multimedia

1. Inform.

Komunikabide bat baino gehiago erabiltzen dituena edo komunikabide batzuei aldi berean dagokiena.


2. Inform.

Aplikazio edo euskarri batean jatorri desberdineko datu digitalak (testua, irudia, soinua) uztartzeko eta datu horiek aldi berean eta modu interaktiboan erabiltzeko aukera ematen duen teknologia.

Web-orri multimedia baten adibidea
Web-orri multimedia baten adibidea

2. Inform.
Aplikazio edo euskarri batean jatorri desberdineko datu digitalak (testua, irudia, soinua) uztartzeko eta datu horiek aldi berean eta modu interaktiboan erabiltzeko aukera ematen duen teknologia.

Multimedia Edit

Egilea: Danel Solabarrieta

MULTIMEDIA

Multimedia informazioa aldi berean hainbat formatu elektronikoz baliatuta aurkezten dituen edukiari deitzen zaio, hau da, testua, irudia, soinua, bideoa edota animazioaren konbinazioa erabiltzen dituenari. Horretaz gain, askotan eduki-mota hori gordetzen duen euskarriari ere izen bera ematen zaio.

Kasu gehienetan, termino hau formatu elektroniko bakarra erabiltzen dituen edukietatik bereizteko baino, inprimatutako edukietatik bereizteko erabiltzen da, eta azken hogeita hamar urteetan gertatu den teknologiaren gizarteratzeak egin du ezagun.

grafikoak1

Web-orri multimedia baten adibidea

Multimedia den eduki batek erabiltzaileari edukia kontrolatzeko interakzio- edo elkarreragin-maila altu bat eskaintzen dionean multimedia interaktiboa dela esaten da, eta edukiaren kontrola hipertestua erabilita egiten denean eduki hori hipermedia dela esaten da. Nahiz eta hori horrela izan, askotan multimedia terminoa erabiltzen da aurreko kontzeptu guztiak adierazteko.

Formatu desberdinak konbinatuta erabiltzearen helburu orokorra komunikazioaren hartzailearen esperientzia hobetzea da. Helburu orokor hori zehazten hasita, komunikatzaileak hartzailearengan eragin nahi duenaren arabera, helburu zehatzak aldatu egiten dira. Adibidez, aurkezpen multimediek hartzailearen ulermena eta arreta hobetzen saiatzen dira. Hipermedia, berriz, erabiltzaileari informazioa azkarrago eta zuzenago helarazteko asmoarekin erabiltzen da. Beste multimedia-mota batzuek, berriz, komunikazio-esperientzia hobetzea dute helburu, adibidez joko multimediek, simulagailuek, performance artistikoek eta abarrek.

grafikoak2

Bideo-jokoak multimediaren adibide dira, testuak, irudiak, bideoak, soinuak eta animazioak erabiltzen baitituzte erabiltzaileak esperientzia ahalik eta aberatsena izateko asmoarekin

Teknologiaren aurrerapenekin batera, multimedia kontzeptua ere aberasten ari da. Une honetan asko dira on line teknologiak aprobetxatzen ari direnak komunikazioaren esperientzia hobetzeko, eta, etorkizunera begira, zentzumenen teknologiaren aurrerapenek esperientzia hori geroz eta gehiago aberastuko dutela antzematen da, usaimena eta teknologia haptikoa erabilita adibidez, errealitate birtualaren esperientzia globalera iritsi arte.

Dena dela, eduki bat multimedia izate hutsak ez dauka zertan esperientzia hori hobetu, gaizki diseinatuta badago eskastu ere egin lezake eta. Adibidez, testu bat irakurtzeko behar den kontzentrazioa oztopatu egiten du hark inguruan animazio bat izateak. Beste kasu batzuetan ere hartzailearen komunikazioan eragin negatiboa eragin lezake, adibidez, esteka batean klik egin eta espero duen informaziora iristen ez bada, esteka gehiegi badaude, bideoak eta audioak kalitate baxua badute, edota elkarreraginezko erantzute-denborak luzeak badira (agindua eman eta segundo bat baino gehiago igarotzen bada).

Multimediaren erabilera on batek, berriz, esperientzia asko aberastu lezake. Adibidez, animazioak trantsizio-pantaila gisa erabiltzen direnean, edota hiru dimentsioko gorputz geometrikoen errotazioa aurkezteko, mapetan zoomak egiteko, denboran aldatzen den ilustrazio bat erakusteko eta abar erabiltzen direnean multimediak azken emaitza hobetzen laguntzen du.

Audioek ere bideoa hobeto ulertzeko balio dute, baina ez hori bakarrik. Soinuaren erabilerak ikusleak bideoaren kalitate orokorrari buruz duen pertzepzio orokorra hobetu egiten du. Hala frogatu izan da gai honen inguruko ikerketetan, non erabiltzaileek ikusten ari ziren bideoaren grafikoei puntuazio handiagoa ematen zieten kalitateko soinuarekin ikusten zutenean bideo bera kalitate txarreko soinuarekin ikusten zutenean baino.

Multimediaren ikerketa horiek egiteko gehien erabiltzen den teknika eye-tracking a da. Teknika horrekin erabiltzaileek, haiei eduki bat aurkeztean, begiak nondik nora mugitzen dituzten aztertzen dute, eta web-orrien kasuetan, adibidez, F patroia jarraitzen dutela ikusten da, hau da, mugimendu horizontal bat egiten da hasieran, eta gero apur bat gehiago jaitsi eta bigarren mugimendu horizontal bat egiten da, kasu horretan laburragoa, eta gero bertikalean jaitsita jarraitzen da. Teknika horiekin ondorioztatzen dute, adibidez, erabiltzaileek irakurketa sakonik ez dutela egiten eta lehen bi paragrafoak direla garrantzitsuenak.

grafikoak3

Eye-tracking teknika erabilita egindako web-orri baten azterketa. Gorriz, denbora gehien begiratutako eremuak