invertebrado

1. Zool.
Ornoduna ez den animalia.

Ornogabeak Edit

Egilea: Kepa Altonaga

ORNOGABEAK

Bizkarrezurrik gabeko edozein animalia da ornogabea, hau da, Vertebrata klasekoa ez dena.

Ornogabe terminoak bere buruaren definizio argi eta tautologikoa darama aldean, ornorik eza adieraziz. Horrelako definizioa, ezaugarri espezifikoren baten presentzian barik bere absentzian oinarritu dena, ez da arrunta, eta ezaugarri hori badueneko kanon edo eredu estandarrarekiko desbideraketa inplikatzen du. Alegia, kanonik edo eredurik ez balego, definizio horrek ez luke apenas zentzurik edukiko.

Horrela, Lamarckek lehendabizikoz “ornogabeak” “ornodunetatik” banandu zituenean (bere Système des Animaux sans Vertèbres lanean, 1801ean), inplikazio bat zegoen: ornoaren presentzia animalietarako araua zela. Inplikazio hori Lamarcken teoria ebolutiboaren ondorioa dateke, zeinean goi-mailetako formetaranzko progresioa onartu baitzuen, goi-forma horien ordezkari doituenak ornodunak eta gizakia zirelarik. Nolanahi, geroago norma bilakatu zen inplikazio hori.

Alabaina, bizkarrezurra duten animaliak, hau da, kanon modura hartu direnak, denetara 45.000 espezie inguru dira, hau da, deskribaturiko animalia guztien % 5a baino gutxiago. Modu berean, joko bagenu filum kontzeptuak —duen esangura taxonomikoaz landa— islatzen duen oinarrizko gorputz-diseinuaren ideiara, animalia ornodunak Chordata filumeko Vertebrata subfilumekoak direla ikusiko genuke, eta bai ere ornogabeak direla gainerako kordatuak. Hau da, Chordata filum horrek hiru subfilum biltzen ditu, eta eurotariko subfilum bi (Urochordata eta Cephalochordata) animalia ornogabe-dunak dira, eta, ostera, subfilum bat (Vertebrata edo Craniata) animalia ornodun-duna. Hala izanik ere, badaude hiru taldeon arteko funtsezko kidetasunak, filum berean sailkatuak izateko bestekoak. Areago, deskribaturiko gainerako hogeita hamarretik gora filumak ere animalia ornogabe-dunak dira. Hortaz, ezin da esan oinarrizko bereizketa biologikorik dagoenik ornodun eta ornogabeen artean.

Beraz, ornodun/ornogabe sailkapen dikotomikoa ezin da naturaltzat jo, ez du-eta inolako oinarririk naturaren baitan. Halaber, neurri batean tronpagarri gerta daiteke, zeren benetan ez dagoen simetriaren edo antonimiaren iradokizun subliminala baitarama. Edozelan izanik ere, arrazoi nagusi birengatik segitzen du ornodun/ornogabe bereizketak zoologiaren arloan. Lehenik, Lamarckek eraturiko hurbilketa-metodoa behin ezarri eta gero gaitza da saihesteko. Bigarrena, eta eraginkorragoa seguruenik, guk geuk bizkarrezurra edukitzeagatik, animalia ornodunek beraien kategoria taxonomikoari legokiokeena baino arreta handiagoa merezi duten sentimenduan datza.

Izatez, eraniztasuna da araua animalien artean. Berauen antolakuntza-ereduaren analisi konparatuak, arestian aipatu denez, hogeita hamarretik gora diseinu desberdin bereizi ditu, konplexutasun-maila oso desberdinetakoak eta elkarren arteko kidetasun ebolutibo gehiago edo gutxiagokoak, baina horien guztien artean bizkarrezurra salbuespen modura agertu da, soil-soilik. Ondokoak dira normalean onarturiko diseinu desberdinetako animaliak, zer esanik ez, orno bakoak direnak: plakozooak (1 espezie), monoblastozooak (1 espezie), poriferoak (belakiak, 5.500 espezie), knidarioak (10.000), ktenoforoak (100), mesozooak (erronbozooak eta ortonektidoak; 90), platihelminteak (zizare lauak, 20.000), nemertinoak (900), gnatostomulidoak (80), gastrotrikoak (450), errotiferoak (1.800), kinorrinkoak (150), akantozefaloak (700), ziklioforoak (1), entoproktoak (150), loriziferoak (10), nematodoak (25.000), nematomorfoak (230), ektoproktoak (4.500), foronidoak (20), brakiopodoak (335), moluskuak (93.194), priapulidoak (16), sipunkulidoak (320), ekiuridoak (135), anelidoak (16.500), tardigradoak (600), onikoforoak (110), artropodoak (1.097.631: kelizeriformeak, 70.000; krustazeoak, 68.171; intsektu edo hexapodoak, 948.000; miriapodoak, 11.460), pogonoforoak, ekinodermatuak (7.000), ketognatuak (100), hemikordatuak (85) eta kordatuak (49.693; berauen artean normalean hiru subfilum kontsideratzen dira, urokordatuak, 3.000 espezie, zefalokordatuak, 23, eta ornodunak, 46.670 espezie).