metamorfismo

1. Geol.

Lehendik zegoen arroka batean, presio, tenperatura, substantzia kimiko eta bestelako agenteen eraginez transformazio fisiko-kimikoak gertatzea. Transformazio horien ondorioz, arrokaren mineralogia, ehundura eta barne-egitura aldatu egiten dira, nahiz eta, askotan, jatorrizko arrokaren berezitasunak ere gorde. Metamorfismoa eragin dezaketen prozesu asko daude, sedimentuen hondoratzetik hasita meteoritoen talkaraino. Dena den, metamorfismoa plaken ertz aktiboekin erlazionaturik gertatzen da gehienetan.

1. Geol.
Lehendik zegoen arroka batean, presio, tenperatura, substantzia kimiko eta bestelako agenteen eraginez transformazio fisiko-kimikoak gertatzea. Transformazio horien ondorioz, arrokaren mineralogia, ehundura eta barne-egitura aldatu egiten dira, nahiz eta, askotan, jatorrizko arrokaren berezitasunak ere gorde. Metamorfismoa eragin dezaketen prozesu asko daude, sedimentuen hondoratzetik hasita meteoritoen talkaraino. Dena den, metamorfismoa plaken ertz aktiboekin erlazionaturik gertatzen da gehienetan.

Metamorfismoa Edit

Egilea: Miren Mendia

METAMORFISMOA

Arrokaren jatorrizko eraketa-kondizio fisikoak aldatzen direnean kondizio berrietara egokitzen delako gertatzen da metamorfismoa.

Metamorfismoak jadanik eratuak eta egonkorrak diren arroketan du eragina, lehenagoko arroka sedimentario edo igneoetan, hain zuzen. Kondizio fisikoak (normalean) edo fisiko-kimikoak aldatzearen arrazoia gertaera geologikoetan eta lurrazaleko dinamikan dago. Honela, edozein arroka bere sorlekutik hondoratu edo sakonera handitik gainazalera garraia daiteke (presio-aldaketak), edo berotu/hotz daiteke (tenperatura-aldaketak) edota fluidoen (H2O, CO2 eta abar) aldaketak jasan ditzake. Kasurik ohikoenean, presio- eta tenperatura-kondizioak handituz joaten dira. Arroka bat hondoratzen den bitartean berotuz doanean, esate baterako, kondizio berrietara egokitzeko eraldatzen da; metamorfismo horri aurrerako metamorfismo (edo metamorfismo progradu) deritzo. Baina baliteke sakonera eta tenperatura altuko kondizioetan egonkorra den arroka bat gainazalera ateratzean desegonkortzea eta kondizio berrietara, hau da, geroz eta presio eta tenperatura baxuagoetara, egokitu eta eraldatzea; metamorfismo horri atzerako metamorfismo (edo metamorfismo erretrogradu) deritzo.

Edozein arroka presio- eta tenperatura-kondizio berrietara egokitzeko birkristaldu egiten da (blastesia) berriro oreka-egoera berreskuratzeko; horrela, arroka metamorfikoak eratzen dira. Arroka horiek, normalean, mineralogia edota egitura aldatzen dute, baina askotan osaera kimikoan ere aldaketak gerta daitezke (metasomatismoa).

Metamorfismoan eragina izango duten faktoreen artean, hauek aipa ditzakegu: 1) jatorrizko arrokaren (protolitoa) egitura eta osaera kimikoa; 2) sistemaren presio- eta tenperatura-kondizio berriak; 3) sisteman dauden fluidoak; 4) esfortzuen egoera.

Metamorfismoaren eremuko kondizio fisikoei buruz esan daiteke normalean lurrazaleko gainazalean eta gainazal horren azpiko diagenesi-zonetan dauden kondizio fisiko-kimikoetatik gora daudela (presio- eta tenperatura altuagoak). Beraz, metamorfismo kontzeptutik kanpo geratzen dira tenperatura baxuetan (T < 150 °C) gertatzen diren aldaketak, gainazaleko higadura- eta zementazio-zonetan jazotzen direnak eta baita sedimentu eta arroka sedimentarioei gertatzen zaizkien eraldaketa diagenetikoak ere. Diagenesia metamorfismoaren beheko mugatzat hartzen da. Goiko mugari dagokionez, arrokak fusio-puntura heltzeko adinako tenperatura lortzean, galdatzen hasiko dira; erabat urtuz gero, magmak sortuko dira, eta ondorengo solidotzean, arroka magmatiko edo igneoak. Galdatze-prozesua erabatekoa ez denean, arrokaren zati bat baino ez da urtzen, eta, ondorioz, arroka mistoak eratzen dira, migmatitak, alegia; zati bat metamorfikoa (urtu gabekoa) dute, eta beste bat galdatutako aldearen solidotzeaz eratua.

Prozesu askok eragin dezakete metamorfismoa, sedimentuen hondoratzetik hasi eta meteoritoen inpakturaino. Dena den, metamorfismoa batez ere plaken ertz eraginkorrekin erlazionaturik gertatzen da.

Metamorfismoa hainbat irizpideren arabera sailka daiteke, hona hemen adibide batzuk:

  • Metamorfismoak izan duen zabaleraren arabera, eskualdekoa edo lokala.

  • Metamorfismoa kontrolatzen duten faktore nagusien arabera: termikoa (tenperatura da nagusi), dinamikoa (presio gidatua edo desbideratze-esfortzuak dira nagusi) edo metamorfismo dinamotermikoa (tenperatura eta presio gidatua dira nagusi).

  • Sortu duen prozesu geologikoaren arabera: orogenikoa —mendikateen sorrerak eragindakoa—, buriala edo zama-metamorfismoa —arroka sedimentarioen hondoratze oso sakonak eragindakoa—, ozeanoen hondokoa —gandorretatik gertu dagoen beroak eta uren zirkulazioak eragindakoa—, dislokazio-metamorfismoa —faila eta zizaila-zonekin lotura duena—, ukitze-metamorfismoa —intrusio edo gorputz igneo batek eragindakoa—, inpaktu-metamorfismoa —meteorito baten talkak eragindakoa—, metamorfismo hidrotermala —H2O beroekin lotura duena—, eta garrantzi gutxiagoko beste batzuk.