laminación

1. Teknol.
sin. laminado

Altzairuzko edo burdinurtuzko arrabolen artean iraganaraziz, metalezko masa bati xafla-forma emateko prozesua. Arrabolak kontrako noranzkoan biratzen dira, eta materiala bien arteko tartean zapaldurik gertatzen da.

1. Teknol.
Altzairuzko edo burdinurtuzko arrabolen artean iraganaraziz, metalezko masa bati xafla-forma emateko prozesua. Arrabolak kontrako noranzkoan biratzen dira, eta materiala bien arteko tartean zapaldurik gertatzen da.

Ijezketa Edit

Egilea: Jose Maria Rodriguez Ibabe

IJEZKETA

Metalak, urtu eta isurketa edota beste prozesuren bat jasan ondoren, totxo ala zati handi gisa agertzen dira. Zati horiek ez dira erabilgarriak, bere forma eta batez ere bere propietateak egokiak ez direlako. Horregatik, metalezko totxo horiei forma, dimentsio eta propietate egokiak emateko, zenbait konformazio-prozesu edota tratamendu aplikatu behar zaizkie. Konformazio-prozesuen artean, garrantzitsuena ijezketa da.

Ijezketan, zuzeneko konpresioaren bidez, indarra metalezko zatiaren gainazalean aplikatzen da, eta metalaren isurpena konpresio-norabidearekiko elkarzut diren norabideetan izaten da. Indarra arrabolen bidez aplikatzen da; horien forma eta geometria desberdinak izaten dira lortu nahi den produktuaren arabera.

Metalek plastikoki deformatzeko duten ahalmena tenperaturaren menpekoa denez, ijezketa bi talde nagusitan banatzen da: berokoa eta hotzekoa. Beroko ijezketan, metala deformatu aurretik berotzen da 0,8-0,9 Tu tenperaturaraino heldu arte (non Tu aleazioaren urtze-tenperatura K-etan adierazten den), eta ijezketa osoan tenperatura 0,6 Tu baino altuago mantentzen da.

Hotzeko ijezketa, normalean, giro-tenperaturan egiten da. Dena den, metalak plastikoki deformatzeko eragiten den lanaren zati handiena (% 95) bero gisa askatzen denez, tenperatura nabarmenki igo daiteke prozesuan zehar. Horregatik, tenperaturaren igoera hori jaisteko, zenbait likido hoztaile erabiltzen da.

Beroko ijezketan, materialek elastikotasun-muga baxuak eta harikortasun-balio altuak izaten dituzte batera, eta propietate horien konbinazioak ahalbidetzen du deformazio handiak gertatzea pitzadurak agertzeko arriskurik gabe eta prozesuan erabilitako energia handiegia izan gabe. Bi arrazoi horiek direla medio, beroko ijezketa lehenengo pausoa izaten da aleazio eta metal gehienen konformazio mekanikoan.

Bestalde, tenperatura altuei esker, difusio-prozesuak nahikoa azkarrak izaten dira, eta isurketa-prozesuaren ondorioz sortu diren ez-homogeneotasun kimikoak txikiagotzen laguntzen dute. Horrez gain, beroko konformazioarekin, solidotzean sortutako porositatea ken daiteke, prozesuan zehar zulo txiki horiek ixten direlako. Gainera, isurketan garatutako zutabe-erako egitura larria ere desagertu egiten da prozesu horietan, egitura larri hori puskatzean birkristaldutako ale finagoak sortzen baitira.

Beroko konformazioak, ordea, badu zenbait desabantaila. Horien artean, hauexek aipa daitezke:

  • Tenperatura altuak direla medio, metalen azalaren eta labeko atmosferaren artean erreakzioak gertatzen dira. Beroko konformazioa airean egiten denez, azala oxidatu egiten da, eta, ondorioz, metal-galerak gerta daitezke.

  • Oxidazioagatik eta deskarburazioagatik, produktuen azaleko kalitatea eta dimentsioen perdoiak ez dira hotzeko ijezketarekin lortutakoak bezain onak.

Hotzeko ijezketan, deformazioaren ondorioz, metalen erresistentzia eta gogortasuna handiagotu egiten dira, eta horien harikortasuna, berriz, txikiagotu. Hotzean aplikatzen den deformazioa handiegia denean, metalaren haustura gertatzen da nahi den forma eta geometria lortu baino lehen. Arrisku hori dela eta, normalean, hotzeko ijezketaren ondorioz, tratamendu termikoak (suberaketak) aplikatzen zaizkie metalei, bigunagoak eta harikorragoak egitearren.

Ijezketaren bidez, produktu erdilanduak eta landuak ekoizten dira. Lehenengo taldean, produktu karratuak, angeluzuzenak, lauak eta soldadurarik gabeko hodiak egitekoak sartzen dira. Bukatutako produktuen artean, berriz, hauek aipa daitezke: profilgintzan erabiltzen diren formak, barrak, alanbre-gaiak, errailak, bobinak, xafla lodiak, txapak, tutuak, hagunak, gurpilak…