luna
- 1. Astron.
- 1. Astron.
- Lurraren satelite natural bakarra (testuinguru batzuetan maiuskulaz idazten da); Lurretik ikusita delako sateliteak hartzen duen forma.
Ilargia Edit
Egilea: Jon Legarreta
Ilargia Lurraren satelite bakarra da. Lurra baino 3,7 bider txikiagoa da (1.738 km-ko erradioa du) eta 81,3 bider masa txikiagoa dauka. Hori dela eta, Ilargiaren gainazalean dagoen grabitate-indarra Lurrekoa baino 6 bider txikiagoa da, eta, beraz, Ilargian gure pisua 6 bider txikiagoa da. Ilargiak Lurraren inguruan bira bat emateko behar duen denbora eta bere ardatzaren inguruan bira emateko behar duena berdinak dira: 27 egun, 7 ordu eta 43 minutu. Horrexegatik, Ilargiak beti alde bera erakusten dio Lurrari, grabitate-gradiente efektuari esker. Efektu horrek, Lurraren eta Ilargiaren arteko grabitate-indarraren ondorioz, deformazioak sortzen ditu Lurrean (itsasgorak eta itsasbeherak) eta Ilargian. Itsasoaren mugimendu horiek Lurraren errotazioa moteltzen dute, eta, hori konpentsatzeko, Ilargia urrundu egiten da (38 mm urtean). Lurrak 24 ordu ematen ditu bira bat egiten, eta Ilargiak, denbora horretan bere orbitaren 1/28 betetzen duenez, egunean 51 minutu atzeratzen du bere irteera.
Ilargiaren gainazalean, itsasoak eta karterrak oso ugariak dira (iturria: NASA)
Ilargiaren atmosfera oso ahula da, grabitate baxuagatik ezin baitie gas-partikulei bere gainazalean eutsi. Badirudi helio- eta argon-atomoak daudela, oso kantitate txikian, eta baita sodio- eta potasio-ioiak ere, denak Ilargiaren barnetik askatuak. Ilargiaren gainazalean ez dago airerik —beraz, ezta haizerik ere—, eta, ondorioz, soinua ez da transmititzen.
Ilargiaren jatorria Lurrarekin lotuta dago, Ilargiaren konposizioa eta Lurraren gainazalarena berdinak baitira. Hala ere, Ilargiaren tamaina handiagatik, ezinezkoa da Lurrak grabitatearen laguntzaz Ilargia harrapatzea; ezinezkoa da, halaber, Lurrarekin batera sortua izatea. Gaur egun onartzen den azalpenaren arabera, Lurrak beste protoplaneta batekin izandako izugarrizko talkaren ondorioz sortu zen Ilargia, eguzki-sistemaren gaztaroan. Teoria horrek azaltzen du, orobat, Lurrak errotazio-ardatzean duen makurdura. Talka horren ondorioz, Lurraren gainazaletik hondar asko jaulki zen espaziora. Denborarekin, hondar horiek harrizko eraztun bat sortu zuten Lurraren inguruan, eta harri horiek elkartzean Ilargia eratu zen. Sortu eta gero, orain dela 4.000 milioi urte, Ilargiak eta eguzki-sistemako barneko planetek (Merkuriok, adibidez) asteroide handien talkak jasan izan behar zituzten. Hori da Ilargiak krater-itxura izatearen arrazoia.