karst

1. Geol.

Kareharrietan, igeltsuetan edo bestelako arroka batzuetan disoluzioz eratutako topografia-mota berezia. Ezaugarri nabarmenak dolinak, leizeak eta lurpeko drainatzea dira. Dolina beheko arrokaren disoluzioaz eratutako eta terra rossaz betetako zokogunea da. Biribiltsuak edo luzangak izan daitezke; batzuetan inbutu itxura izaten dute, eta beste batzuetan behealde laua. Metro gutxi batzuetatik kilometro batzuetarainoko zabalera izan dezakete. Iturburu karstikoa da ura, kareharrien gainazaletik iragaziz barneratu eta zenbait metro edo kilometroko bidea egin ondoren, kanporatzen den kobazulo edo leizea. Lapiaz edo lenarra, berriz, uraren disoluzioz zentimetro batzuetatik zenbait metrotarainoko luzera izan dezaketen ildaskez osatutako gainazala. Poljea, eskualde batean garatutako azpialde laua duen zokogune itxia. Lurpeko drainatzea izan ohi dute eta normalean alubioiek estaltzen dituzte. Zenbait kilometrotako luzera izan dezakete eta prezipitazio handien ondoren, ur guztia sarbegietatik sartzea ezinezkoa denean, laku txikiak ager daitezke. Ponorra, poljeetan garatutako sarzuloa. Sarbegia, azaleko edozein ur-jario desagertu eta zuzenean egitura karstikoan barrena sartzen den zuloa. Sifoia, sabaia ur-mailaren azpitik geratzen den kobazulo bati lotutako ur-pasabidea. Uvala, bi dolina edo gehiago elkartzen direnean sortzen den zokogunea.