda sortzen diren hodeiek forma bereziak dituzte; hodei orografiko deritze halakoei.

grafikoak2

Hodei orografikoa