medicamento

1. Med.
sin. medicina

Gizakietan zein animalietan gaixotasun bat sendatzeko, arintzeko, prebenitzeko edo diagnostikatzeko erabiltzen den edo erabil daitekeen substantzia sendagarria edo substantzia sendagarrien konbinazioa.

1. Med.
Gizakietan zein animalietan gaixotasun bat sendatzeko, arintzeko, prebenitzeko edo diagnostikatzeko erabiltzen den edo erabil daitekeen substantzia sendagarria edo substantzia sendagarrien konbinazioa.

Medikamentua Edit

Egilea: Koldo Callado

MEDIKAMENTUA

Medikamentu eta farmakoren arteko desberdintasunei buruz teoria asko daude. Nahiz eta batzuetan medikamenturen sinonimotzat hartu, farmakoa, berez, medikamentuaren printzipio aktiboa edo substantzia sendagarria da. Beraz, orokorrean, izakien prozesu biologikoak edo fisiologikoak eraldatzeko gai den edozein substantzia kimiko edo biologiko da farmakoa. Erabilpen terapeutikorik badu, farmakoari ere substantzia sendagarri deituko diogu ere. Euskaraz, botika eta sendagai hitzak medikamenturen sinonimo ditugu.

Farmakoak eta medikamentuak ikertzen dituen zientzia farmakologia dugu. Farmakologiaren barruan bi arlo nagusi bereizten dira: farmakozinetika eta farmakodinamika. Gaixoak hartu ondoren, medikamentuek zenbait prozesu fisiologiko izaten dituzte haren gorputzean (xurgapena, banaketa, metabolismoa eta kanporaketa). Farmakozinetikak organismoan egongo den farmakoaren kantitatea baldintzatzen duten prozesuen eta faktoreen ikerketa egiten du. Farmakodinamikak, berriz, farmakoen akzio-mekanismoak eta eraginak aztertzen ditu. Bestetik, farmakoterapiak eta farmakologia klinikoak medikamentuen erabilpen egokia eta arrazionala egitea ikertzen dute.

Medikamentuak haientzat espezifikoak diren zelula-kokalekuei lotu behar zaizkie, eragina izateko. Orokorrean, lau proteina-mota dira farmakoen lehen mailako jomugak, hala nola, entzimak, proteina garraiatzaileak, kanal ionikoak eta hartzaileak. Medikamentu baten eraginak bi motatakoak izan daitezke: terapeutikoak edo desiragaitzak. Farmako batek, terapeutikoki erabilgarria izateko, selektiboki eragin beharko du zelula edo ehun zehatzetan. Medikamentu baten eragin terapeutikoak gaixotasunak sendatzeko, arintzeko, prebenitzeko edo diagnostikatzeko erabiltzen dira. Eragin desiragaitzak, terapeutikoki erabilgarriak ez izateaz gain, deserosoak edota arriskutsuak izan daitezke pazientearen bizitzarako. Hala ere, medikamentu baten eragin berbera terapeutikoa edo desiragaitza izan daiteke, egoera klinikoaren arabera. Esaterako, medikamentu batek eragindako logura eragin terapeutikoa izan daiteke loezina tratatzeko, baina eragin desiragaitza bihur daiteke pazienteak kotxe bat gidatu behar badu.

Medikamentu bat eman edo hartu ahal izateko, era egoki batean prestatuta egon behar du, kapsula edo konprimitu gisa, adibidez. Prestakizun horiei forma galeniko edo farmazeutiko deritzegu. Medikamentu bera forma farmazeutiko desberdinetan ager daiteke: likidoak (jarabeak, soluzioak, kolirioak eta abar), solidoak (pilulak, grageak, kapsulak eta abar) edo erdisolidoak (pomadak, ukenduak, kremak eta abar). Forma farmazeutiko bakoitzak bere administrazio-bide, jarraibide, dosifikazioeta abar diferenteak ditu, ezagutu beharrekoak, bestalde. Forma farmazeutikoetan substantzia sendagarriaz edo farmakoaz gain, eszipienteak ere erabiliko dira. Farmakoari egonkortasun zein bioerabilgarritasun egokia emateko, hari gehitzen zaion edozein substantzia inerte da eszipientea.

Farmazietan salgai dauden medikamentuak, bi izenekin datoz:

  • Izen generikoa: osagai kimikoarena berarena (farmakoa, alegia). Adibidez, "Fluoxetina".

  • Izen komertziala: saltzeko erabiltzen dena, komertzialki erregistratuta dagoena. Aurreko adibidean, "Prozac".

Beraz, izen generiko berbera duten izen komertzial anitzeko medikamentuak topa ditzakegu.

Gaur egun medikamentua tresna terapeutiko garrantzitsua izateaz gain, ondasun ekonomikoa eragiten duen kontsumorako objektu bilakatu da. Hori dela eta, medikamentuak orokorrean industria farmazeutikoak garatutako eta ekoiztutako produktuak dira. Horren ondorioz, medikamentu berriak patentatu egiten dira eta 10-20 urtetan zehar industria berak lizentzia izango du esklusiboki saltzeko medikamentu hori. Patente-epea bukatzen denean, beste edozein industriak medikamentu berbera saltzeko aukera du. Medikamentu horiek medikamentu generikoak dira, izen komertzialik gabe eta izen generikoa soilik erabiliz saltzen diren espezialitate farmazeutikoak, hain zuzen.

Medikamentuak farmazietan soilik salduko dira. Komertzialki saltzen diren medikamentuak espezialitate farmazeutikoak deitzen dira.

Beraz, espezialitate farmazeutiko bat zera da: izakiengan terapeutikoki erabiltzeko prest dagoen eta konposizioa, forma farmazeutikoa eta dosifikazioa zehatzak dituen medikamentua. Horrez gain, estatuaren administrazioak onartuta egon behar du, eta hark erabakitako izena, informazioa, etiketa eta paketatze egokiak izan behar ditu.

Medikamentu batzuk erosteko, mediku batek errezeta medikoaren bidez egindako preskripzioa ezinbestekoa izango da. Beste mota bateko medikamentuak, aldiz, preskripzio medikorik gabe eros daitezke. Azken horien artean, espezialitate farmakologiko publizitarioak (EFP) ditugu. EFPak komunikabideetan iragar daitezken medikamentu bakarrak dira.