molusco

1. Med.
sin. molluscum

Larruazalaren hainbat afekzio izendatzeko terminoa, nagusiki tumore bigun biribilduez osatutakoak dena.


2. Zool.

Metazooen suberreinuko zenbait animalia zelomatu ez-segmentatuz esaten da. Oro har, hiru atal nagusiz (buru, errai-masa eta oinez) osatutako gorputza dute, aldebiko simetriaduna. Errai-masaren inguruan maskorra jariatzen duen mantu izeneko mintza dago, brankiak gordetzen dituen barrunbe paliala mugatzen duena. Janaria karraskatzeko erradula dute, eta askok ongi garatutako begiak dituzte. Gehienek bizimodu askea dute, sarritan urtarra, eta batzuk parasitoak dira bizi-zikloaren faseren batean edo bestean. Barraskiloa, olagarroa, muskuilua eta abar biltzen dituen Mollusca filuma osatzen dute.

Muskuiluak (<span style="font-style:italic">Mytilus edulis</span>)
Muskuiluak (Mytilus edulis)

2. Zool.
Metazooen suberreinuko zenbait animalia zelomatu ez-segmentatuz esaten da. Oro har, hiru atal nagusiz (buru, errai-masa eta oinez) osatutako gorputza dute, aldebiko simetriaduna. Errai-masaren inguruan maskorra jariatzen duen mantu izeneko mintza dago, brankiak gordetzen dituen barrunbe paliala mugatzen duena. Janaria karraskatzeko erradula dute, eta askok ongi garatutako begiak dituzte. Gehienek bizimodu askea dute, sarritan urtarra, eta batzuk parasitoak dira bizi-zikloaren faseren batean edo bestean. Barraskiloa, olagarroa, muskuilua eta abar biltzen dituen Mollusca filuma osatzen dute.

Moluskuak Edit

Egilea: Ana Puente

MOLUSKUAK

Moluskuen taldeak (Mollusca filumak) ondoen ezaguturiko ornogabe batzuk hartzen ditu bere baitan: muxilak, ostrak, txipiroiak, olagarroak, barraskiloak, bareak... Espezie-kopuruari dagokiola, ornogabeen filumik zabalena da, artropodoenaren ostean. Hala, 100.000 espezie bizi inguru deskribatu dira, eta, gainera, maskor gogorra dutenez, 70.000 fosil ezagutzen dira. Aipatzekoa da moluskuen sailkapena oso korapilatsua dela genero- eta espezie mailan. Izatez, gastropodo- eta bibalbio-espezie askok eta askok izen sinonimo ugari dituzte, deskribatu zirenean ez zirelako kontuan hartu maskorraren ezaugarriak besterik; ezaugarri anatomikoak alboratu egin ziren. Datu paleontologikoen arabera, moluskuak itsasoan sortu ziren, eta bertan iraun dute gehienek. Janari ugari zegoen (eta dagoen) itsasertzean gertatu da moluskuen eboluzioaren parterik handiena. Hortik, habitat gazi-geza eta gezataraino hedatu ziren batzuk, eta beste batzuek lehorra inbaditu zuten (barraskilo eta bareek). Hala ere, lur-barraskiloek zein lur-bareek murriztu samarra dute hedadura-ahalmena, zoruko kaltzio-gatzak eta hezetasuna behar baitituzte. Tamainari dagokiola, molusku batzuk mikroskopikoak dira; beste batzuk, aldiz, oso handiak (muxila erraldoiak, 1,5 m eta 225 kg; txipiroi erraldoiak, 18 m, garroak barne, eta 450 kg). Edozelan ere, molusku gehienen maskorrek, gehienez, 5 cm-ko luzera dute.

Moluskuen espezie biziak sailkatzeko, zazpi klase kontsideratzen dituzte aditu gehienek: aplakoforo, monoplakoforo, poliplakoforo, gastropodo, bibalbio, eskafopodo eta zefalopodoak. Bibalbio eta gastropodoak izan ezik, beste klaseetako espezie guztiak itsastarrak dira. Bibalbioak ur gazi zein gezatakoak izan daitezke, eta gastropodoen artean, ur gazi zein gazatako espezieak eta espezie lurtarrak daude.

