meningitis

1. Med.

Meningeen hantura; hanturaren jatorria askotarikoa izan daiteke, baina mikroorganismoek eragindakoari esaten zaio, bereziki, meningitis.

<span style="font-style:italic">Neisseria meningitidis </span>diplokoko-bakterio gram-negatibo aerobioak; Mag. 1150X
Neisseria meningitidis diplokoko-bakterio gram-negatibo aerobioak; Mag. 1150X

1. Med.
Meningeen hantura; hanturaren jatorria askotarikoa izan daiteke, baina mikroorganismoek eragindakoari esaten zaio, bereziki, meningitis.

Meningitisa Edit

Egilea: Felix Zubia

MENINGITISA

Meningeak entzefaloa eta bizkarrezur-muina inguratzen dituzten mintzak dira; berez, esterilak dira, hau da, ez dute mikroorganismorik. Meningeen artean, likido zefalorrakideoa dago, barrera hematoentzefaliko deritzon egituraren bitartez, zirkulazio orokorretik bereizia. Mikroorganismo bat barrera hori gainditzeko gauza bada eta likido zefalorrakideora iristen bada, likido horretan ugalduko da, eta meningeen hantura sortu. Meningeetara iritsitakoan, mikroorganismoek entzefaloa kaltetu dezakete, eta lesio gogorrak sortu, baita heriotza eta ezgaitasun larriak eragin ere. Meningitisak entzefaloa kaltetzen badu, gaixoak meningo-entzefalitisa duela esaten da.

Haurren gaitza dela uste den arren, edozein adinetan ager daiteke meningitisa, ezaugarriak pittin bat aldatzen badira ere.

Etiologia edo sorburua

Meningitisa eragiten duten mikroorganismoen artean, ondorengo sailkapen hau egin dezakegu:

  • Birusak. Meningitisen % 80 inguru sortzen dituzte, baina gehienak onberak izaten direnez bere kasa sendatzen dira. Arriskutsuak izan daitezkeen meningitis-moten artean, herpesaren birusak eta barizelaren birusak eragindakoak daude.

  • Bakterioak. Meningitisen % 15-20ren sorburu dira, eta heriotza eta ondorio larrienak eragiten dituztenak. Garrantzitsuenak Streptococcus pneumoniae (pneumokoko izenez ezagutzen dena), Neisseria meningitidis (meningokoko), Listeria monocytogenes eta Haemophilus influenzae dira, besteak beste. Meningokokoaren barnean, hiru serotipo edo mota bereizten dira: A, B eta C serotipoak. Hemen, B motako meningokokoa da nagusia.

  • Bestelakoak. Onddoak bereziki. Aurrez immunitate-arazoak izan dituzten gaixoei eragiten diete.

grafikoak1

Neisseria meningitidis diplokoko-bakterio gram-negatibo aerobioak; Mag. 1150X (iturria: CDC -Centers for Disease Control and Prevention)

Fisiopatologia

Meningitisa eragiten duten mikroorganismo gehienek eztarrian sortzen dute lehenengo infekzioa. Eztarritik odolera pasatzen dira, eta immunitateak geldiarazten ez baditu, barrera hematoentzefalikoa zeharkatu, eta likido zefalorrakideora iristen dira. Likidoan berriz ugaldu ondoren, meningeei eragiten diete; hala sortzen da meningitisa. Behin meningitisa izan ondoren, mikroorganismoak entzefaloa kaltetzen du, baldin eta horretarako gaitasunik badu. Ordu gutxian, kalte handiak eragiten ditu. Hortaz, gaixotasun larria eta azkarra izan daiteke meningitisa, eta ordu gutxiren buruan heriotza eragin dezake.

grafikoak2

Haemophilus influenzae bakterio gram-nebatibo batek infektatutako garun baten azpialdea (iturria: CDC -Centers for Disease Control and Prevention)

Meningitisa bakterio batek eragin duenean, pneumokokoak eta meningokokoak bereziki, behin odolera pasatu denean gorputz guztira zabal daiteke. Hala bada, denbora oso gutxian organo ugari kaltetzen ditu: giltzurrunak, birikak, koagulazioa eta abar. Egoera horri shock septiko deritzo, eta hilkortasun handia dakar berekin. Meningitisarekin batera edo bera bakarrik ager daiteke.

Klinika

Meningitisak ondorengo sintoma hauek ditu:

  • Sukarra.

  • Buruko mina.

  • Botalarria.

  • Lepoko zurruntasuna.

  • Konorte-mailaren galera.

  • Shock septikoa badu, konorte-mailaren galeraz gain, larruazalean kolore moreko tanta batzuk agertu ohi dira; purpura izenez ezagutzen da.

Diagnostikoa

Diagnostikoa egiteko, sintomez gain, ziztada lunbar deritzon proba erabiltzen da. Proba horretan, orratz luze bat gerriko bi ornoren artetik sartu, eta likido zefalorrakideoa ateratzen da. Likido hori aztertuta lortzen da meningitisaren diagnostikoa:

  • Likidoa presio altuan irteten da, eta kasurik nabarmenenetan, zorne kolorea izan ohi du.

  • Likido zefalorrakideoak ez du berez leukozitorik izaten. Meningitisa izanez gero, aldiz, leukozitoak izugarri handitzen dira; neutrofiloak, bakterioen kasuan, eta linfozitoak, birusen kasuan.

  • Likidoa mikroskopioan aztertuz, bakterioak ikus daitezke, Gram tindaketa erabiliz. Eta horretaz gain, likidoa kultibatu eta bakterioak haz daitezke.

grafikoak3

Likido zefalorrakideo iluna

Tratamendua

Aurrez esan bezala, meningitis birikoa gaixotasun onbera da, eta ez du tratamendu berezirik behar, sintomen aurkako botikak bakarrik. Meningitisa herpesaren edo barizelaren birusek sortu dutenean, askoz ere larriagoa izan ohi da, eta antibiotiko bereziak erabiltzen dira.

Meningitis bakterianoa, aldiz, oso gaixotasun larria da, eta heriotza eragin dezake ordu gutxiren buruan. Larrialdi medikoa da beraz, eta susmatu bezain pronto hasi behar da antibiotikoekin, ziztada lunbarra egin eta gero. Antibiotikoei esker, duela urte gutxi arte hilgarria zen gaixotasuna senda daiteke gaur egun. Hala ere, heriotza eta ondorio larriak sortzen ditu oraindik meningitisak.

Prebentzioa

Meningitisa ekiditeko hainbat neurri hartu badira ere, oraindik ezin izan da erabat prebenitu, eta sarri samar agertzen da. Hauek dira meningitisari aurre egiteko bi neurri nagusiak:

  • Txertaketa. Meningitisa sortzen duten hainbat mikroorganismoren aurkako txertoak garatu dira, Haemophilus influenzae edo barizelaren aurkakoak, esaterako. Pneumokokoaren aurkako txertoa ere garatzen ari dira, baina oraindik ez ditu kasu guztiak eragozten. Gaur egun, A eta C motako meningokokoaren aurkako txertoak ditugu, baina ez B motakoaren aurkakorik.

  • Meningitis-kasu bat gertatzen denean, pertsona horrekin harreman hertsia izan dutenei antibiotikoa eman ohi zaie, meningitisa meningokokoak eragindakoa bada. Meningitisa gainontzeko mikroorganismoek eragin badute, aldiz, ez da antibiotikorik ematen.