Aplakoforoak txikiak eta zizare-itxurakoak izaten dira; ez dute maskorrik, baina bai epidermisak jariatzen dituen espikulak edo karekizko ezkatak; ez dute oin funtzionalik eta ez buru, begi ezta garrorik ere. Monoplakoforoak lapa-itxurakoak dira, eta txano-itxurako maskorra dute (maskorraren luzera milimetro batzuetatik 4 cm-rainokoa izan daiteke). Poliplakoforoak edo kitoiak obalo-itxurakoak dira, eta, oro har, zortzi plaka dortsal artikulatuz osatutako maskorra dute (7 mm-tik 35 cm-rainoko luzera izan dezakete). Gastropodoak moluskurik ezagunenak dira segur aski; barraskilo eta bareak besarkatzen ditu klase horrek. Gastropodoen maskorra pieza bakarrekoa izaten da, nahiz eta talde batzuetan desagertu edo murriztu eta barneratu egin den eta zenbait espeziek maskor kuskubikoa eduki. Bibalbioak konprimituta daude lateralki; maskor kuskubikoa dute, hau da, pieza pare batez osatuta dago; kusku biak lotuta daude dortsalki, eta animaliaren gorputz osoa estaltzen dute. Eskafopodoek duten maskorra tutu luze eta zilindrikoa da, eta mutur biak irekita daude; batez ere, plataforma eta ezponda kontinentalean aurkitzen dira, eta substratuan ehortzita bizi dira. Azkenik, zefalopodoak bizimodu pelagikora moldatuta daude, nahiz eta batzuk bentiko bihurtu diren sekundarioki. Anatomikoki eta jokabideari dagokiola, moluskurik eta, agian, ornogaberik sofistikatuenak dira. Burua garroduna da; maskorra kanpokoa eta zenbait ganberaz osatua izan daiteke (nautiloak), edo barnekoa eta murriztua (txibiak, txipiroiak, txokoak) edo guztiz desagertua (olagarroak).

Nahiz eta moluskuen kanpo-itxura oso desberdina izan, gorputz-plan berbera dute guztiek. Animalia bilateralki simetrikoak dira eta zelomatuak, nahiz eta, sarri askotan, zeloma guztiz murriztua izan, eta konplexu errenogonadalperikardiko izeneko egiturarekin erlazionatuta; hori dela eta, gorputzaren barrunbe nagusia hemozelea da. Oro har, hiru alde bereizten dira moluskuen gorputzean: burua, non erradula deritzon egitura esklusiboa eta hainbat zentzumen-organo (begiak, estatozistoak, tentakuluak) dauden; errai-masa, zeinak organo gehienak hartzen baititu; eta oina, zeina muskulutsua izaten den. Bestetik, gorputza mantu deritzon epidermis batez estalita dago, eta karekizko espikulak, plakak edo maskorra jariatzen ditu. Errai-masaren atzetik badago barrunbe bat, barrunbe palial izenekoa; hor, brankiak (edo ktenidioak) daude, eta bai digestio-hodi, nefridio eta ugaltze-aparatuaren irteerarako irekiuneak ere; espezie urtarretan urak barrunbe palialean zehar zirkulatzen du, eta aipaturiko egitura guzti horietatik pasatzen da. Digestio-aparatua hodi-eredukoa da, eta guneka espezializatua. Zirkulazio-aparatua irekia da orokorrean (zefalopodoena ez), eta bihotz bultzatzailea eta gune hemozelikoetara irekitzen diren hainbat hodi handi besarkatzen ditu. Metanefridio konplexuak (edo giltzurrunak, pare bat edo gehiago) erabiltzen dituzte eskreziorako. Nerbio-sistemak gongoil zerebroideo dortsala, eraztun periesofagikoa, oin-kordoiak eta errai-nerbioak ditu (pare bi nerbio-kordoi longitudinal). Ugalketari dagokiola, sexuz bereiziak edo hermafroditikoak izan daitezke, eta ernalketa, kanpokoa edo barnekoa. Oro har, trokofora-motako larba-estadio bateko edo biko bizi-ziklo ez-zuzena dute; horietako estadio bati beliger deritzo, eta moluskuek baino ez dute izaten.

grafikoak1

Muskuiluak (Mytilus edulis)